Artean sekula ikusi gabeko eszena izan zuten 1930eko abenduaren 3an Aralarko Igaratzan zeuden artzainek. Aurreneko aldiz, motordun ibilgailu bat igo zen goi haietaraino. Tolosako Eski Klubekoena zen: aurreko erdia autoa, atzeko erdia beldar-kateduna, tanke erakoa. Balentria eta azio handia izan zen garai hartarako.
Xabierko Frantziskoren egunean, Nafarroa aldetik igo zen tolosar talde bat, beldar-katedun autoan. Ramon Irazusta kirolaria zihoan txofer, eta lagun gehiago barruan eta inguruan. Ibilgailua, Citroen markako 10 zaldi potentziakoa, Julio Segoviarena zen, Huiziko berun meategiko arduradunarena.
Igaratzan aterpea zeukaten Aralarko Adiskideek, eta hara egin zuten espedizio motorizatua. Lekunberritik abiatu ziren, eta Baraibartik gora bi kilometro gehiago egin zituzten errepidez; bidea bukatu arte. Mendiko langa Belutan pasatu, eta Prantzeserreka ingurutik, Etzantzako zirkua, Beloki, Unako putzuko lautada eta Iturribeltz igarota, 3 bat orduan iritsi ziren Igaratzara.
Mota hartako ibilgailu bat lehenengo aldiz igarotzeko, zenbait tokitan lanak izan zituzten. Bidea irekitzeko, harriak kentzeko eta leuntzeko, laguntzaile talde bat eraman zuen Irazustak.
Behin Aralarko goi lautadak harrapatutakoan, korritzeko zelai erosoa aurkitu zuen: beldar-katedun autoak 30 eta 35 kilometroko abiadura hartu zuela kontatu zuten garaiko prentsan, «hango isiltasuna eta bake ederra puskatuz, eta oraindik artaldeak Aralarren dauzkaten artzain apurren harridurarako eta ezin sinisturako». Izan ere, udazken goxoa lagun, abendu hasieran oraindik artalde batzuk goian zebiltzan.
Baieztatzeko, beste behin igo
Ibilgailuarekin Igaratzara igo izana sinisten lanak gehiagok ere izango zituzten, eta abenduaren 7an berriz errepikatu zuten espedizioa. Jende gehiago joan zen orduan: Irazusta bolantean, eta beste 13 lagun, Tolosako eskiatzaile klubekoak. Bi ordu eta erdian igo ziren Baraibarren errepidea bukatzen zen lekutik, euri zaparraden artean (oinez hiru ordu behar direla dio kronikak).
Igaratzako aterpean Paco Tuduri eta Felix Novoa zituzten zain, txistua joz eta suziria botaz. Bazkari oparoa egin zuten han bertan denek. Oturuntza horrekin inauguratu zituzten, gainera, Aralarko Adiskideen aterpetxeko taberna eta biltegia, ofizialki.
Irazustak beste beldar-katedun auto bat ekarri zuen garai hartan, Paristik erosita. Candanchuko eski estaziora joan ziren 1931n harekin, 13 orduko bidaian. Elurretan ere ibil baitzitekeen.