Andoni Sarriegi Eskisabel • Beasain
Lagunartean mendira joaten 15-16 bat urterekin hasi ginen eta inguruko mendietan ibili ohi ginen. 1966ko udan, Pirinioetara joateko aipua egin zigun Iñaki Dorrontsorok eta hurrengo udan joateko astero diru apur bat jartzen hasi ginen.
Iñaki, Tarragonan ikasten ari zen eta 1967ko Aste Santuko oporretan kataluniar batzuekin Anetora joan zen. Uztailean ibilaldia antolatu genuen eta batzuek atzera egin zuten. Azkenean, Iñaki, bere anaia Patxi, Koldo Auzmendi eta ni neu joan ginen. 18tik 20 urtera genituen. Asmoa: astebetean Aneto eta Posets tontorretara igotzea. Hasteko, ezertxo ere ez!
Abuztuaren 5ean abiatu ginen lau motxilekin; bat kanpin-dendarekin betea eta beste hiruretan jana eta arropak. Botak larruzkoak, gogor eta astunak. Jantziak, nola-halakoak. Ez geunden federatuta eta ez genuen asegururik. Koldok eta Iñakik argazki-makinak eraman zituzten. Planoa eta ipar-orratza genituen tresna teknikoak.
Beasaindik Lleidara eta handik La Pobla de Segurrera trenez eta, La Poblatik gora autobusez, Vielhako tunelaren H-ko ataka ondoko baserrira (Espitau de Vielha, 1.593 m). Belar ondu pilan lo egin bordan eta abuztuaren 6an, egunsentian, abiatu ginen Tuc de Molieres edo Mulleres tontorrerantz. Gosaltzen, esne kondentsatua, eztia, gazta, lukainka, etab., jaten genituen indarra hartzeko.
Tuc de Mulleres edo Molieres
Oso igoera gogorra egin eta Tuc de Molieresko horma (3.010 m), alboko Colet de Molieresko pasabidetik (2.937 m) zeharkatu genuen ordu bata inguruan karga guztiekin. Azken mazela elurretan igo azpantarrik gabe eta oinak bustita, beherakoan oinak minberatu egin zitzaizkigun. Aiguallutsen behera, Besurtara (~ 2.000 m) iritsi ginen ilunabarrerako. 13 ordu botak jantzita. Han jarri genuen denda. Hurrengo goizean ez zen inor mugitu. Arratsaldean, oinetako arinekin, I-ko Salvaguardiara (2.736 m) igo ginen. Bidean 460 behi eta txahaleko taldea zebilen larrean. I-an Boumgo aintzira handia ikusi eta bertaraino ere jaitsi ginen.
Aneto
Abuztuaren 8an, nire hiru kideek saioa egin eta Aneto gaina zapaldu zuten (3.404 m). Ni Besurtan gelditu nintzen eta bazkaria prestatu nien. Arratsaldeko hirurak aldera iritsi ziren dendara, helburu nagusia beteta.
Hurrengo egunean Benasquera (1.160 m). Kanpinik ez zen eta Esera errekaren alboan belardi batean kanpatzen zen. Garbitzeko, errekan sartu eta irten gauza bera izan zen, hura ur hotza! Inguruan, Kataluniako ikastetxe bateko hogei bat neska zeuden bi mojarekin, bi denda handitan, udalekuan.
Handik beste bi irteera egin genituen, bata Vallibiernako haranean zehar Cregüeñako lepora (2.914 m). Aintzirara jaistean harri-zaparrada jasan genuen hirurak aldera. Gero aintziraren ertza osorik pasa eta Benasquera. Bestea Estos haranera. Aterpetxeraino joan ginen (1.880 m) eta Posets (3.369 m) urrunetik ikusita utzi genuen. Abuztuaren 12an itzuli ginen etxera. Irteera ahaztezina, neurrien eskarmentua hartzeko modukoa eta hain ezagutza gutxirekin egiteko oso ondo atera zena.