Tere Garmendia Altuna • Lazkaomendi
Maiatzeko lehen asteburuan Lazkaomendi erromeria leku aparta bihurtu ohi da. Zenbat oroitzapen gozo gordeak ote ditugu auzotarrok! Gaztetxo nintzenetik auzoko festa giroan murgiltzen ginen. Bertako haurrek, gaztetxoek eta helduxeagoek osatzen genuen Lazkaomendiko kuadrilla.
Lagun taldea igandeetan elkartzen ginen festak antolatzeko Lartxaiko pilotaleku inguruan, baita arratsalde pasa jolas egiteko ere. Ah, hori bai, txikienoi beti atea zaintzea egokitzen zitzaigun futbolean!
Oso gogoan dut behin egundoko ilusioarekin antolatu genuela kontzertu berezi bat larunbaterako: Haizea folk taldearena. Talde honen estreinako kontzertua izan zen, gainera. Non eta Lazkaomendin! Pilotalekuan txosna eta herri afaria antolatu genuen. Errifak ere atera genituen, nonbaitetik festak ordaindu behar eta.
Igandean, berriz, ekintzez betetako egitaraua izaten zen Itxurrene aurrean, eta txosna jartzen genuen ogitartekoak eta edariak saltzeko. Goizean goiz, Altxorraren bila jolasean kateatzen ginen txikienak, gerora hartu zuen indarra Lazkaotik Itxurrenerako ibilaldi neurtuak. Eguerdian, haur-jolas erakargarriak izaten ziren sari bereziekin, nahi zutenek parte har zezaten. Zerrendatu egingo ditut buruan gordeak ditudan jolasak, ziur batek baino gehiagok ere gogoratuko dituela! Zinta jokoa: bizikletaren gainean hurbildu eta ziria zintak puntan zeraman uztaian sartzea zen egin beharreko balentria. Erroskilak sokatik zintzilik ipini eta zegokionak, eskuak atzean zituela, ahoz jaten saiatu. Mozorro jolasa: beste puntan zegoen maleta bateko arropekin zein lehenago mozorrotu… Bi hagen artean jasotako sokatik zintzilik opariz eta gozokiz betetako loreontziak ipini eta begiak estalita makil batekin loreontzia jo eta apurtzea zen egin beharrekoa. Ontzi ezberdinetan, batean irina, bestean ura jarri eta bertan utzitako txanponak ahoz harrapatzea zen xedea eta, nola ez!, klasikoetan klasikoena: aulki jokoa. Bai haurrentzat, bai helduentzat.
Transmisio lanari esker
Giro aparta sortzen zen, tartean norbaitek mikrofonotik zirikatu edo xaxatzen zuela… Ondoren, bertsolariak eta trikitilariak, bai eguerdian bai arratsalde erdian… Arratsaldean, bertako festen antolatzaileak protagonista bihurtzen ziren: asto lasterketetan, aizkolarietan eta sokatiran, Lazkaomendikoak Lazkaokoen aurka! Gogoratzen naiz gehienetan indarrak Lazkaomendikoen aldera egiten zuela.
Festak horrela antolatzea, auzolanean, elkarrekin parte hartuz, haurren, gazteen eta helduen artean, ilusioz egiten den lana da, eta are pozgarriagoa da ikustea ondorengoengana egindako transmisio lanari eskerrak, Lazkaomendiko jaiek bizi-bizirik jarraitzen dutela.