Irati Goikoetxea Asurabarrena • Idazlea
Zereginez itota nagoen momentu horietan gelditu eta arnasa hartzen dut hamar minutuz. Aspaldian gelditu eta arnasa hartzeko nire modua Herriak ez du barkatuko liburua irakurtzea da. Aliritzira zabaltzen dut liburua edozein orrialdetan eta irakurtzen hasten naiz. Irakurtzen dut hamar minutuz eta gozatu egiten dut. Gozatu egiten dut irakurtzen dudalako idaztea gustatuko litzaidakeen hura. Gozatu egiten dut irakurtzen dudanean: «Eta zer egin behar dugu hemen ez dauden eta urrutian dauden zerbait horiekin?» Edo irakurtzen dudanean: «Askatasuna inoiz ezin da baldintzatua izan, edo askatasuna da, edo baldintzak ditu eta beste zerbait da». Edo irakurtzen dudanean: «Txantxangorrietako bat harrietako batera hurbildu da eta han geratu zaio arrastoa haize-zain, paparrean». Edo irakurtzen dudanean: «Ume minduak ez du, nonbait, hatz erakuslerik goratzen. Ume mindua lehertu egiten da. Ume minduak lehertu egiten du». Edo irakurtzen dudanean: «Heltzen direnean ez didate barkatuko kaka-pila hau guztia, ez dizkidate isiltasun mutilatu hauek barkatuko». Edo irakurtzen dudanean: «Madarikatua memoria. Madarikatua».
Hamar minutuko irakurketaren ondoren konturatzen naiz zorionekoa naizela. Zorionekoa naizela irakurtzea gustatuko litzaidakeen hura idatzi dudalako. Eta zereginek eragindako itomena arnas bihurtzen zait. Eta oraintxe hori da nire zoriona, idatzi dudana irakurriz gozatzea, idatzi dudana harrotasunez irakurlearekin partekatzea.