Goierriko txirrindularitza klubetako ordezkariak bat datoz zaletasun handia dagoela esaterakoan. Harrobia mardula eta oparoa da, baina antolaketa lanetan jende falta dagoela nabarmendu dute.
Goierriko txirrindulariek uzta oparoa lortu dute amaitu berri den Euskal Herriko 60. Itzulian. Alex Aranburu ezkiotarrak eta Ion Izagirre ormaiztegiarrak etapa bana lortu dute. Baina loriak, gurpileko balbulak bezala, azkar egiten du goitik behera, ia zoruaren pareraino. Harrobia landu beharra dago emaria lehortu ez dadin.
Gazte mailatan lehiatzen aritzen diren Goierriko taldeetako ordezkariak gustura daude aurtengo tropelarekin. Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz klubean, esaterako, eskola-mailako 50 bat haur dituztela esan du Iñaki Telleria arduradunak. «Zenbaki polita da», aitortu du. Gainera, azken urteetan hazten ari den kopurua da. Urretxuko Goierri Kirol Elkartean ere azken urteetako kopururik handiena dute maila guztiak kontuan hartuta: 33; Beasaingo Loinaz Txirrindulari Taldeko Iñaki Telleria presidentea ez da horren baikorra: «Orain dela bost edo sei urte mutiko gehiago zeuden. Oraindik hasten dira txirrindularitzan, baino gutxiago. Eta hori Goierri mailan nahiko ondo ikusten dudala egoera. Gipuzkoako beste talde batzuk bi edo hiru txirrindularirekin dabiltza». Loinazek kadete mailako taldea izaten du eta aurten hamalauk osatzen dute, iazkoaren ia bikoitzek.
Zaletasuna eta bide egokiak
«Zaletasuna». Arduradun denek bat egiten dute oparotasunaren arrazoiei buruz galdetuta. «Goierrin afizio handia dago betidanik. Sona handiko klubak ditugu, eta jendea erakartzeko erraztasun gehiago ditugu», azaldu du Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko Telleriak. Goierriko harrobitik garaipen handiak lortutako txirrindulari ugari atera dira bata bestearen atzetik; erreferenteak izanda, gaztetxo asko animatzen dira pedalei eragitera; asko direnez eta klubek profesionaltasun handiz hezten dituztenez, batzuk gorenera iristea lortzen dute; eta berriz ere gurpila gora igotzen da eta zikloa berriz hasten da. «Azken urteetan gure bi txirrindulari Espainiako selekzioarekin aritu dira. Goierri bezalako klub batentzat gauza handia da hori», azpimarratu du Goierri Kirol Elkarteko Aitor Chico arduradunak. Eta gorenera iristen ez direnen artean geroz eta gehiagok jarraitzen dutela ere esan du Chicok, gustura aritzen diren seinale. Urretxun 30, 40 eta 50 urteetako masterrak dituzte, esaterako. Horiek lehiarako harra mantentzen duten afizionatuei bideratutako lasterketetan parte hartzen dute.
«Eta errepideak» , gehitu du Loinaz elkarteko Telleriak. «Errepide lasai asko ditugu, trafiko askorik gabeak eta politak. Praktika eta entrenamenduak errazten ditu horrek».
COVID-19k ere, neurri batean, mesede egin die. Egia da kadeteetatik beherako mailetan eta masterretan ez direla lehiatzen eta topaketak egiten ari dira, baina bat baino gehiago hurbildu da txirrindularitzara. Aire librean eta kontakturik gabeko kirola denez, inoiz baino erakargarriagoa da askorentzat. Beasainen bi gaztek futboleko baloia utzi eta bizikleta hartu dutela aipatu du Telleriak, adibidez.
Dena ez da lehia eta errepidea
Zikloturistak ere ugaritu egin dira itxialdiaren ostean, bizikleta aisialdirako hartzen dutenak, izaera lehiakorrik gabe. Horrenbesteko eztanda izan zen, dendak stockik gabe gelditu zirela. Urtebeteren ondoren, bizikleta faltarik ez dago, baina osagarrien eskariak handia izaten jarraitzen du. Denda espezializatuetan lan ugari egiten ari dira. Eta udaberria eta eguraldi ona ate joka diren honetan, are gehiago.
Segurako Txirrindulari Elkarteko Juan Mari Gereñuk herrian astero tropel «dezentea» elkartzen dela azpimarratu du. Goierriko herri gehienetan elkartzen dira tropeltxoak asteburuetan, lagun artean egiteko osteratxoak, Beasainen eta Urretxun ere bai, esaterako. Normalean, 30 eta 40 urte bitarteko gizonezkoak izaten dira zikloturistak, gazte garaian ere bizikletan ibilitakoak. 60 urtetik gorako jendeak ere hartzen du parte txangoetan. Eta neskak ere geroz eta gehiago direla bat datoz arduradunak.
