Juanjo Gozalok (Beasain, 1963) urrian hartu zuen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidentea izatearen ardura. Loraldi betean hartu zuen kargua, baina bizikletaren inguruko kultura sortzen jarraitzeko lan asko dute egiteko. Kirol esparrutik harago begiratu behar dela dio, eta txirrindularitza zabaldu.
Gipuzkoako txirrindularitza sasoiko dago?
Oso harrobi polita dator. Jubenil dezente daude 23 urtez azpikoen mailara igarotzeko. Asko eta onak. Kadeteetan, berriz, tropel txikiagoa dugu. Oso berezia da hori, inoiz ez baita gertatu kadete gutxiago egotea juniorrak baino. Pandemiagatik da, gazte mailetan iaz ez zelako ezer lehiatu eta motibazioa galdu dute neska- mutil batzuek.
Eta Goierrikoa?
Goierri beti izan da eskualde oso-oso txirrinduzalea. Klub asko ditugu, jende asko batzen dituztenak eta urte askokoak. Goierri eskualde txirrindularia da, dudarik gabe. Horrek eragiten du harrobi oso polita izatea. Pentsa, World Tourrean, maila gorenean, hiru goierritar ditugu: Ion eta Gorka Izagirre anaiak eta Alex Aranburu. Beste batzuk ere badaude, Gari Bravo, esaterako. Eta atzetik ere badatoz.
Eta antolakuntza aldetik nola ikusten duzu egoera? Lasterketak badaude?
Geroz eta gehiago daudela esango nuke. Adibide bezala, Beasainen Espainiako Kopako lasterketa bat egingo da aurten. Lasterketa berria da, beste bat. Gehitu egin dugu. Denera, lasterketa dezente antolatzen dira eta egutegi luzea dugu. Egia da azken urtean proba batzuk bertan behera gelditu direla, pandemia dela eta ez dela. Baina ez dira bertan behera gelditu antolatzaile faltagatik edo arazo ekonomikoengatik.
Antolaketa lanetarako jende nahikoa dago?
Gazte jendea animatu beharra dago. Baina pentsatu beharrean gaude ea jende gazteari zergatik ez zaion erakargarria egiten. Autokritika egin beharra dugu. Jende pila bat dabil pedalei eragiten gure inguruan, baina antolaketa lanetara erakartzeko zailtasunak ditugu. Nik uste, txirrindularitza irekiagoa egin behar dugula, modalitate gehiagokoa.
Gainera, federazioaren ikuspuntutik, interesgarria da ahalik eta jende gehien erakartzea, modalitate askokoak. Ez soilik laguntzeko, denen kezkak eta beharrak ezagutzeko eta zerbitzu osatuagoa eskaintzeko baizik.
Baina lasterketetatik kanpo jende asko dabil bizikletan?
Zikloturismoan fitxa kopurua gora doa. Txirrindularitza modan dago, puri-purian. Eta arlo gutzietan: errepidean, mendian, jaitsieran… Eta ez soilik kirol modalitate modura, garraio jasangarri modura ere geroz eta gehiagok hautatzen dute bizikleta.
Eta emakumeak? Animatzen al dira?
Federaziotik txirrindularitzaren garapena genero ikuspegitik lantzen ari gara. Guretzako oso garrantzitsua da. Helburua geroz eta emakume gehiago txirrindularitzara hurbiltzea da. Zenbait eragilerekin, Bizikumerekin esaterako, harreman zuzena dugu hori lortzeko.
Txirrindularitza pandemiak hauspotu duen moda da?
Pandemiak eragina izan du, baina joera lehenagotik dator. Txirrindularitzarako zaletasuna ez da berria gure artean.
Hasiberriei zer esango zenieke?
Segurtasunez ibiltzeko: kaskoa erabiltzeko, zirkulazio araudiak errespetatzeko, gauden egoeran egonda osasun araudiak betetzeko… Eta gozatzeko.
Jarraikortasuna izango du?
Federazioak Gipuzkoa Txirrindularitza 2030 plan estrategiko bat martxan du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta beste eragile batzuekin batera. Ikusten dugu honek gehiagora egingo duela, eta guri dagokigu testuingurua prestatzea. Horretarako, lurraldean zer nolako txirrindularitza nahi dugun hausnartzen ari gara.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Txirrindularitzak urte gutxian sekulako aurrerapausoak eman ditu teknologia aldetik. Teknifikazio aldetik ere nabarmen egin du hobera. Baina egituraketa zaharkituak gelditzen ari da. Horregatik, aurrean dugun erronka nagusiena da pentsatzea zer nolako txirrindularitza nahi dugun datozen hamar edo hamabost urteetan. Baina ikuspuntu desberdinetatik egin behar dugu lanketa da hori: ez zaio soilik kirol eta lehia arloari begiratu behar, ingurumenari, garraio jasangarriari, aisialdiko eskaintzari… ere begiratu behar zaio. Adibidez, bidegorriak egin eta egin ari gara, baina planifikaziorik badago?
Eta integrazioari ere begiratu behar zaio. Bizikleta integraziorako tresna ezin hobea izan daiteke. Emakumeez gain, adineko jendea eta gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskuan dagoen jendea ere erakarri behar dugu. Gauzak egiten ari gara. Baina planifikazio bat behar dugu, denak batera joateko.
Gaiaren inguruan gehiago:
Tropela sasoiko dago, erreleboan dago koska