Euskal dantza tradizionalen katalogoak 449 dantza jaso ditu. Goierriko 34 daude, Ordiziako sokadantzak tartean, Santa Ana jaietan dantzatzen direnak. Emilio Xabier Dueñas folklorista eta etnografoak dio kontserbaziorako eta zabalkunderako ezinbesteko lana zela katalogazioa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako dantza tradizionalen katalogoa ondu du Zatak Herri Ondarea elkarteak Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren laguntzarekin. 449 dantza tradizional katalogatu dituzte bost urteko landa lanaren ondoren. Tartean, Goierriko 30 dantza baino gehiago. Dantza bakoitzaren argazkiak, deskribapena, janzkerak, jatorria… gordeta gelditu dira katalogoan. 23 ikertzaile aritu dira lanean, eta guztien buru, Emilio Xabier Dueñas folklorista eta etnografoa izan da: «Dantzak hainbat arrazoigatik katalogatu beharra zeuden. Arrazoirik garrantzitsuena ondare-kulturala osatzen duten elementu immaterialen eta materialen kontrola izateko dela esango nuke. Hau da, jasota edukitzeko. Hortik abiatuta, ondare horren zabalkundea eta jarraikortasuna bermatuko duten tresnak eratu daitezke, herriak, komunitateak… ezagutu ditzaten. Baina ez soilik bertakoek, abata turistiko bat ere badirelako. Gainera, Unesco eta estiloko erakundeek ondarearen aitortza egin dezaten hauek katalogatuta egon behar dute».
Dantzek lau baldintza bete behar dituzte katalogoan txertatzeko: bat, urtero-urtero egun eta ordu berean egin behar dira, egutegiarekin eta bere ospakizunaren ezarpenarekin bat etorriz; bi, ospakizunak jai lokal edo zaindariarenetara xedatu behar du, salbuespenak izan ezik, kausa handiagoagatik. Ibilbide historikoa duten eremu edo auzoetako ospakizunak ere sartu dira; hiru, egiten den espazio edo lekuak, behin-behinekotasuna edo aldaketa lokalak salbu, urtero leku berera mugatu behar du; eta lau, nahiz eta giltzarria ez izan, antzinatasuna baloratzen da belaunaldi desberdinek gauzatutako biziraupen materializatuaren oinarri bezala.
Dantza gehienak, berreraikiak
Dueñasek aitortu du ez zela lan erraza izan baldintzak zehaztea, baina egin beharreko lana zela, dantza gehiegi pilatu ez zitezen. «Dantza herrikoienak ez ditugu sartu adibidez, nahiz eta baduten erritualtasunik». Iraganeko dantzak ere ez dituzte jaso: «Gauza bat argi izan behar dugu. Ondare immaterialez hitz egitean bizirik dagoen zerbaitez ari gara, existitzen den zerbaitez. Ez gara elementu etnografikoez ari. XX. mendean desagertutako alpargatak egiteko teknika bat ez da ondare immaterialaren barruan sartzen, denborarekin galdu egin den dantza baten modura».
Halere, sartu dituzte azken urteetan berreskuratutako dantzak. «Zuzenago esanda, berreraikitako dantzak dira. Iraganean egiten ziren dantza erritualak, denbora batez egiteari utzitakoak, baina gerora berriz eraiki direnak jakitun izanda dantza hori edo antzeko zerbait bertan eta egun berezi horietan egiten zela. Asko 1970 eta 1980 bitartean berreraikitakoak dira, baina adibide berriagoak ere jaso ditugu, 2000. urtekoak edo orainaldikoagoak». «Ia dantza denak berreraiki dira. Etenik gabe egin diren dantzak bakarrik izango bagenitu kontuan, ez dakit bakarren bat ere izango genukeen katalogorako. Berreraikitako dantzak ez dira hobeak edo okerragoak, baina hori nabarmendu behar da».
Ez dituzte dantzak bakarrik katalogatu. «Dantzarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten beste elementu batzuk ere jaso ditugu. Adibidez, arrunki Bandera dantza esaten zaion elementua. Ez dantza bat, bandera bat astintzea da, atzean melodia bat duela. Ez da koreografia erritmiko bat, ez da gorputz mugimendu bat melodia baten konpasera». Beasaingo Loinatz jaietako Bandera Agurra sartu dute, esaterako.
