Garaiena ez, baina segurarren gain kutuna da Unamendi. Hori du berezko izena Aizkorriko gailurreriaren bista ederra duen paraje horrek, Aizleor izenarekin agertzen baita gida askotan. Santa Barbara ermita du oinpean.
Ez asmo txarrez, baina asko izan dira orain hamarkada batzuk gain eta tontorretan izendun buzoia jartzean toponimo okerra erabili izan duten mendi elkarteak. Segurako Unamendi gaina izan da (723 metro) horietako bat. Aizleor izendapena eman zioten mendi horri orain 50 urte inguru Oñatiko Enara mendi taldekoek, eta haiek jarritako buzoia egon da bertan orain dela bi urte eta erdira arte. Berezko izenarekin bat datorren buzoia jarriz zuzendu zuten akatsa Segura Kirol Elkarteko mendizaleek, 2018ko azaroan. Behi baten burua irudikatzen du Jon Irizar antzuolarrak –Seguran bizi da egun– diseinaturiko buzoiak, mendiaren izenaren jatorriari ohore eginez. Izen okerdun buzoia Oñatira itzuli zuten Segurako mendizaleek.
Segurarrek urtetan eman dioten erabileratik datorkio izena Unamendiri (Unaien edo behizainen mendia), baina ikusten denez herritarren artean eztabaida edo zeresana sortu zuen izenaren kontuak, belaunaldi gazteen artean batez ere. Zaharragoek ez zuten zalantzarik egiten. Hala zioen Juan Izagirre zenak Errebote aldizkarian, 2016ko azaroan. «Gu mutikoak ginela bertan asko ibiltzen ginen, behorretan edo etxeko animalientzat belarretan; osaba artzainaren terrenoa zen. Goiko tontor horri Unamendi deitu izan diogu mutikotatik, eta gu bezala bertan ibiltzen ziren gainerakoek ere horrela deitzen zioten. Aizleor izenarekin buzoia ikusi nuenean pena ere sentitu nuen. Aizleor Urtsuaran aldera dagoen haitz bat da». Argituta, hortaz, toponimia auziak.
Langazaharretik Santa Barbarara
Imaz hotelaren atzealdeko aparkalekua (264 metro) du abiapuntu hil honetako Ibiltarik, Txetxu Ormazabal, Juan Mari Imaz, Iñaki Ugalde eta Ion Iñaki Izagirre segurar mendizaleak gidari direla. Santa Barbarako bira egitea da helburua, Unamendi eta Zorroztarri gainak lotu ondoren, Kortaberri auzotik barrena atzera Segurako herrigunera itzultzeko. Alustiza futbol zelaia eta igerilekua pasa ondoren, asfaltatu gabeko bidea hartu behar da ezkerretara, eta segituan Langazaharrera iristen da, hiru adarreko bidegurutze batera. Erdikoari heldu behar zaio, lurrezko baso pista zabalari.
Malda gogorra dator aurretik. Hasi eta beherala, Pagamuino txiki baserria dago ezkerrera, eta goraxeago Pagamuino handi, eskubira. Eta segi gora, Albitxabalgo gurutzera iritsi arte (545 metro). Lau bide azaldu dira bat-batean. Ezker-ezkerrekoak Langalepoko ehiza postuetara darama oinezkoa, zuzenenak Albitzeta eta Otsaurte aldera, eta bien artekoak, Santa Barbara eta Unamendi aldera –pinu batean idatzitako Aizleor izenak eta gezi batek erakusten dute nora jo–. Maldatsua da Santa Barbara ermitaraino iristeko bidea: Hara ailegatu aurrean Urruspileta iturrian freska daiteke zintzurra.
Erabat aldatzen da paisaia Santa Barbarara iristean (675 metro), 31 pagok inguratzen baitute ermita. Iturria, eta mahai eta aulkiak ere badaude garai batean segurar, idiazabaldar eta zegamarren erromeri toki izan zen eremu honek. Segurarrek estimu handitan dute, are gehiago azken urtebete honetan, herritar askoren aisialdi leku eta arnastoki bihurtu baita. Lope de Isastik 1625erako aipatua zuen Santa Barbarako ermita, eta 1711n obrak izan zirela ere jasoa dago. XIX. mendearen erdi aldera gurtze zerbitzuez arduratzen zen serora bat izan zuen. Senarrarekin batera bizi zen inguruko txabola batean.
