Istorioak lo hartzeko kontatzen dizkigute txikitan, gaztetan bizi egin nahi izaten ditugu, helduaroan ahal duguna egiten dugu eta zahartzean guri gertatutako guztiak kontatzen ditugu. Bizitza bera ere kontakizun bat baita.
Istorioak zabaltzeko modu eder bat telesailak dira. Baina ia gustuak munduan bezainbeste serie daude gure esku, eta denak ezberdinak. Adibidez, errealitatea konta dezakete Veneno edo Altsasu bezalakoek, edo fikziozko kontzeptu batekin Sense8 bezalako zerbait eratu. Baita bien arteko nahasketa bat ere, errealitateko zati ezberdinak hartu litezke fikziozko istorio bat sortzeko, The Handmaid’s Tale da honen adibide.
Istoriek emozioak eta mezuak transmititzeko ere balio dute. Tristea izan liteke It’s A Sin, edo barregarria What We Do In The Shadows, bestela erabat arraroa eta ulertezina den Happy egin daiteke, motela ere izan liteke We Are Who We Are bezalaxe. Horrez gain, kapitulu bakoitzean zerbait berria kontatzen duten telesailak ere badaude, Love, Death and Robots. Bestela, munduko istorioen botereaz eta garrantziaz hitz egiten duen telesail bat ere bada, American Gods.
Noski, testu honetan aipatutako guztiak gomendatzen ditut, baina bada benetan azpimarratu nahiko nukeen telesail bat, aurreko kategoria ia guztietan sartzen dena. Sexu kontsentimentuari buruzko istorio gogor baten kontakizun pentsarazle bat da. Zuzendari, gidoilari eta aktore den Michaela Coel artista talentudunak bere bizitzan oinarritutako telesail bat sortu zuen: I may destroy you. Izenburuak dioen bezala suntsitu egingo zaitu, baina pentsatu dezakezun modurik ederrenean.