Ordiziako sokadantzak
Goierriri dagokionez, 34 dantza edo elementu jaso dira, zortzi herritan banatuta: Beasainen, bederatzi; Lazkaon, bat; Legazpin, zazpi; Ordizian eta Seguran, bosna; Urretxun, hiru; eta Zegaman eta Zumarragan, bina. Askotariko dantzak daude: agurrak, ezpata dantzak, kapela dantza… Ordizian, esaterako, erraldoien pausuekin batera, Santa Ana jaietako soka dantzak jaso dituzte: Agintarien sokadantza, Santanazaleen eskudantza eta Haurren sokadantza eta bertako Agurra. «Nahiz eta katalogoan izen desberdinak dituzten, oinarrian formatu berbera dute: soka batean egiten diren dantzak dira», hasi da Izaro Intsausti Ordiziako Amets Bide dantza taldeko kidea.
Santa Ana jaietan dantzatzen dira hiru dantzak, baina bakoitza bere egunean. Uztailaren 26a izaten da egun handia, Santa Ana eguna, eta orduan herriko agintariak irteten dira plazara; biharamunean Santanazaleen txanda izaten da. Urtean zehar ezkondu diren bikoteena, zehazki; haurrak, berriz, aurreko asteburuan irteten dira, beraien asteburuan.
Dantzariak udaletxetik abiatzen dira; plazari itzuli erdia eman ondoren, alkateak, edo alkate–txikiak haurren kasuan, dantzariari aurresku papera hartzeko boterea ematen dio; orduan, aurreskua udaletxeko balkoira igotzen da eta Desafio erdia dantzatzen du, boterea hartu duela irudikatzeko; berriz ere sokara itzultzen denean, aurreskuari atzeskua batzen zaio eta Desafioa osorik dantzatzen dute; ondoren, gainerako dantzariak binaka edo hirunaka Alpargata dantzatzera irteten dira, udaletxe parera, eraikinari begira; behin guztiak pasatakoan, Agurraren doinua hasten da eta aurreskuaren eta atzeskuaren lau laguntzaileak aurreskuaren bikotearen bila joaten dira; ekarritakoan, aurreskuak Agurra dantzatzen dio; amaitutakoan bikotea sokara itzultzen da eta prozesua atzeskuaren bikotearekin errepikatzen da; amaitzeko, dantzari guztien bikote guztiak ekartzen dituzte plazara laguntzaileek; behin dantzari eta bikote guztiekin soka osatutakoan, Zubia egiten da, aurrekoa eta atzekoa; azkenik, Ordiziako Zortzikoa dantzatzen dute aurreskuak eta atzeskuak; guztiek borobilean amaitzen dute, eta zirkuluan fandangoa eta arin-arina dantzatzen dute; orduan bukatzen da plazako zatia, eta alde zaharrean barneratzen dira, toki ezberdinetan fandangoa eta arin-arina dantzatu ostean, udaletxera itzultzen dira; aurreskuak eta atzeskuak Agurra dantzatzen die agintariei eta boterea itzultzen die.
Dantzena ondare aldakorra da
«Sokadantza guztiak bikoteka dantzatzen dira. Hasiera batean sokan dantzan ateratzen ziren dantzariak mutilak izaten ziren, eta neskek bikotearen rola hartzen zuten. Orain aukeran uzten dugu, soka berdinzaleago baten bila», zehaztu du Intsaustik. Bidea dirudiena baina zailagoa da, tradizioaren pisua handia delako. «Halako aldaketa bat egiteko baliabide falta izan dugu irakasleok. Urte luzez horrela dantzatu dira eta guk horrela jaso ditugu. Orain nola eman horri buelta?».
