Amaia Olano Arregi (Altzaga, 1997) txikitatik ibili izan da marrazten, baina azken bolada honetan ilustrazio digitalera bideratu du bere zaletasuna. Duela urtebete Instagram kontu bat irekitzeko erabakia hartu zuen eta gaur egun bere marrazkiak saltzen ditu bertan.
Noiz erabaki zenuen proiektu honekin serioski hastea?
Txikitatik ibili izan naiz marrazten. Hobby batekin hasten zarenean ez duzu inoiz proiektu hori noraino heldu daitekeen jakiterik, eta nire kasuan ere halaxe izan zen. Nire lehenengo lana ilustrazioetan oinarritutako ipuin bat izan zen, ikastetxe batean nenbilen praktikak egiten eta bertako irakasleek nire ipuina ikusi zutenean, pare bat eskari egin zizkidaten. Hori ikusita, Instagram kontua irekitzea erabaki nuen eta nire lanak horra igotzen hasi nintzen.
Zein da ilustrazioetarako erabiltzen duzun teknika?
Ilustrazio digitala da erabiltzen dudan teknika, izan ere tabletarekin egiten ditut marrazki guztiak, Procreate aplikazioarekin. Marrazkiak digitalki egiten ditudan arren, guztia eskuz marrazten dut, eta azkenean ilustrazio bakoitza egiteko hiruzpalau egun behar izaten ditut normalean. Lana bukatutzat eman aurretik, pare bat egunez geldirik uzten dut ilustrazio bakoitza, azkenean hainbeste ordu horretan igaro ostean ikuspuntua galdu egiten delako. Uste dut beharrezkoa dela lana denbora bat geldirik pasatakoan berriz ere hartzea kanpotik nola ikusten den jakiteko, eta beharrezkoa den kasuetan azken aldaketak egiteko.
Eskari asko jasotzen al duzu?
Eskariak asko aldatzen dira astetik astera. Batzuetan ezinean ibiltzen naiz astean 6-8 ilustrazio egin beharra izaten ditudalako, beste batzuetan 1 edo 2 izaten ditut soilik, eta badaude eskaririk gabeko asteak ere. Niretzat garrantzitsuena prozesu guztian zehar erosleari informazioa ematea da: noiz hasten naizen marrazten, nola doan, aldaketarik behar duen… Ahalik eta gertukoena izaten saiatzen naiz.
Nola eros daitezke zure ilustrazioak?
@itsmeoln da nire Instagram kontua. Oraingoz horra igotzen ditut nire lan guztiak eta jendeak hortik egin ditzake eskariak, niri mezu bat idatzita.
Amaitzeko, zerbait gehitu nahi al duzu?
Niregan konfiantza izan duten guztiei eskerrak eman nahi diet. Oso polita da jendeari egiten duzun lana gustatzen zaiola ikustea, eta ibilbide honetan eskariak egiten dizkidan jende horri bere babesa eskertu nahiko nioke, jasotzen dudan mezu bakoitzak lanean jarraitzeko bultzadatxoa ematen didalako.