Duela gutxi, honako hau kontatu zidaten: Gizakiak, lanean, kategoriaz igotzeko nahia duela beti, hau da, pertsonen berezko joera bat dela lanean gora egin nahi izatea. Eta hasiera batean, afirmazio horrekiko nire desadostasun garbia adieraztea zen asmoa. Nire lana ahalik eta ondoen eta eraginkortasun handienarekin egiten saiatuko naiz, jakina, baina ez dut mailaz igotzeko eta beste pertsona batzuen lanaren arduradun izateko asmorik. Eskuetatik ihes egiten dit enpresarekin eta langileekin aldi berean koherente izatearen oreka aurkitzeak. Horrelako ardurak izanda ez nintzateke zoriontsu izango. Ez, mundu guztiak ez du kategoriaz igotzeko nahirik.
Benetako zoriona kaskarkerian edo trakeskerian dagoela defendatzera nindoan (gaztelerazko mediocridad hitza erabili nahi nuen, baina ez dago euskarazko itzulpen positiborik hitz honentzat), honen aurkako artikulu bat irakurri dudan arte. Honetan, zera aztertzen da: Gizartea inbaditzen duten asmo kaskarrek geroz eta herritar inozoagoak eratzen dituztela, hau da, kaskarkeriak pentsamendu kritikorik ez izatera amiltzen gaituela, eta gauzak zalantzan jartzen dituena zigortu edo gutxietsi egiten dela honen erruz. Dioenez, hierarkia modernoetan, langilerik kaskarrenek (ez azkarrenak, ezta alferrenak ere) beren enpresan gora egiten dute euren lana betetzeko gaitasunik ez duten lanpostuetara iritsi arte, eta gaur egun, honakoa dela mundua gobernatzen duten pertsonen profila. Eta hostia, honekin guztiarekin ere ados nagoela onartu behar dut.
Orduan, zein da egia? Zeinen ideiak du arrazoia? Arrazoia… Zeinen hitz potoloa. Arrazoia izateko menpekotasuna dugu, inoiz probatuko dugun drogarik indartsuena dela iruditzen zait. Duela hilabete batzuk, unibertsoan bakarrik gaudenaren ideiari bortizki uko egin nion, baina hori publikatu eta gaiaren inguruko informazio gehiago jaso ondoren, bizitza benetan zein apartekoa den ikusi dut, hau da, ezerezetik sortzeak duen konplexutasuna ulertu dut. Ez dut nire burua publikoki gutxietsi nahi, baina iritzi aldaketa etengabean bizi naizela onartu behar dut. Eta idazten ari naizen bitartean ere egiten dudala aitortu behar dizuet, oraingo honetan gertatu zaidan bezalaxe.
Inork ez du zerbaiti buruzko egia absolutua, oso subjektiboa eta pertsonala da egia kasu askotan, eta horregatik, Schrödingerren katuaren paradoxarekin alderatu daiteke: Diozun hori egia da, eta aldi berean, ez da egia. Beraz, gure iritziekin hain naziak izateari utzi beharko geniokeela uste dut.