Irimo mendiaren inguruko biodibertsitatea hobetzeko eta areagotzeko plana abian du Urretxuko Udalak. Iaztik, 2.850 zuhaitz landatu dituzte.
Azkeneko 40 urtean, Urretxuko Irimo mendiaren inguruetan, pinua nagusitu da. Lehen begiratu batean ere nabarmena da hori. Urretxuko Udalak baina, biodibertsitatea kontserbatu eta areagotzeko plana abian du, 2020eko maiatzean aurkeztu zuena. Hala, udalaren jabetzako lurretan, bertako espezieak landatzen hasiak dira. Momentuz, 2.850 zuhaitz landare landatu dituzte, eta asmoa da bide horretan jarraitzea.
Irimo mendiaren biodibertsitate planak, «Irimo mendian kokatuta dauden eta udalaren jabetzakoak diren lur sailetan zein helburu eta asmo dauden biltzen du», hasi da Amaia Lizarralde Urretxuko Udaleko Ingurumen teknikaria. «Epe luzerako plana da; hurrengo 15 urteetan zein ekintza egin beharko liratekeen biltzen du».
Lizarraldek berak azaldu duenez, batetik, Agenda 2030 egitasmoaren barruan kokatzen da plana. «Horren baitan, hainbat helburu zehaztuta daude, eta plan honek zehazki, biodibertsitatea kontserbatu eta areagotzeko helburuari erantzuten dio». Bestalde, «Urretxuko Udalak klima aldaketaren kontrako plan bat ezarrita dauka, eta hor ere, helburu zehatz bezala ezarrita dago, bertako basoa kontserbatu eta areagotzea». Azken horri dagokionez, gehitu du «garrantzia handia» daukala, bi alderdi jasotzen dituelako: «Mitigazioa, gizakiak sortutako kutsadura gutxiagotzea, alegia; eta gizakia klima aldaketara moldatzea, hau da, eragingo dituen efektuetara moldatzea». Bero boladak gero handiagoak izango dira, neguan ur jarioak kontzentratuago egongo dira… eta horren aurrean, «bertako basoak eta landaretzak eragingo duen inpaktuari aurre egiteko baldintza hobeak jasotzen ditu». Gainera, «geroz eta baso azalera handiagoa eduki, CO2 mitigazio hori lortzen dugu». Beraz, bi efektuak lortzen dira.
Lau eremu erosi ditu udalak
Bide horretan, Irimo inguruan hainbat lursail eskuratu ditu Urretxuko Udalak. Hala, 8,2 hektarea, jabetza publikokoak dira jada. Igerileku ondoan, bi lursail eskuratu ziren, eta Santa Kutz inguruan beste lur sail bat, beste jabetza batzuen artean.
Biodibertsitate plana aurkeztu zenean, Jon Luki Urretxuko alkateak iragarri zuen, epe motzean, Pagoeta auzoan, Santa Barbaran eta Joxe Mari Iparragirre institutuaren azpian lanean hasiko zirela, eta hala egin dute.
Iaz, institutuaren inguruan landaketak egin zituzten. Lizarraldek esan duenez, ordura arte belardi erabilera zuen eremu horrek, eta arrisku handirik suposatzen ez zuten gain-azaleko lur jausi batzuk gertatu ziren bertan. Beraz, zuhaitzak landatuta, «biodibertsitatea hobetzeko helburuaz gain, lur hori egonkortzea ere lortuko da». Hala, 2.600 landare txiki landatu zituzten, bertako espezieak guztiak; haritzak, lizarrak, gereziondoak eta zuhaixka desberdinak. Inguru horretan gainera badaude bi errekasto, uda garaian normalean urik ez daramatenak, baina neguan ur dexente eta hezetasun asko jasotzen dutenak. Eremu horretarako egokiak diren landareak dira, Lizarraldek argitu duenez: «Ura xurgatuko dute, eta hala, lortuko dugu ur horrek kalterik ez sortzea».
