Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Hitz hauek maiatzaren hamalauan argitaratuko dira. Eta oraindik idazten ari naizen arren, badakit ez dela egun xamurra izango nire barrenean. Ez eta beste goierritar askorentzat ere. Izan ere, gure herrietako jaiak ospatu gabe geratuko gara beste behin. Nire kasuan, gaur eguerdian, ostiralean, Legorretako Bilkoin elkartean eserita behar nuke, errioxar erara prestatutako pataten artean. Gazteek goizean zehar egindako eltzeko kafea hartuko nuke gero eta orduantxe hasiko litzateke txaranga jotzen.
Xixik bezperako abenturaren bat kontatu behar luke gaur, eta nik nire lagun Amaia barrez lehertzen ikusi. Nire aitak elkarteko barratik galdetu behar lidake ea gustura bazkaldu dugun eta nik, Modouri erositako betaurreko koloretsuak kendu eta begi bat itxiz erantzun behar nioke.
Arratsalde partean frontoira joatekoa ere banintzen gaur, herriko txikiek mimoz prestatutako playback saioa ikustera. Eta malkoak egingo lidake irrist gaur ere, Itoitz eta Lier oholtzan ikusi bezain laister. Hain leudeke polittak gaur. Eta gero, Libe eta bere gelakideak. Eta Laia! Eta hara! Oroitzen txanda da! Eta nik bere izeba Naiarari begiratu behar nioke eta haren zoriontasun aurpegiak nire barrua bete behar luke gaur.
Eta orduan, soilik orduan, haurren saioa amaitu berritan, Milagros etorri behar litzaidake ondora eta esan: «Ze politta eon dan aurtengoa re! Aber ze itten dezun zuk gauen!». Batekin eta bestearekin gelditu behar nintzateke gero hitz egiten. Kuadrilakoekin eta beste harekin ere bai. Marianorekin txorakeriak esan eta Nerearekin dantza egin behar nuke gaur, urtero moduan. Eta amarekin. Eta Inmarekin, Ezkizuko barra barruan. (Idazteari utzi behar izan diot, begiak urtzen hasiak dira eta).
Baina gaur ez dut horrelakorik egingo, tamalez. Eta bide batez, nire lagun Yolik ere ezin izango du Beasaingo Mariren jaitsiera ikusi gaur gauean. Eta triste jartzen naiz. Hain dira garrantzitsuak gure herrietako jaiak. Hain dira beharrezkoak festa horietan sortzen diren sinergiak. Hain da osasuntsua bost eguneko oasia, nirea bezalako herri txiki batean.
Eta ez naiz parranda soilaz ari. Jaiak, parranda baino askoz ere gehiago direlako; auzolana direlako; bitaminak direlako; osasuna direlako. Eta inoiz izan ditugun sare sozialik eraginkorrenak direlako gure herrietan.
Aspaldian esan genuen Zelaik eta biok, herriko jaiak medikuak errezetatu behar lituzkeela. Eta orain alkate dugu Zelai, eta medikua dugu kuadrilan. Ez goaz hain gaizki, Mix.
(Kuadrilako blusa eta herriko zapia jarri ditut azken hitzak idazteko). Gora gure herrietako jaiak! Gora Azintzioak! Eta ez ahaztu izugarri maite zaitudala Gizon Piku!