Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko arrazoiak badirela dio mundu horretan murgildurik bizi den Antxine Mendizabal Aranburu (Zumarraga, 1968) idazle eta editoreak. Elkar argitaletxean dihardu lanean azken hiru hamarkadetan, eta edizioaren munduak jasan duen eboluzioaren lekuko izan da. Lan horren beste aldean ere badu tokia, idazlea baita. Urte amaieran kaleratu zuen ‘Odolekoak’ eleberria ibilbide polita egiten ari da.
Emakume, ama, kazetari, idazle, editore… Zein jarriko zenuke aurretik?
Denen aurretik, pertsona, gero emakumea, eta gero idazlea eta editorea. Eta amatasunak denak zeharkatzen ditu.
Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Zumarragako Plaza Zaharrekoa naiz, lehengo Plaza Navarrakoa. Aitona, amona, haien semeak, beste belaunaldi bat… bizi ginen han, etxe zahar batean, jende zahar askorekin, gerraren ondorioak bizitakoak. Nire haurtzaroko lehen oroitzapenak hangoak dira, oroitzapen gutxi ditut, baina atmosfera bat bezala da gogoratzen dudana.
Gero Urretxura joan zineten.
Aitona hil zen, eta aitak Urretxun erosi zuen etxea, zentro-zentroan. Hara joan ginen amonarekin, sei urte nituenean. Asko sufritu nuen aldaketarekin, etxe handia, gela asko, korridorea, amaren ileapaindegia… beldurra ematen zidan. Eta harekin batera, ikastolara hastea! Bizimodu aldaketa izan zen niretako.
Ikastola garaitik zer gogoratzen duzu?
Euskararekin oso lotutako oroitzapenak ditut, euskararen aldekoak… Nire lehen zaplaztekoa han eman zidaten, erderaz hitz egiteagatik. Izena ere han aldatu zidaten, Maria Antigua nintzelako hara joan aurretik.
Familia piska bat desberdina zenuen.
Garai hartan amak lan egitea… Etxean zegoen, baina lanean. Ama ez da izan bere garaiko emakume bat, ezkondutakoan ez zuelako lana utzi. Etxeko ileapaindegia zabaldu aurretik, Urretxun beste bat zuen, Florida gainean.
Eta zu, nolako haurra zinen?
Oso lotsatia eta beldurtia. Irakurtzea gustatzen zitzaidan, eta bakarrik egotea. Maravillas del Saber entziklopedia eta ile apaindegiko Hola aldizkaria izaten nituen beti ondoan. Nire burua handia izateko gogoarekin gogoratzen dut, haurtzaroa noiz pasatuko zain egoten nintzen. Horregatik, itxaropena jarrita neukan ikasketetan. Nire helburua zen ikasketak egitea eta hemendik irtetea, iruditzen zitzaidalako hemendik kanpo ni izango nintzela, askatuko nintzela.
Noiz hasi zinen idazten?
Jaunartzerako gurasoek eguneroko bat oparitu zidaten, eta niretzat oso inportantea izan zen. 18 urte bete arte asko idatzi nuen. Hor dauzkat gordeta.
Eta ikasketak aukeratzeko garaian…
Kazetaritza ikastea erabaki nuen, idaztearekin zerikusia daukalako. Bilbora joan nintzen, baina hirugarren urtean, han egin behar nuen guztia eginda nuela erabaki nuen, eta azken urteetan kotxez joaten nintzen.
Zein izan zen zure lehen lana?
Ikasten ari nintzen bitartean neskame izan nintzen etxe batean, eta Urretxura itzulitakoan Euskaldunon Egunkaria banatzen ibili nintzen. Gero AEKn lan egiteko aukera izan nuen, Zumarragako Bisasti euskaltegian. Klaseak ematea baino gehiago, giroa gustatzen zitzaidan. Herriko Korrikaren arduradun izan nintzen. Eta azkenean, eraketaria.
Kazetari bezala lan egin al zenuen?
Bai, Egin-en herriko berriemale izan nintzen, Segura irratian, Loiola irratian… Orduan deskubritu nuen kazetaritza gustatu arren, ez zela nik nahi nuena. Egin-eko ildo editoriala oso markatuta zegoen, gero Andoaingo Aiurri aldizkarian ere lan egin nuen… Hura ez zetorren bat nire izakerarekin.
Orduan aldatu zenuen lanbidez?
Garai hartan ezagutu nuen Elkarreko Joxean Ormazabal, eta itzulpen batzuk egin nituen berak eskatuta. Poliki-poliki Elkarrerako bidea hartu nuen, baina hasieran Ttarttalon ibili nintzen, eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Kanpoko argitaletxeek egiten zutena gaztelaniara itzuli eta argitaratzen genuen. Gero, bi urteko eszedentzia baten ondoren bueltatzean Elkarrera joan nintzen. Hura ia beste etapa bat izan zen, euskal literatur sisteman sartu nintzen: idazleak, ilustratzaileak, komunikabideak… Mundu txiki-txikia da, eta horretan jarraitzen dugu.
