2019. urteko maiatzean sortu zuten Artza Records zigilua, rock & rollaren, punkaren eta hardcorearen erreferenteen musika berreskuratu eta beste hainbat proiektu berriri lekua emateko. Lazkaoko Aitor, Iker eta Joseba Artza anaiak daude atzean.
M usika bizkar hezur dute Aitor Artza (Lazkao, 1973), Iker Artza (Lazkao, 1974) eta Joseba Artza (Lazkao, 1978) anaiek. Zaletasuna baino gehiago, bizitzeko modu bat dute. Haiekin hizketalditxo bat egitea baino ez dago, hortaz jabetzeko. Disko erosle amorratuak gazte-gaztetatik, Irungo Bloody Mary musika dendan edo Donostiako Xaribari eta Beltzan eskuratu zituzten altxortzat dituzten lehen diskoak. Beste garai batzuk ziren, musika erostea ez zen plataforma digital batean sartu eta deskargarako kutxatxoan klik egitea.
«Amerikako Estatu Batuetara-eta eskatzen genituen hemen lortu ezin genituen argitalpenak, sobre batean dirua sartu, pezetak ziren orduan, eskaera orrian nahi genituen diskoak markatu eta korreoz bidaltzen genuen. Handik 3-4 hilabetera iristen ziren», kontatu dute, aspaldiko garaiak gogora ekarriz. Oraindik ume zirela sortu zuten lehen musika taldea, eta hortik aurrera, beste hainbat eta hainbat talde gehiagotan ere jo dute, etenik gabe. Rock & Rolla, punka… non, hantxe zeuden hirurak, beti. Orain, berriz, urrats bat gehiago eman dute. Zehatzago izateko, 2019ko maiatzean, hiru anaien artean askotan buruan zerabilten proiektua aurkeztu zuten: Artza Records zigilua.
«Gure lehen xedea, eta bakarra, barruak eragin zizkigun zenbait kasete zinta denboran iraungo duen formato batean argitaratzea zen, baina hala ere, unean maite ditugun beste proiektu batzuek bultzatzeari uko egin gabe», aurreratu du Aitor Artzak, anaia nagusiak. «Presak eta arrakasta asmoak ez daude gure bidean, ez dugu irabazi asmorik, egindakoa, ondo egitean eta gustuko duguna bultzatzeak asebetetzen gaitu soilik», jarraitu du Ikerrek. «Nahi duguna da, guretzako eta gure inguruan ibili diren haientzat erreferente izan diren musika taldeen grabaketak berreskuratzea, bere garaian argitaratu ez zen materiala batez ere, material asko baitugu zintetan grabatu zena soilik, lagunen artean eskutik eskura ibili zena, baina hortik atera ez zena, eta pentsatuz, hori guztia ondare interesgarria dela. Artza Records sortu genuen, dena den, eta Aitorrek esan duen moduan, beste proiektu interesgarri batzuk ere badute tokia Artza Records-en», osatu du Josebak, anaia gazteenak.
Hala, dagoeneko argitaratu dituzte hainbat lan. «30% talde andoaindarraren lana izan zen Artza Recordesen zigilupean argitaratu genuen lehena», azaldu du Aitorrek. «1990. urte inguruan, talde batzu-batzuk bazeuden Euskal Herrian, eta Andoainen, Bap! talde mitikoaren inguruan, gazte mugimendu handia sortu zen, garai hartan sortu ziren gugan influentzia handia izan duten talde asko, eta horietako bat da 30%, hain zuzen ere».
Haiekin harremanetan jarri eta zuten asmoa azaldu zieten. «Gustatu zitzaien ideia! Esan ziguten kanta zaharrak baino, kantuak berriro grabatzea pentsatzen ari zirela, eta hala egin dugu». Gertu ala urrun izenburupean argitaratu zuten. «Dena den, maketa ere argitaratu nahi dugu».
Ondoren, Bullet Proof Lovers taldearen bost abestirekin osatutako EPa argitaratu zuten, CDan. Jarraian, Señor No taldeak Altsasuko gazteen aldeko ekimen bat sortu zuen. 25th Coming Fire taldekoekin EP bat erdibana grabatu zuten, bina kanta. «Zigilu desberdinak inplikatu ginen proiektua aurrera ateratzeko, Artza Records tartean».
Argitaratu duten lan berrienetako bat Hernaniko Bamms taldearen Last chance deiturikoa da. LP formatuan argitaratu dute. «Juxtu grabaketan sartzeko zeuden, eta azkenean, haien bi lan argitaratu ditugu; maketa, biniloan, 2019an, eta orain gutxi, Last Chance atera da, binilo formatoan hori ere».
Gainera, labetik atera berri dute Unidad Alavesa taldearen azken lana: Made in Germany. Biniloan eta CDan argitaratu dute. Artza Recordesen sortzaile diren Artza anaietako batek jotzen du bertan, Ikerrek.
Hurrengo lanak
Momentuz, aipatutako bost erreferentziak argitaratu dituzte, baina laster izango dira beste batzuk ere. «Andoaingo Los Fresas taldearen lan bat argitaratu nahi dugu, aspaldi-aspaldiko zinta bat dugu. Entsegu lokalean egin zuten grabaketa hura, eta oso garrantzitsua izan zen egin zuten lana, erreferente izan ziren gutako askorentzat; eta berdin gertatzen da Barrakos taldearekin ere, haien maketa ere jasoko dugu».
Argitalpenak aparte, Artza Records zigilua aurkezteko kontzertu bat antolatzeko asmoa adierazi dute. Baina horrek bai, aurrerago izan beharko du.
Bost erreferentzia
2019ko maiatzean Artza Rercords sortu zutenetik, erreferente dituzten bost talderen lanak argitaratu dituzte.
- 30 %. 1995. urtean Andoainen sortua, eta formazioa erabat finkaturik, 1996an argitaratu zuten Gertu ala urrun lehen maketa.
- Bullet Proof Lovers. Rock and Roll kolpe gordina da talde hau. Gai borobilak eta zuzeneko sendoa duena. 2014an sortu zuten, Buenavistan.
- Señor No. 1993ko udaberrian Donostiako Buenavistako lokaletan sortutako Rock taldea da.
- Bamms. 2017an Hernanin sortua, Rock&Roll taldea da. Orain gutxi argitaratu dute lehen lana.
- Unidad Alavesa. Ataunen 2016ko urtarrilean sortua, folk eta rock estiloen arteko proposamena da.