Iñigo Perez ‘Urrechu’ (Urretxu, 1970) Estatu espainiarreko sukaldari ezagunenetako bat da. Hainbat jatetxe ditu eta Zalacain hartzeko eskaintza egin du, Madrilgo jatetxe ospetsuenetako bat. 1973an ireki zuten eta hiru Michelin izar lortu zituen Estatuko lehen jatetxea izan zen. Koronabirusak eragindako krisiarengatik itxi egin zuten.
Nolatan sukaldaritzarekiko halako zaletasuna?
50 urte ditut. 1970ean jaio nintzen. Garai hartan, ez zegoen bideo-jokorik, ordenagailurik… Neguan non jolasten genuen? Aita eta ama zeuden tokian. Sukaldean, alegia. Euskal Herrian sukaldean elkartu izan gara beti. ‘Antonio, pasa iezadazu gatza’, ‘Maria Anjeles, tori albondiga hau’» entzuten hazi nintzen. Zirimiria bezala izan zen. Beraiei ikusiz eta entzunez sukaldaritza maitatzen ikasi nuen. Sukaldean asko gozatzen zutela ikusi nuen, asko ikasi nuen… Aitaren arrain zopa berdintzea ez dut lortu oraindik.
Zure hurrengo maisua Martin Berasategi izan zen.
Sukaldari bat bere bizipen guztien emaitza da: familia, bidaiak, ikasketak, lagunak… Sukaldari bat, gainontzeko guztiak bezala, guztiaren gainetik, pertsona bat da. Martin Berasategi maisu eta lagunarengana heldu aurretik, beste maisu batzuk izan nituen. Beste horiek ere bizitza maitatzen eta pertsona ona izaten lagundu zidaten: ama (irakaslea izan zen, gainera), La Salle-Legazpiko Don Gonzalo, institutuko Antonio Ayllon eta Maritxu Ugalde… Ayllonekin duela gutxi egon nintzen eta eskerrak eman nizkion, berari esker artea eta historia asko gustatzen baitzaizkit. Eta Ugalde zoragarria zen. Jatetxera bisitan etortzen zitzaidan.
Horien guztien eskuetatik pasa ondoren heldu zinen hortaz Berasategirengana .
17 urterekin heldu nintzen bere jatetxera eta ordutik ez dugu inoiz gure harremana galdu. Izan ere, Martin izugarria da. Pertsona zintzoa da eta sukaldari bezala, izugarria. Berak bizitza, sukaldaritza eta elikagaiak maitatzen eta ekoizlea errespetatzen irakatsi zidan. Martintxo ez da sukaldaritza munduan izan dudan maisu bakarra, baina nigan benetako arrastoa utzi duen sukaldari bakarra da.
Martin Berasategiren jatetxetik irten ondoren, jatetxeak irekitzen hasi zinen eta dagoeneko zure jatetxeen kontua galduko zenuen.
Kar-kar! Madrilen hiru ditut zabalik: Urrechu, Urrechu Velazquez eta A’Kangas by Urrechu. El cielo de Urrechu eta Marbellakoa itxita ditut, koronabirusari aurre egiteko neurriak bete zain. Aurki irekiko ditut. Horretaz gain, Zalacain eta In Zalacain jatetxeak hartzeko eskaintza egin dut.
Zalacain hiru Michelin izar lortu zituen Estatu espainiarreko lehen jatetxea izan zen.
Zalacainek Espainiako gastronomiako historian toki garrantzitsua du eta bere ospea berreskuratu nahi dut. Bere esentzia eta glamourra berreskuratu nahi ditut.
Sukaldari eta enpresari bikaina izateaz gain, primerako telebista aurkezlea zara.
Kar-kar! Esan bezala, nire ama irakaslea izan zen. Asko irakurtzen dut, egunero pixka bat, eta horri esker hitz jarioa dut. Hala, kamera baten aurrean ez naiz sekula lotsatu. Amparo jatetxeko sukalde burua nintzenean, jatetxe ezberdinetako sukalde buruek egiten genituen bileretan ez nintzen lotsatzen. Besteak zaharragoak ziren eta gorbatarekin joaten ziren. Ni gazteagoa nintzen, kamisetarekin joaten nintzen eta ez nintzen isiltzen. Grazia egin zien eta telebistek sukaldari baten iritzia behar zutenean niri deitzen zidaten.
Zure lehen saioa Canal Cocina katean izan zen.
Katea sortu zutenean, elkarrizketa baterako deitu zidaten. Ciudad de la Imagen delakoan zen. Heldu nintzenean, Jesus Puenteren Lo que necesitas es amor saioko karabana ikusi nuen. Ezkondu berria nintzen eta emazteak saio horretara deitu zuela pentsatu zuen. Ihes egitekotan egon nintzen. Zorionez, ez nuen alde egin. Ez zen segada bat eta postua lortu nuen. «Barazkiak mozten ari bazina bezala egin ezazu, mesedez», esan zidaten. «Sukaldaritza saio bat egin behar badugu, zergatik ez dago barazkirik?», erantzun nien. Denok barrez hasi ginen eta ordutik ez dut telebista utzi.
Kirola egitea asko gustatzen zaizu.
36 urterekin, burusoila, lodia eta erretzailea nintzela jabetu nintzen. Ez nengoen nire buruarekin gustura, eta ez nintzen eredugarria nire familiarentzat. Hala, kirola egiten hasi nintzen. Ordutik, munduko maratoi garrantzitsuenak, Iron Man batzuk eta distantzia luzeko lasterketak egin ditut.
Bukatzeko, zure jatetxetik Estatu espainiarreko ia ospetsu guztiak pasa dira. Oraintxe bertan, Andres Iniesta futbolari ohiaren zain zaude.
Nire jatetxeetako ateak irekitzen ditudanean nire etxeko atea irekitzen ari naiz. Familiak eta lagunek irakatsi didatena eta aitaren eta amaren herrietan ikasi dudana egiten saiatzen naiz, atsegina izaten. Bezeroak beti gustura ateratzea da nire helburua eta horri esker behin eta berriro etortzen dira. Hemen Cristiano Ronaldo, Espainiako erregea, Jokin Aperribai Realeko lehendakaria, Arkonada, Usain Bolt, aktoreak, politikariak, kazetariak… egon dira. Behin, mahai batean Alejandro Sanz, Shakira, Paulina Rubio eta David Bisbal egon ziren. A ze Grammy pila nire etxean!