Bestalde, igerileku ondoko pinudia bota eta garbiketa lanak egin ziren, eta aurten, landaketak egin dira. Eremu horretan berreskurapena areagotze aldera, zuhaitz landare handiagoak jarri dira. 250 zuhaitz landare sartu ziren; lizarra, haritza, astigarra, gereziondoa, eta ezki arbola. Horrez gain, aurreratu du, igerileku ondoko eremu horretan, aisialdirako leku txiki bat egiteko aukera aztertu dutela. Baina badirudi azken aldian, apurketa dexente gertatu direla bertan, beraz, momentuz itxaron egingo dutela, landatutako zuhaitz gazteek indarra hartu arte behintzat. Bide batez, eremu hauek errespetatzeko eskaera ere egin die herritarrei.
Santa Kutz ondoko lur sailari dagokionez, zati batean, pinudia bota zuten, eta ezertan hasi aurretik, garbiketa lanak egin nahi dituztela kontatu du ingurumen teknikariak. «Naturalki ateratzen den begetazioa errespetatuz eta errefortzuzko landaketak eginez jardungo dugu bertan, berezko landareria berreskuratzea bilatzen baitugu».
Inguruarentzat aproposa
Landaketez gain, panel informatiboak ere jarriko dituzte, hiru zehazki: bata, igerilekuko eremu horretan; institutuko partzelaren ondoan; eta hirugarrena Santa Barbaran. «Panel horietan, ingurune horietako ezaugarrien inguruko informazioa egongo da, biodibertsitatea zer den eta egiten ari garen lanarekin zer lortu nahi deugun ere azalduko da bertan». Helburua da, bertatik pasatzen den orok, «informazioa esku-eskura izatea, eta ingurumenarekiko kontzientzia ezartzea gizartean».
Gaurko Irimo oso bestelakoa zen garai batean. Zer zegoen pinu landaketen aurretik? Hori ere oso kontutan izan dute, orain arteko lanak egin aurretik. «Altuera kota eta orientazioaren arabera, landareria desberdina egongo litzateke naturalki», azaldu du Lizarraldek. «Orain pinua ikusten dugun tokian, denboran atzera joanda, larreak ziren nagusi, eta gizakia eremu horiek ustiatzeaz bizi izan zen». Eta horren aurretik, «berezko basoa izan zen, hariztiak, baso mistoak eta pagadiak». Pagoa, «600 metrotik gora» egon ohi da. Irimok, duen garaieragatik, «pagoa izango zuen begetazio potentziala, gizakiak eraginik izango ez balu». 600 metrotik bera berriz, «hariztia eta baso mistoa, hau da, haritza beste espezie batzuekin bizikidetzan». Landatu diren espezieen artean daude haritza eta pagoa.
Bukatzeko, Irimok gordetzen dituen altxorrak ere gogora ekarri nahi izan ditu Lizarraldek. «Gaur egun, lehenengo begiratu horretan pinua nagusi bada ere, oraindik badaude baso polit askoak, oraindik, gordetzen ditu altxor oso preziatuak, pago motzen edo lepatuen basoa bada oraindik». Pago lepatuak, Euskal Herriko ondare direla esan daiteke. Ikatza egiteko mozten zizkieten adarrak, ontzigintzarako ere bai, eta urte askotan zehar egindako mozketek eman diete gaur egun duten itxura berezia.
Espezie inbaditzaileen aurka lanean
Zuhaitz landaketez aparte, tokiko biodibertsitatearentzat kaltegarri diren landare espezie inbaditzaileen erradikazion ere lanean ari da Urretxuko Udala. Azken urteotan, Igerileku inguruetan, Panpa belarra geroz eta gehiago haziz joan da. Eremu publikoan dagoena kendu dute, baina eremu pribatuetan dagoena kentzeko lanean ere ari dira, lur eremu horietako jabeekin hitz eginez. Chalotia japonica izena duen espeziea ere detektatu dute, eta kontrolpean dute haren zabalpena.