Jaione Mujika Elorzak (Ormaiztegi, 1998) bere bizimodua aldatu zuen duela urte batzuk, eta gaur egun kulturismo txapelketetan parte hartzeko entrenatzen ari da, Bikini fitness kategorian.
Nondik datorkizu kulturismo txapelketetan parte hartzeko grina?
Harrigarria da, izan ere inguruan ez dago kirol honetan zaletua den jende asko, eta askoz gutxiago emakumea izanda. Ikasketak amaitu nituenean nutrizioarekiko jakin-mina sortu zitzaidan. Esan daiteke nutrizioa eta entrenamenduak eskutik doazela, eta hemendik abiatuta etxean ahal nuen moduan entrenatzen hasi nintzen. Urtebete beranduago, ikasketak serioago hartzea erabaki nuen, eta nire ezagutza hedatzen joan zen eran, kulturismoan lehiatzeko ilusioa ere handitu zitzaidan.
Noizko aurreikusten duzu txapelketetan parte hartzen hastea?
Beti esaten dut ez dudala lehiatzeko entrenatzen, baizik eta entrenatzen dudalako lehiatu nahi dudala. Hori dela eta, ez daukat data zehatz bat txapelketetan parte hartzeko. Nire asmoa 2021ean ateratzea zen, baina oraingo egoera dela eta ez dut ezer baieztatu nahi.
Kulturismoak aldaketa ekarri ohi du bizimoduan. Zer izan da gogorrena? Eta zer gehien da gustatzen zaizuna?
Ukaezina da zaletasun honek berarekin dakarren bizimodu aldaketa, baina konturatu gabe gertatzen den zerbait da. Zure barrutik ateratzen den momentutik pasioa da, eta pasioz egindako gauzak gustura egiten dira. Entrenatzea baino, gogorragoa iruditzen zait elikadura 24 orduz zaintzea, baina azkenean zuk erabakitako zerbait denez, kexek ez dute balio. Gehien gustatzen zaidana guztia da, mundu hau bere osotasunean. Nire kategoriaren bueltan sortzen den mundua oso pinpirina da, eta niri betidanik gustatu izan zait apaintzea: makillajea, takoiak, ilea oso apainduta, poseak… Zure gorputza moldatzea eta lehiaketa egun horietan muturrera eramatea sekulako boterea iruditzen zait.
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Une honetan astean bost egunetan entrenatzen dut, oso planifikatuta. Normalean hasieratik amaieraraino, deskantsuak barne, ordu eta hogei minutu pasatzen ditut entrenatzen. Nahiko neska argala izan naiz betidanik, eta horregatik nire entrenamenduak batez ere muskulazio salan izaten dira.
Nolakoak izaten dira kulturismo txapelketak zure kategorian?
Partaideen arabera, adinaren edota altueraren arabera sailkatzen gaituzte. Agertokira ateratzen zarenean derrigorrezko poseak daude, eta normalean zure bi profilak erakutsi beharra izaten dituzu, aurretik eta atzetik. Bikini fitness da nire kategoria.