Azentzio egunez egiten dute meza eta festa –aurten maiatzaren 16an–. Ermitaren sarreran 2035. urtera arte festa egunak noiz izango diren irakur daiteke, eta aterpe barrenean, beheko sua, mahaia eta artean Franco bizi zela leihopean margotutako ikurrina. Mezaren aurretik, kafea, gailetak eta anisa banatzen dute auzotarrek, eta ondorenean salda, txorizoa eta ardoa. Segidan, landa lurren bedeinkazioa egiten du apaizak pago hostoak lau haizetara zabalduz. Santa Barbarara hitz egiten berandu hasten ziren haurrak eramateko ohitura egon da. 1958an eman zioten azkenekoz konpondua ermitari, eta aurten teilatua berritzeko asmoa dute.
Mugalerrotik Zorroztarrirantz
Berriz ere pinudian irekitzen den bidezidor bati jarraituz, bost minutu eskasean gora eginez iristen da Unamendiko goiko ordekara. Larrea da gaina –garai batean bakanak omen ziren bidean topa genitzakeen arboladiak–, eta ikusmira ederra du. Pare-parean, Marinamendi, Maudimendi edo Mañemendi –herriko hizkeran–, Segurako mendirik garaiena (783 metro), eta atzerago Aizkorriko gailurreria. Hurrengo itxitura gaindituta topa daiteke Unamendiko buzoi berritua. Beste bidezidor estu batean behera eginez –dagoeneko Idiazabal-Urtsuarango lurretan–, azalduko den baso pistan eskubitara jo behar da Zorroztarriko dolmen aldera egiteko. Bi bide daude bertara iristeko, eta garbienetik joateko aukera egin dute mendizaleek, larrea dagoen tokitik gora.
Mugalerroa da, eta paisaia erabat aldatu da. Urrutian Atxurbi eta Aralar ageri dira, parez pare Etxegarateko autobidea eta beheko zuloan Urtsuaran goialdeko baserriak –1947. urtera arte Segurako parte izan zen, geroztik Idiazabal–. Zorroztarriko trikuharria (674 metro) Neolitiko Brontze arokoa da, 14 metroko diametroa du eta 0,70 metroko garaiera. Indusketa egin zenean kamara nahiko hondatua zuen, baina harlauzen oinarriak ondo mantetzen dira.
Berriz ere itxitura pasa, eta beherantz, eukalipto usai betean. Uskatzako teileri zaharra eta hango labeak, eta Segurako herria hornitzen zuen iturburua dira hurrengo helmugak. Behera segiz, Kortaberri auzora daraman Gi-3701 baserri bidearekin egingo du topo ibiltariak, iturria duen aska baten hasieran. Andrandegieta zahar baserrira iristean, eskubira egin, eta hango pistari jarraitu behar zaio, bide erosoan. Txarako haitza igarota, Aldaola baserrira iristea da gakoa, errepidez Segurara ailegatzeko.
Kontuan hartzeko
- Markaketa aldetik, urri. Ingurua ezagutzen ez duenarentzat nahasia gerta liteke bidea, markaketa aldetik urria baita ibilbidea. Santa Barbarara eta Unamendira hainbestean irits liteke, baina ibilbidearen bigarren zatia egiteko ingurua ezagutzea komeni da.
- Bideko iturriak. Santa Barbara iritsi aurrean Urruspileta iturria dago, eta ermitaren ondoan haren iturri senidea. Beherakoan, Andrandegietako iturria ere aurkituko du oinezkoak.
- Zorroztarri trikuharria. 1982an aurkitu zuten, eta 1987-89 urteen artean industu. Zeramika zatiak, urrezko malgukiak, harrizko apaingarriak eta forma geometriko ezberdinak aurkitu zituzten. Athletic futbol taldearen Segurako lagunarteak inguru horri zor dio izena.
- Uskatzako teila labeak. Uskatza izeneko parajearen barrenean eta Marinamendira igotzeko bidegurutzetik gertu, teileri zaharraren eta teilak egiteko labeen aurriak edo hondarrak aurki daitezke. Bide bazterrean daude, sakongune banatan. Handik gertu, garai batean Segura urez hornitzen zuen iturburua dago.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3:00-3:30.
- Luzera: 11.15 km.
- Desnibel metatua: 1.125 metro.
- Zailtasun teknikoa: Erraza.