«Edizioa arrotza egiten zaie idazleei, baina idazle batek topatu dezakeen gauzarik onena editore edo edizio lan on bat da»
«Beste nobela bat idatzi nahiko nuke, baina ez hain transzendentala. Idaztean ondo pasatu nahi dut, fribolitatea sartu»
Zein da zure lana, editorearena?
Lan polita da, baina editorearen kontzepzioak eboluzio bat izan du, ikaragarri aldatu da. Seguru aski jendeak editore esanda epaileak garela pentsatuko du, testuak irakurtzen ditugula eta hau bai, hori ez… erabakitzen dugula.
Eta ez da hori?
Ba ez! Hori da gure eginkizunetako bat, baina ez bakarra. Orain arte, etortzen ziren original eta proiektuetara dedikatzen ginen, baina gaur egun, editoreok guk geuk sortzen ditugu proiektuak.
Garai batean asko eta erraz publikatzen zen euskaraz, testuen beharra zegoelako, eskolan eta literaturan, eta galbahea seguraski errazago pasatzen zen. Baina irizpideak aldatu dira, irakurlegoa eta belaunaldiak ere bai. Gaur egun editoreari gizartean egotea tokatzen zaio, hau da, ulertzea, interpretatzea zer behar den, zer hartuko den gustura… Lehen zen jasotzea eta egitea. Gaur, jasotzen dena irizpide jakin batzuen arabera neurtzen da, balio literiarioaz gain, interes soziala, ikusgarritasuna, ekonomia… kontuan hartuta. Argitaletxe batean proiektu bati esaten bazaio ezetz, ez da txarra delako, baizik eta bere katalogoan ez daukalako lekurik. Gaur, argitaletxean askoz ere inportanteagoa da guk sortzen duguna.
Eta zer sortzen duzue?
Geuk sortzeak esan nahi du erne egotea, identifikatzea gizarteak edo euskal irakurlegoak zer nahiko lukeen, zer beharko lukeen garaiaren arabera, zer izan daitekeen ekarpen on bat, defizitarioa izan edo ez izan, eta batzuetan, proiektuak geuk sortu.
Zu zeu aritzen zara horretan?
Bai, geroz eta gehiago niri tokatzen ari zait proiektuak sortzea, adibidez, bilduma bat sortzea haur literaturan, zenbait estereotipo apurtuz, historia mota jakin batzuekin… Eta gero bilatzen da hori egingo duen jendea.
Enkarguz egiten da, beraz.
Bai, hala esan daiteke. Noski, sormeneko lan batzuk badaude, baina hori da oraingo tendentzia. Egia esan, lana oso polita da, baina asko konplikatu zaigu. Nik geroz eta testu gutxiago irakurtzen dut, eta nire lana gehiago da proiektuak sortzea. Beste batzuetan etortzen zaigu ilustratzaile edo idazleren bat proiektu original batekin, eta hori landu egiten dugu denon artean, merkatuan edo argitaletxean kokatzeko.
Promozioa ere oso inportantea da, proiektua egin aurretik pentsatuta eduki behar duzu nola salduko duzun, eta nola eman ikusgarritasuna. Mezu guztiak pentsatuta izan behar dira lana bukatu aurretik, ideia edo filosofia ondo garatuta…
Eta idazlea zertan geratzen da?
Nik uste dut editorearen lana guztiz ezezaguna dela, eta idazle askok ere ez dutela ezagutzen. Idazleak, nahiz eta sormen lan ikaragarri bat egin duen, argitaletxearen beharra du. Idazle batzuk oraindik ez dira konturatzen argitaletxe batean ezagutza eta jakintza dagoela, baita talentua ere, eta hori aprobetxatu behar dutela bere lana eraikitzeko. Orokorrean edizioa arrotza egiten zaie idazleei, eta idazle batek topatu dezakeen gauzarik onena editore edo edizio lan on bat da.
Autoedizioaz ere hitz egin behar da.
Gaur egun argitaratzea ez da zaila, eta jendeak bere lanetan sinisten badu, aurrera! Hala ere, desberdindu egin behar da zer den argitaletxe bat eta zer den liburu bat argitaratzea. Liburu bat argitaratzea gutxi gorabehera edozeinen eskuetan dago, baina argitaletxe bat, beste gauza batzuen artean, negozio bat da, eta literatur sisteman kokapen bat du, bere ildo editoriala du, ildo editorial horren arabera neurtzen du pentsamendu kritikoa, feminismoa, literaturaren tokia, saiakera, haurren liburuak izan behar dituzten ezaugarriak… Argitaletxea harago doa, bultzada personal bat bezala gara, eta balio literarioaz gain, lan horrek egiten dituen ekarpenak hartzen ditugu kontuan.
Edizioaz gain, idatzi ere egiten duzu.
Ipuin batzuk ditut argitaratuta, eta azken lana Odolekoak eleberria izan da.
Baina horien aurretik kazetaritza edo historia lan batzuk egin zenituen.
