Legazpiko harria’ oso preziatua izan da historian zehar eraikuntzan erabiltzeko. Ikusi besterik ez dago zenbat eliza, udaletxe, baserri, etxe eta bestelako eraikin egin diren lehengai horrekin Gipuzkoako hegoaldean: Oñatiko unibertsitatea, Legazpiko udaletxea; Ezkio, Itsaso, Zerain eta Legazpiko eliza nagusiak, besteak beste. Gaur egun ere harri motak ezagutzen dituztenek ondo estimatzen dute. Esaterako, bizitza osoa hargin lanetan ibili den Javier Bikuña oñatiarrentzat ‘Legazpiko harrixa’ harri bikaina da, labratzeko gozoa eta bistarako dotorea, aparteko grazia duena, bere olatu eta koloreekin.
Harri hori topatzeko Brinkolatik gora joan behar da, Zeraingo muga aldera. Ez dugu gaur egun nonahi ikusten diren bezalako harrobi erraldoirik topatuko, baina laster konturatuko gara leku askotan lur-azala harrotuta dagoela, eta harri solte asko dagoela. Itxura denez, leku batean baino gehiagotan erauzten zuten harria. Legazpiarrek, ondo bidezkoa den bezala, inguru zabal hori Arrobi izenez ezagutzen dute. Hala ere, gaur egun, harriarengatik baino gehiago, mendi publikoa delako ezagutzen da, eta jabe askoren behorrak, behiak eta ardiak ibiltzen direlako bertan.
Mendi horrek beste izen bat ere badu, ordea: Oa edo Oamendi. Eta oso eremu zabala hartzen du ‘oa’ osagaiaz hasten diren leku-izenei erreparatuz gero: Oakoroso (Legazpi eta Zegama artean dagoen larrea), Oasabel (Zegamako Aierdi inguruan dagoen sakona), Oalatza (Zegamako udalerrian, Arranaitz azpian dagoen saroi zaharra), Oazurtze (Zegama eta Legazpi artean dagoen mendatea), Oazulo (Arranaitz mendiaren magalean dagoen leizea, Legazpiko udalerrian), Oazabal (Legazpi, Zerain eta Zegama bitartean dagoen mendi gaina), Oaurreizti (Zeraingo Urruzti baserriak dauden antzinako izena), Oaerreka (Zeraingo Arrola aldera jaisten den erreka)…
Ikusten den bezala, Legazpiko lurrak ez ezik, Zerain eta Zegamako lurrak ere hartzen ditu, lau bat kilometro koadroko azalera, gutxi gorabehera.
Oa osagaidun izen gehiago
Oa mendian ez da soilik harria eta harrobia, baina susmoa dugu izena hortik datorkiola, froga sendorik ez badugu ere. Izan ere, leku-izen hori ez da Goierrin soilik erabiltzen. Elgoibarren Oanagusi eta Oatxiki izeneko baserriak daude; Abaltzisketan, Oalar; Usurbilen, Oabea eta Oagoikoa… Usurbilen hain zuzen, Oa baserriak dauden Urdaiaga auzoan, errota-harrien industria indartsua garatu zen antzina. Hori dela eta, loturaren bat dagoela uste dugu edo ikusi nahi dugu.
‘Oa’ formaren lekukotza zaharrenak XV. mendekoak dira. Horrela ez balitz, izenaren atzean *Obiaga ‘hobiak dauden lekua’ dagoela pentsatuko genukeen, zuloz edo hobiz betetako mendia (eta hala da, hein batean), baina aitortu behar dugu ez dugula nahikoa elementurik hala denik ziurtatzeko.