Zozomikote egunak tristeak eta ilunak direla dio sinismen zaharrak. Klima aldatzen hasi aurretik izango zen, aurten behintzat eguzkitsuak, beroak eta argitsuak izan direlako. Martxoko azkeneko bi egunak eta apirileko aurreneko biak dira zozomikote egunak, edo artzain egunak ere esaten zaienak.
Zozo mikote, zozo bikote. Zozoak bikoteka habia egiten hasten diren garaia da. Hortik datorkio izena. Artzain egunena, berriz, kondaira batetik. Martxoak eguraldi kontuan zeukan gaizto famari iseka egin zion, behin, artzain batek. Uste baino gozoagoa joan zen, eta martxoaren 30. egunean, hala esan omen zion artzainak, trufaka: ‘Martxo, martxo: ematen diat esker gaizto. Nire ardirik ahulenak egiten dik zazpi oin salto’. Erreka aise igaro zezakeela, alegia. Joanak zirela haren indarrak eta egun hotz-umelak.
Martxoak, baina, bere azken hondarretan, ondotik zetorren apirilari egin zion eskaria: ‘Apiril, biribil, ekatzik egun bi’. Artzain harroputzari ardiak, aharia eta begia kenduko zizkiola zin egin, eta egun eta erdi eskatu zizkion martxoak apirilari, berari geratzen zitzaizkion egun eta erdiekin mendekua gauzatzeko nahikoak.
Eta inoizko ekaitzik bortitzenak ekarri zituen egunotan. Errekak hazi, ibaiek gainezka egin, eta artzain salbu-ustearen artaldea osorik eraman zuen urak. Aharia bakarrik geratu zen bizirik. Azkeneko burlaize ufadatxoaz, hura behintzat salbatuko zuela eta, artzainak bizkarrean hartu zuen. Baina, hara non, martxoaren asmoen berri jakin gaberik, erori, ahariaren adarrarekin begia galdu, eta urak eraman zizkion haiek ere: aharia, begia eta harrokeria.
Orixeren ‘Euskaldunak’ obran
Nikolas Ormaetxea Orixe-k Euskaldunak liburuan, Axurtaro olerkian (291.orr) martxo eta apiril arteko elkarrizketatzat jotzen du zozomikote egunena. «Martxoak esan omen apirilari: ‘Apiril, biribil, ekatzik egun bi’. Eta apirilak: ‘Martxo, martxo; ematen diat esker gaizto. Nere ardirik ahulenak egiten dik zazpi oin salto’. Lehenagoko urte batez eman egin omen zizkion, eta artaldea erreka ezin pasaz ito». Axurtaroa edo axuri aroa, arkume denbora ere esaten baitzaiei zozomikote egunei.
Kondairez aparte, zozoak kumatzeko garaia da naturan. 3-5 arrautza jartzen ditu, ia beti lau. Euskal Herrian –espezie autoktonoa eta migratzaile partziala da– apirilaren 10etik aurrera hasten da erruten, eta bi gurasoek elikatuko dituzte kumeak. Aurreko urteko habia erabili ohi dute. Zozo-bikotea ere egonkorra da.