Lau lan, herriko gaiak hartuta. Horiek entrenamendu bat izan ziren niretzat. Idazteko grina beti izan dut, baina argitaratzeko beldurrak eta abar ere bai. Horregatik gertuko gaiekin hasi nintzen, errepublika, trikitixa, baserriak eta ezpata dantza, argitaratzeko garaian seguritatea izateko, idazten ikasteko eta nire buruan sinisten hasteko. Baina banekien ez fikziozko liburu haiek ez zirela nik benetan egin nahi nuena, barruan banuen zerbait.
Gero hasi zinen benetan nahi zenuena idazten, hala esan daiteke?
Nahi nuena, edo barruan ateratzeko gogoz nuen hura ateratzeko idazten. Haur eta gazteentzako ipuinekin hasi nintzen, orduko nire bizi baldintzek mugatuta: testu motzak, nik menperatu edo gobernatu nitzakeen testuak idazketa motagatik. Bederatzi ditut idatzita.
Nobela etorri da gero.
Bai, Odolekoak. Ezezagunera bidaia egitea izan da nobela hori idaztea. Adorea hartu behar izan dut, gauza ezezeguna zen eta horri aurre egiteko ziurtasuna behar izan dut, historia idazteko, lanari horrenbeste denboran eusteko, pazientzia izateko, eta gaiak berak eskatzen zuen heldutasun hori lortzeko. Azaroan argitaratu genuen, eta oso pozik nago, esperientziea polita izan da.
Aurrera begira baduzu proiekturik?
Aurretik idatzitakoEmakume burugabea ipuina oso esperientzia handia izan da, monologo batekin osatu dudalako. Liburuak horretarako ausardia eman dit, neure burua erakusteko, eta ikuskizun horrekin jarraitu nahi dut. Odolekoak, berriz, oraindik pozak ematen ari da, irakurle taldeetan ari naiz, komunikabideetan ere bai, itzulpen posible bat ere badago… eta disfrutatzen ari naiz.
Baina beste nobela bat idatzi nahiko nuke, hori bai, ez hain pisutsua eta transzendentala. Idaztean ondo pasatu nahi dut, eta fribolitate piska bat sartu.
Emakumeak dira zure protagonistak.
Nik beti idatzi dut ezagutzen ditudan gauzei buruz , eta egia da emakumezkotasuna eta feminismoa hor daudela nire bizitza pertsonalean, eta hori nobelan eta liburuetan agertzen da, baita amatasuna ere. Amatasuna gai unibertsala da, ekidin ezin dugun gai bat. Nik nahiko transzendentziarekin bizi izan dut, eta gai horri halako garrantzia eman diot, eta beti agertu da nire liburuetan.
Liburuaren eguna ospatuko duzu?
Argitaletxekoentzat lan eguna da, ospatu ez dugu egiten, baina ni pozten naiz liburuaren egun bat egotearekin. Nik, txikitan bezala, oraindik pentsatzen dut liburuetan bizitza dagoela, eta liburuetara jotzen dut errealitatetik ihes egiteko, ezagutzeko, ikasteko…. Txikitako pentsamendu bera daukat, eta horregatik maite ditut liburuak, eta egun hori egotea ederra da!
Liburua askatua du dagoeneko
Azaroan argitaratuta, Odolekoak nobelak badu ibilbide bat, eta Mendizabal oso pozik dago izan duen harrerakin. Beldur zen, ur handitan sartzen zela bazekien, «tamaina horretako lan bat, inbertitu duzun denbora mugagabea, ilusio guztia, beldur guztiak… asko sartzen da motxilan», dio.
Ixilean eraman zuen liburuarena, «segurtasun faltagatik eto nire izaeragatik», baina bukatzen ari zela esateko gogoa eta beharra sortu zitzaion. Lagun on pare bati erakutsi zien, «laguntza emozionala behar nuen», eta bukatutakoan argi zuen galbahea pasa behar zuela, Xabier Mendigurenena, Aingeru Epaltzarena eta Pili Litagorena.
Mendigurenek editore lana egin zuen, «kontraesanak bilatu, akatsak, akats estilistikoak…». Epaltzari, lortu nahi zuen giroa, 1940 inguruko Iruñea, ondo jasota zegoen epaitzea egokitu zitzaion, «Epaltzak eman zidan bedeinkapena, eta lasaitua hartu nuen». Litago Elkarreko lankidea eta lagun ona du, eta «harengandik emozioak jaso nituen». Alaine Agirrek ere lagundu zion.
Nobela idaztean bere buruarekin zintzoa izaten saiatu dela aitortu du Mendizabalek. «Idazle batek ondo idazteko jakin behar du zer egin dezakeen eta zer ez. Egin ez dezakeena utzi, eta egin dezakeenari talentua atera eta maila hor jarri behar du. Urteak eman didate esperientzia identifikatzeko zeintzuk diren nire dohain txikiak eta horietan jarri dut nire indarra».
1941ean hasi eta gaur arteko Iruñeko familiaren historia askatu du dagoeneko Mendizabalek, eta harekin batera Matilde, Teresa eta Amaia protagonistak. Ez dira bereak dagoeneko.