Tarik Hassad Marzoukek (Maroko/ Idiazabal, 1998) bere lagun batekin batera Idiazabalgo Odei taberna hartzeko erabakia hartu zuen duela urtebete. Pasa den urteko ekainaren 26an ireki zituzten lehen aldiz tabernako ateak, eta harrezkeroztik gazteen topagune bihurtu da Odei.
Zerk motibatu zintuen Odei taberna hartzera?
Guk hartu aurretik ere bi sozio zeuden Odei tabernan, eta haiek taberna kendu nahi zuten. Ni dudatsu nenbilen, izan ere hiru urte neramatzan Zuremoton lanean, eta lanpostu hori utzi eta tabernaren aldeko apustua egiteak beldur pixka bat ematen zidan. Azkenean nire laguna den Kepak motibatu ninduen gehienbat. Azkenean Kepa eta nik taberna hartzeko erabakia hartu genuen.
Bi sozio hasi zineten arren, Kepak utzi beharra izan zuen. Nola kudeatu duzu taberna zeuk bakarrik?
Kepari Laulagun enpresatik deitu zioten lana eskainiz, eta horregatik taberna uzteko erabakia hartu zuen. Ni bakarrik taberna aurrera eramateko gai izango ote nintzen ez genekien arren, azkenean jakin dut egoera kudeatzen, eta hortxe nabil. Aurrerago Ataungo gazte bat kontratatzea erabaki nuen, Inge. Aste-barruan nirekin batera txandaka aritzen da lanean, aste bat goizez eta bestea arratsaldez, eta asteburuetan nire kuadrillakoa den Orkatz ibiltzen da, ostiraletik igandera.
Ireki zenutenetik gazteen topagune bihurtu da Odei taberna.
Odei oraindik gurea ez zenean gu ere han ibiltzen ginen arratsalde pasa, baina egia da orain gazteria gehiago azaltzen dela. Idiazabalen ez dago beste ezer gazteontzat, eta denok hemen elkartzen gara azkenean. Lagunez eta gaztez inguratuta lan egiteak gauza on eta txarrak dauzka. Hoberena kuadrillakoekin, lagunekin, gazteekin eta ezagunekin egon ahal izatea da niretzat. Bestalde, zorrotz jokatzea egokitzen zait batzuetan, eta lagunak haserretu egiten dira horrelakoetan. Esango nuke hori dela alde txarra.
Koronabirusak sortutako egoera dela eta tabernak itxita egon ziren hilabete luzez. Nola bizi izan duzu hau?
Egoera gogorra izan zen. Fakturak etortzen ziren arren, ez zen dirurik sartzen, baina beste batzuekin alderatuta guri ez zigun horrenbeste eragin. Odei azkenean ez da jatetxe baten modukoa, ez geneukan hondatu zitekeen janaririk, guk edaria saltzen dugu soilik eta hori ez da txartzen.