«Belaunaldiz belaunaldi igarotzen den ondareaz hitz egiten ari gara. Oso material ezegonkorra eta ahula da, eta etengabeko aldaketak izaten ditu. Horregatik, noizean behinka lekuetara itzuli behar da elementua nola dagoen jasotzera», esan du Dueñasek. Hau da, katalogoa ez da itxia. Halere, folkloristak dio bost urteren ondoren bilketa-fasea amaituta dagoela, eta hurrengo urratsa «elementuen defentsa» dela. «Inguruan egin diren katalogazioak intentzio hutsa izan dira. Nafarroako edo Kantabriako (Espainia) kasuak datorzkit gogora. Gobernuek esan dute ondasun hau kultur-ondasun immateriala izendatuko dugu, baina horren azpian ez da ezer gehiago egin. Sakondu beharra dago. Eta instituzioen eta herriaren arteko harreman bat egon behar du. Instituzioak, eurek dutelako katalogazioak eta idendapenak egiteko ahalmena; eta herria, eurek gorpuzten dutelako ondasun hori. Kasu honetan, herriak dantzatzen duelako».
Gizarteratzearen garrantzia
Katalogoan jasotako informazioa hobetu beharra ere badagoela dio Dueñasek. «Iaz dantzen bideoak sartzen hasi ginen. Argazkiak elementu zurrunak dira, eta bideoekin hobeto jasotzen da mugimendua, koreografia, dantzaren esentzia. Itxialdiak gelditzera behartu gintuen eta nahi baino gutxiago aurreratu genuen. Gainera, fitxak ere berdindu egin behar dira, homogeneizatu. Ikerlari, talde, dantzari… askok egin dute lan fitxak osatzen, eta hizkuntza eta baliabide aldetik desberdintasun txiki batzuk daude». Azkenik, Dueñasi katalogoa ahalik eta gehien gizarteratzea gustatuko litzaioke, dantzaren altxorra guztiek ezagutu dezaten. Zalantzak ditu, ordea, katalogoari behar bezalako errematea emango ote zaion. «Dirua behar da horretarako. Zoritxarrez, murrizketak egiterakoan kulturatik hasten dira agintariak. Dantza tradizionaletatik, zehazki».
Intsaustik, Amets Bide elkarteari gakionez, etorkizunari «taldeari eustea» eskatzen dio. «Pandemiak gure emanaldi guztiak ezabatu dizkigu bapatean. Ez dantza emanaldirik, ez dantzari txikirik… Herriz herri ibiltzen garen taldea gara, Nafarroara eta Iparraldera ere joaten gara… Orain hori dena ez daukagu, eta nabaritzen da. Ilusioa eta motibazioa gutxitzen ari da». Ordizia herri dantzaria dela dio, «oso». «Ordizia betidanik izan da herri dantzaria. Horregatik iraun dute horrenbeste urtetan soka dantzek. Eta nik uste dut azken urteetan berreskuratzen ari garela plazan dantza egiteko ohitura. Urte askotan tabernetako jai giroak jan egin dute erromerietako giroa, baina itzultzen ari da. Eta pentsatu nahi dut egoera honen ondoren gehiago gozatuko dugula taberna kanpoan eta aire librean, eta erromerien loraldia etorriko dela».
Jasotako dantzak
Emilio Xabier Dueñasen esanetan, dantzen gehiengoa katalogatu dute, eta gustura agertu da. Eskura zituzten baliabideekin asko gehiago ezin zituztela jaso dio. Goierriri dagokionez, 34 dantza jaso dira, zortzi herritan banatuta.
- Beasain
- Agintarien Soka Dantza .
- Bandera Agurra.
- Erraldoiak.
- Ezpata Dantza (Igartza).
- Helduen Soka Dantza.
- Muruko Mari.
- San Joanetako Neskatxen Esku Dantza.
- San Martin Ezpata Dantza (Loinatz).
- Umeen Soka Dantza.
- Lazkao
- Agintarien Soka Dantza.
- Legazpi
- Agurra.
- Erraldoiak
- Erreberentzia.
- Ezpata Dantza.
- Kapela Dantza.
- Soka Dantza.
- Zinta Dantza.
- Ordizia
- Agintarien Soka Dantza.
- Agurra.
- Erraldoiak.
- Santanazaleen Esku Dantza.
- Umeen Aurreskua.
- Segura
- Agurra.
- Azkoitiko San Migel Dantza.
- Gizandiak.
- San Migel Dantza.
- Zahagi Dantza.
- Urretxu
- Aurreskua.
- Erraldoiak.
- San Juan Zortzikoa.
- Zegama
- Agintarien Soka Dantza.
- Erraldoiak eta buruhandiak.
- Zumarraga
- Aurreskua.
- Ezpata Dantza.