Errepideaz gain, mendiko bizikleta ere bogan dago. Ingurune naturaletan eta autoetatik urrun egotea dira bere indarguneak, nahiz eta errepideko txirrindularitzarekin alderatuta teknikoagoa eta fisikoagoa den.
Baina bizikleten munduan izandako aurrerapenek erraztu egin dute jarduna. Bizikleta motordunek, bereziki. Beasaingo Telleriaren ustez, orduan hasi zen zikloturismoaren gorakada. «Motordun bizikletekin lehen bizikletan ikusiko ez zenuen jendea orain pedalei eragiten ikusten duzu. Oso erosoa da. Jende edadetuarentzat, bereziki».
Dena ez da ordeka
Bidea laua denean erraz joaten da aurrera. Aldapak hastean, ordea, pedalei gogotik eragin behar zaie oztopoa gainditu nahi bada. Goierriko txirrindularitzak ere baditu bere maldak. «Guretzat buruhauste handiena alor ekonomikoa eta lanerako jendearen beharra estaltzea dira», aitortu du Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko Telleriak. Orain arte elite 23 urtez azpiko taldea izan dute, aurten Euskadi fundazioak bere gain hartu duen taldea. Taldea profesionalagoa izanik, beharrak ere handiagoak ziren. «Zorionez, jende asko elkartzen gara antolaketa lanetarako. Baina ez da erraza. Eszepzioa gara».
Gereñuk bat egiten du: «Urte asko daramatzagu mundu honetan eta kontuak nahiko egituratuak izaten ditugu. Baina jende aldetik beti nahikoa eskas ibiltzen gara. Lasterketetan aldamenekoek laguntzen digute, eta gu ere haienetara joaten gara. Inon ez dago jendea soberan». Chicok aipatu du Goierrin orain arte lehiatzen ibili diren hiru mutiko hasi direla arduradun lanetan: «Konfinamendu garaian zuzendari lizentzia online ateratzeko aprobetxatu dute. Garrantzitsua da gazte jendea hastea, eskolak etorkizuna izan dezan. Denbora asko eskatzen duen ardura da, eta urteen poderioz nekatu egiten zara eta gogaitzeko arriskua dago».
Gakoa gazteengan dagoela konbentzituta dago Gereñu. Epaile lanetan ere aritzen da, eta erreleboa hartuko duenik ez dagoela dio. «Hau bukatzera doa. Bakarren bat hasten da, baina oso gutxi». Luzera begira, arazoa izan liteke: «Aldaketa bat behar dugu. Jende gaztea beste era batera bizi da eta ez dute mundu honetan sartu nahi. Ez dakit konponbidea jornal bat jartzea den edo zer».
Lasterketa faltarik ez dago ordea. Goierrin, irailera arte, ia 30 proba jokatuko dira errepidean. Neguan, ondo bidean, hiru ziklokros lasterketa ere izango dira. Bestelako modalitateetako probarik ez dago aurreikusita federazioaren egutegian.
Irakurri elkarrizketa:
Juanjo Gozalo:
«Nolako txirrindularitza nahi dugun pentsatzea da dugun erronka»
Aurtengo lasterketak
- Beasain. Kadeteak. Martxoak 13.
- Urretxu. Juniorrak UCIa. Apirilak 18.
- Segura. Kadeteak. Apirilak 18.
- Lazkao. Euskaldun. Apirilak 24
- Beasain. Emakumeak. Apirilak 25.
- Legazpi. Klasikoa. Maiatzak 1.
- Zegama. Juniorrak. Maiatzak 2.
- Segura. Juniorrak. Maiatzak 9.
- Lazkao. Juniorrak. Maiatzak 15.
- Segura. Emakumeak. Maiatzak 16.
- Beasain. Lehendakari. Maiatzak 22.
- Legorreta. Junior/kadete CRI. Maiatzak 29.
- Segura. Juniorrak. Ekainak 5.
- Ataun. Eusk.+Lehen., Ekainak 6.
- Idiazabal. Juniorrak. Ekainak 13.
- Urretxu. Kadeteak. Ekainak 20.
- Segura. Euskaldun. Ekainak 26.
- Olaberria. Juniorrak. Ekainak 26.
- Lazkao. Juniorrak. Ekainak 28.
- Beasain. Klasikoa. Uztailak 4.
- Zumarraga. Juniorrak. Uztailak 11.
- Ordizia. Kadeteak. Uztailak 17.
- Ordizia. Profesionalak. Uztailak 25.
- Zegama. Lehendakari. Abuztuak 22.
- Beasain. Juniorrak. Abuztuak 2.
- Mutiloa. Juniorrak. Irailak 5.
- Zaldibia. Lehendakari. Irailak 19.
Iturria: Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoa