Alberto Aierbe (Zegama, 1957) Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren ‘asmatzailea’ da. Hark proposatu zuen proba hori antolatzea. Helburua herria ezagutzera ematea zen eta baita lortu ere: Zegama mendi lasterketa zaleen ametsetako tokia da. Aierbek mendi lasterketaz, basozain modura egin duen lanaz eta Zegamari buruz hitz egin du.
Halako batean, zegamar guztien bizitzan Zegama-Aizkorri proba azaldu zen.
Zegama txoko batean dagoen herri txiki bat da. Garai batean ez zegoen industrialderik, egungo etxe asko egin gabe zeuden… Juan Inazio Galdos alkateak herriari bultzada bat eman nahi zion eta etxebizitzak eta industrialdea egitea erabaki zuten, zegamarrak inguruko herrietara joan ez zitezen eta inguruko herrietakoak Zegamara erakartzeko. Testuinguru hartan, alkateak Amezti mendi taldekooi Aizkorriko Lagunen Eguna antolatzea proposatu zigun. Nik Benasquen mendi lasterketa bat egiten zela esan nuen. 2001. urteko Aizkorriko Lagunen Egunean, Antton Bandres zenak, Mendizale Federazioko lehendakaria izanak, mendi lasterketa bat antolatzea proposatu zien udal ordezkariei. Ordurako ibilbidearen zirriborro bat egina nuen eta Bandresi asko gustatu zitzaion. Hala, 2002ko uztailean lehen edizioa egin genuen.
Berehala sekulako arrakasta izan zuen.
Garai hartan, oso lasterketa gutxi antolatzen ziren. Euskal Herrian, Zallakoa bakarrik. Bigarren urterako Espainiako Kopan sartu ginen. Salomon enpresakoak etorri ziren eta sekulako potentzialitatea ikusi zioten lasterketari. 2003ko azaroan hurrengo urteko Munduko Kopan sartzea eskaini ziguten. «Hauek erotu egin al dira?», pentsatu nuen. Ordura arte egin genuena egiten jarraitzeko esan ziguten eta «besterik egin behar ez badugu, bale!» erantzun nien. Salomon enpresakoek Zegaman ordura arte beste inon gertatu ez zitzaien gauza bat gertatu zitzaiela esan ziguten: pankarta batzuk jartzeko baimena eskatu ziguten eta ez genien dirurik eskatu horren truke. Salomonekin harremana oso ona izan da beti.
Zegama-Aizkorrik bi berezitasun ditu: giroa eta antolaketa.
Hemen antolatzaileak ez gara profesionalak. Denok boluntarioak gara. Nahi dugulako lan egiten dugu. Horri esker, hemen baldintzak guk jartzen ditugu. Federazioek-eta badakite Zegama beraien zirkuituen barne eduki nahi badute, guk jartzen ditugun baldintzak ontzat eman behar dituztela. Baina tira, baldintza bakarra da: gure filosofia, mendizaletasuna, arima, errespetatzea. Hori marketinaren gainetik dago eta Salomonek inork baino hobeto ulertu du. Errespetatu egiten gaitu. Ziur naiz antolaketa herritarren esku egongo ez balitz, aurten Zegama-Aizkorri egingo litzatekeela. Nahi eta nahi ez. Bada, ez. Zergatik? Baldintzak guk jartzen ditugulako. Nola egingo dugu Zegama-Aizkorri pandemia baten erdian eta ikuslerik gabe? Ze nortasun da hori? Hori ezin da. Hemen Zegama-Aizkorri egin behar da. Eta bestela, ezer ez. Gauza bat gaizki egitea baino askoz hobea da ezer ez egitea. Hainbeste urte zain egon dortsal bat lortzeko eta ikuslerik gabe korrika egin? Ze irudi eraman behar du korrikalari horrek? Ezta pentsatu ere! Salomonek ere badaki arrakastaren gakoa hori dela. Ez badugu lasterketa egiten diru gutxiago irabazten dute, baina onartu egin dute. Antolatzaile profesionalei, ordea, urtero lasterketa antolatzea komeni zaie. Lasterketa batzuk ikuslerik gabe egin dira.
Zegamara, ordea, giroagatik etortzen dira korrikalari asko.
Hala da. Asko hunkitu egiten dira. Dortsal bat jartzea eta Aizkorrira joatea ez da Zegama-Aizkorri egitea, ikuslerik ez badago.
Gogorra izan al da lasterketa bigarrengoz bertan behar utzi behar izana?
Sekulako pena eman digu, noski. Gainera, erritmoa galtzen ari gara. Hurrengo urtean antolatu ahal izango dugula uste dut eta bilerak inoiz baino lehenago hasiko ditugu. Poliki-poliki jendea aktibatzen hasi nahi dut. Motibatzen. Profesionalek antolatutako lasterketetan bidegurutzeetan egoten direnek apenas egiten diote jaramonik lasterketari. Hemen, ordea, korrikalariak mimatzen saiatzen dira.
Anekdota asko izango dituzu.
Oroitzapen politenak jendearekin lotutakoak dira. Oso harro gaude zegamarrak izateaz eta maratoia horren ondorioa da. Lehentasuna ez da maratoia, baizik eta herria. Maratoia horren berezia bada, gure herria maite dugulako da. Arantzazuko erromeriara ere denok joaten bagara, elkarrekin egun eder bat pasatzeko da. Ez fedeagatik. Maratoian ere gauza berbera gertatzen da. Bat-batean, bati azkenari botila bat ardo oparitzea bururatzen zaio. Lan talde bakoitza mundu bat da. Bakoitzak bere lana betetzen du eta, gainera, bururatzen zaiona aportatzen du. Antolaketa profesional batean ez da hori gertatzen. Eta korrikalariak hori ikusi, sentitu eta bizi du. Beraientzat hau berezia da. Kilian bera, zergatik etortzen da? Paraje ikusgarri asko daude munduan, baina hemengo giroa ez du beste inon aurkitzen. Florian Reichert korrikalari alemaniarrak, nire oso laguna, ez du sekula kale egiten. Urtero hunkitu egiten da.Oso jatorra da. Korrikalariek lasterketa ondoren kalean egoten den giroarekin ere izugarri gozatzen dute. Zegamarron bizimodua hori da, guk hori erakusten dugu. Kito. Aurten ez dugu hori eskaintzerik eta, beraz, ez dugu lasterketarik antolatutako.
Datorren urtean bai, ala?
Bai, bai… Txertoekin-eta… Udazkenean edo negu hasieran lehengo bizimodura itzuliko garela esaten ari dira.
Nola ikusten duzu Zegama-Aizkorri probaren etorkizuna?
Lasterketa honen antolaketan hasi ginenok gaude. Egunen batean utzi egin beharko dugu, adinagatik. Erreleboaren inguruan hausnartzen ari gara. Herri sentimenduari eusten badiogu, ez dugu arazorik izango. Heziketa mailan lan handia egin behar da.
Zer moduz daramazu pandemiaren kontua?
Federatuoi herritik ateratzeko aukera eman diguten asteak Aralarrera, Gorbeara, Izarraitzera, Aiako Harrietara… joateko baliatu ditut. Berriro ere hor egongo dira… Emazteari eta bioi bidaiatzea asko gustatzen zaigu eta dagoeneko apur bat kiskalduta gaude. Iaz Islandiara joan behar ginen eta kaka zaharra! Argazkigintza ere asko gustatzen zait, baina hori ere naturarekin lotuta.
Telebistan ere ibili zinen…
Hori ere maratoiarekin lotuta! Gailurra Xtreme saioko ekoizleek ibilbidea ezagutu nahi zuten eta nik erakutsi nien. Saioan nire laguntza ondo etorriko litzaiekeela pentsatu zuten eta fitxatu egin ninduten. Gustura ibili nintzen, mendi giroan ibili baikinen.
Basozaina izan zara, nola ikusten dituzu gure mendiak?
Beno… Arazo nahiko larri bat ikusten dut: gizarteak eboluzionatu egin du, baina mendiaren gestioak ez. Lehen baserriek bere buruaren jabe izan nahi zuten eta denetik behar zuten: larreak, egurra… Industriara pasa ginenetik, baserri gehienak txalet bihurtu dira. Basozain lan egiten nuenean argi ikusi nuen zer ari zen gertatzen: diru-laguntzen eske-eta etortzen ziren guztiak 70 urtetik gorakoak ziren. Ez dago etorkizunik. Gainera, banda marroia etorri da eta pinudiak bota eta bota ari dira. Eta ondoren, zer? Egurrak oso balio eskasa du eta gazteek interesa edukitzeko etekina behar da. Etekinik ez badago, nork zainduko ditu basoak? Zaharrek bai, beraien bizimodua izan delako, baina gazteek… Jendeari mendira joatea eta mendia garbia egotea gustatzen zaio, baina gizartea asko aldatu da urte gutxitan. Zerbait egin behar da.
Zer egin beharko litzateke?
Gipuzkoak lursail gehienak partikularren esku daude. Baina lurra hemen zegoen jabego pribatua iritsi aurretik. Esplotatzen ez duenak, ez luke eskubiderik izan beharko. Jabetza mantendu nahi dutenek lursailak zaintzeko konpromisoa hartu beharko lukete. Eta besteek beraien lurren kudeaketa instituzioen esku utzi beharko lukete. Herri bakoitzean behar diren larreak egokitu, baso mistoa bultzatu… Inbertsioa egitea tokatzen denean lur jabeek ordaindu egin beharko lukete eta irabaziak jasotzen direnean, kobratu. Lursailak norbaitek kudeatu behar ditu. Partikularren esku utziz gero, akabo. Gainera, erakunde batek lursail asko kudeatuz gero, esplotazioa merkeagoa da. Egun minifundio pila bat daude Gipuzkoan. Hori astakeria bat da. Bakoitzak bere pistak egiten ditu!
Eukaliptoak Gipuzkoako basoak hartzeko arriskurik ba al da?
Ez, lehen esan dudan arrazoiagatik: gazteek nahiago dute lurrak abandonatu lanean hasi baino. Basogintzara dedikatzen direnek bakarrik landatuko dute eukaliptoa. Azpeitia aldean dagoeneko hektarea mordoxka dago.
Gustura ibili al zinen basozain lanean?
Bai, bai… Hasi nintzenean, «hau egiteagatik jornala ordaintzen didate!», pentsatzen nuen. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, baina papertegiko lanarekin alderatuta… Papertegian hasieran 48 ordu lan egiten nituen astero eta jai egunik ez nuen, makinak igandeko 06:00etan gelditzen ziren eta asteleheneko goizeko 06:00etarako martxan jarri behar ziren. Tarte horretan konponketak egin behar ziren. Jai egunik ez nuen! Bat-batean walkie-talkie bat gerrian jarrita mendian paseoan ibiltzeko aukera izan nuen! «Zertan egon naiz ni orain arte!», pentsatzen nuen.
Hasieran ehiza eta arrantza kontuetan ibili zinen.
Ni ere ehiztaria nintzen eta ondo moldatu nintzen. Beti egoten da txotxolo edo gaiztoren bat, baina jende gehiena zintzoa da. Basozaina ez da izugarri zorrotza izan behar. Zorrotzegia bada, gauzak okertu egiten dira. Onena gauzak ondo azaltzea da. Jarrera egokia duenak, gauzak ondo egingo ditu. Hori bai, gauzak gaizki egiten dituenari, tokatzen dena: salaketa, isuna… Nik ezagutu dudan jendearen %99,99arekin aritzea gozamena izan da.
Zegamako igeltseroaren semea
Alberto Aierbe 1950eko hamarkadan jaio zen, Zegaman. Horrek bere izaera baldintzatu du, noski. «Kaleumea naiz. Baina Zegamako kaleumea. Eta garai hartakoa, gainera. Etxeetako ateak ez ziren sekula ixten. Etxerik etxe ibiltzen ginen. Oso bizimodu sinplea zen. Jatea zen kontua. Jostailurik ez zegoen. Mendira joaten ginen jolastera».
Aita igeltseroa zuen eta ama etxekoandrea. «Aitak Zegamako etxeetan konponketak egiten zituen. Amak etxeko lanak egiten zituen eta familia administratzen zuen. Arreba bat dut, ni baino lau urte zaharragoa. Aitak egin zigun etxea, arrebari eta bioi, nik 5 urte nituenerako».
Oso gaztetan hasi behar izan zen lanean. «Oinarrizko ikasketak herrian egin nituen. Cara al sol abestu eta… Ondoren, Goierri Eskolan tornulari ofizial titulua atera nuen. Aitak ni jaiotzerako 50 urte zituen eta garai hartako autonomoen jubilazioa negargarria zen. Hori dela eta, ikasketak azkar bukatu eta lehenbailehen lanean hasi behar izan nintzen. 17 urterekin Zegamako papertegian hasi nintzen, mantenu lanean».
Ondoren, basozaina izan zen. «Papertegia tristetzen hasi zen, eta itxi aurretik, basozain izateko oposizioak egin nituen. Basozain lanean ibili nintzen, jubilatu nintzen arte. Iaz jubilatu nintzen. Hasieran, ehiza eta arrantza kontuetan aritu nintzen. Ondoren, plaza fijoa atera nuenean, Urola Garaia deitzen zaion zonaldeaz arduratu nintzen», azaldu du.