Antton Fernandez Lasa • Dantzaria
Inork kirolik egiten dudan galdetuta, maiz erantzun dut, zirikatzaile, dantzari aritzen naizela. Euskarazko wikipedian sarrera batetik bestera denbora pasa nabilela, ordea, aretoko dantzak irakurri ditut Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartutako kirolen zerrendan, eta zer pentsa geratu naiz.
Izan ere, lehia euskal dantzara ekarriz gero, txapelketak bai/ez auzia daukagu geurean. Goierriko talde, antolatzaile eta dantzariok hainbat joera ibili ditugu urte luzeetan gai honen bueltan; baita ikuspegi aldaketak ere. Gaztetxoak aurresku eta soinu zahar ligetara bultzatu nahi izan ditugu inoiz, fandango eta arin-arin txapelketetarako entrenatzeko eskolak existitu dira, eta lehiaketa horiek euskal esentziaren adierazpen gorentzat dituenik badagoela iruditzen zait oraindik.
Txapelketetan parte hartu dugunok dantzarako gure teknika hobetzeko aitzakia bikaina eduki dugu, herririk herri dantzatu gara, eta antzeko zaletasuna duten kideak ezagutu ditugu. Ondorioz, beste hainbat proiektutan barneratzeko ernamuin izan ditugu lehiaketak, baina dantza modu batzuk desprestigiatu ditugu bidean, kultura puntuazio huts bihur zedin arriskatu, eta esparru oso aberatsaren baitako modalitate bakanei eman diegu fokua.
Horregatik denagatik, oso txalogarri irizten diot Seguran Euskal Herriko fandango eta arin-arin txapelketaren data herritarrentzako dantza egun bihurtu izanari: plastikozko txalo eta behartutako elkarrizketen telebista formatuari begira egotetik haratago, edonork plazako erromerian dantzatzea da gaur egun iraultza.