Garbiñe Mendizabal Mendizabal • Zaldibia
Zaldibia ezagutzen dutenek, antza emango diote erreka gaineko zubi horri. Argazkian azaltzen diren haur horiek bezala, denbora ugari pasa dugu, umetan, urari begira, amuarrainak noiz ikusiko.
Baina zubiaren eskuinera dagoen etxola hori zer den galdezka arituko da bat baino gehiago; gaur egun ez baitago. Ba hori, ‘mataderie’ da…Hala ezagutu genuen guk. Eskolara bidean, goizetan txekorren bat edo txerriren bat ikusten genuen sokaz edo katez lotuta bertan, paretetan lotzeko egoten ziren burdinazko uztaietan. Hori ikusiz gero, bagenekin eskolatik etxera bueltan ez genuela ikusiko. Ez, behintzat, bizirik.
Batzuetan polea batetik zintzilikatuta ikusten genuen mataderi barruan, jeneralean txekorrak. Besteetan, garo piloa eginda ere ikusten genuen mataderi atarian, orduan bagenekien txerria hil eta garo piloari su eman, eta azala erreko ziotela. Eta hori ere egokitu zitzaigun behin baino gehiagotan…ezin da ahaztu erre usain hori, benetan berezia! Edo baserritarren batekin topo egiten genuen animalia zekarrela, txekorrak baserritarraren atzetik (gehienetan gizonezkoak) eta txerriak, berriz, aurretik (tarteka emakumeren batekin).
Hurrengo egunean ere izaten genituen aurreko lanek utzitako arrastoak, odol isuriak, kirats berezia… eta haurren galderak itzuri ezinak izaten ziren: Nola akabatzen dituzte txekorrak? Egurrezko mazo batekin edo. Baita ikusi ere noizbait matarifea txekorra buruan jotzen mazoarekin. Eta txerriak? Kakoa lepoan sartu eta odola palangana batean hartuta, gero odolkiak egiteko. Orduan mahaitxoa kanpoan ikusten genuen, garo piloaren ondoan. Edo erretako garoaren arrastoak…
Ta batzuetan entzun ere egiten genituen txerriaren kurrinkak, eta bagenekien zergatik ariko zen kurrinka. Ez dut gogoan txekorraren orrorik…
Barrura oso gutxitan
Ez ginen askotan sartu mataderi barrura. Oso gutxitan ausartzen ginen, kate lodiak zintzilika ikusten genituen, lodi lodiak, polearen bueltan. Mahai handi batzuk ere bai. Eta matarifearekin ere, tarteka, hitz egiten genuen.
Beste batzuetan, uxatu egiten gintuzten lanean ari ziren gizonezkoek. Ez zituztela ikusleak behar eta.
Haurrentzat egun bereziak izaten ziren matantza egunak, ez genuen zer ikusi berezirik eta. Haurrek berezkoa duten kuriositatez gerturatzen ginen ingurura. Jolas egitea zen guretzat bertara inguratu eta zer gertatzen ari zen ikustea.
Gutako bakoitzak emango zuen bere iritzia, batzuei pena ematen zien, besteei beldurra, askok ikusi nahi eta eza. Eta gero, etxera joan eta hori izango zen eramaten genuen berria. Eta etxekoek, agian, jakin ere egingo zuten noren txekorra edo txerria zen. Eta hurrengo egunetan harategira joango ziren haragi hura erostera. Jakina! Ezaguna zenak konfiantza handiagoa ematen baitzuen!
Zenbat aldatu diren garaiak!
Ez naiz akordatzen noiz bota zuten mataderie, eta argazki zaharrak ikusten aritu naizen honetan azaldu zaidanean, etorri zaizkit oroimen horiek gogora… Zenbat aldatu diren garaiak!
Ez da orain urte askoko kontua, baina zenbat aldatu diren garaiak denbora-tarte gutxian!