Karstaren eta kobazuloen nazioarteko urtea izendatu du 2021a Espeleologiaren Nazioarteko Batasunak. Goierrin Aralar eta Aizkorri dira karst eremu handienak. Baina, espeleologiaren ikusgarritasunetik harago, jatorrizko zizelkatzaile den urarengan jarri dute arreta zientzialariek. Bizi iturri, emaile eta gordailu baitira.
Kare haitza dute lehengai, eta ura zizelkatzaile. Urteen patxadan, monumentu natural ikusgarriak sortu dira Goierriren hegoaldean. Aizkorri eta Aralar, kareharrizko bi erraldoi dira, eskualdearen babesle. Hango barrunbeak oso ospetsuak dira, bai espeleologoen artean, bai arkeologoenean, bai hamaika ipuin, mito eta kondaira asmatu, transmititu eta sinistu dituzten herritarrenean. Ahaztuxea geratzen da, ordea, jatorrizko sortzailea, oraindik lanean, zizelkatzen eta bizia ematen ari dena: ura.
Itsaspean sortuak dira Aralarko eta Aizkorriko kare haitzak, sakonera txikian eta ur epel tropikaletan, orain dela 120 bat milioi urte. Kaltzio karbonatoz aberastu zituen egoera/gune hark. Orogeniaz goratu, eta zerupeko prezipitazioen menera utzi zituenean hasi ziren benetan antzaldatzen, itxurak hartzen, kanpoko eta barneko forma geologiko bereziak sortzen. Euri ura, lurzoruan azidotutakoan eta anhidrido karbonikoa gehitutakoan, kareharriaren disolbatzaile bihurtzen da, eta karstaren historia hasten da hortik aurrera.
Baina badira bota beharreko uste oker batzuk. Geroz eta sare karstiko zabalagoa eta garatuagoa egon, orduan eta akuifero hobeak daudenarena, bat. Hidrogeologiak ikertu eta azaldu du okerra: «Urarentzat, garrantzia ez dago hainbeste konduktoetan, baizik arrokan eta hango arrakala, zartatu eta poroetan», dio Iñaki Antiguedad hidrogeologo katedradun eta EHUko maisuak.
Zuhaitz batek atzeko basoa ikusten uzten ez digunean bezala gaude karstarekin. Urak sortu dituen artelan ikusgarriei beha, ez gara jabetzen egileak eta diharduen eremuak zer balio duten. «Kondukto karstikoen ospe espeleologikoak ez digute uzten karsta akuifero bezala bere osoan ikusten», dio Antiguedadek. Ez uraren arloan bakarrik, sedimentuen ikuspegitik ere garrantzitsuak dira sare karstikoak: «Hor daudelako metatuta iraganeko garai batzuetako klimaren kutxa beltzak».
Poliki-poliki ‘dabilen’ ura
Hidrogeologia urari eta urak egiten duen bideari erreparatzen ari zaion bitartean, hark sortutako formei gehiago begiratzen die geologiak, iragana ulertu nahian. Eta badira mota, jatorri eta garai desberdinetako kareharriak, Arantza Aranburu geologo olaberritarrak eta EHUko irakasleak argitu duenez: «Karstean, Euskal Herrian agerian ditugun kare haitzak hartzen baditugu itsas kosta-lerrotik abiatu eta Aizkorriraino edo Araban behera, guztiek ez dituzte forma berdinak, ez kanpoan, ez barruan. Hori zergatik ote den ulertu nahian hasi ginen», dio Aranburuk.
Leizezulo batzuk bertikalak dira, espeleologoek hain gogoko dituztenak. Aralarren badira 500 metro beheratzen diren konduktoak eta zuloak. Baina badira bestelakoak ere. Aizkorrikoa, adibidez: «Aizkorrin, mila metrotik gora, tontor-tontorrean eta erabat horizontalean egindako galeriak daude. Kamioiak –eta plurala erabiltzen dut– sartzeko moduko tutuak ematen dute, 30 metro altukoak eta zabalekoak. Horiek ez dira gaurko itsasoaren lekuan jarrita euri tanta erortzen denetik urak egiten duen bideari dagozkion pasabideak. Milioika urte atzera joan behar da».
Ur gordailu modura karst arrokek daukaten balioa nabarmendu dute adituek; ez du zerikusirik espeleologikoarekin
Oriaren arroan lau unitate hidrogeologiko edo akuifero multzo daude: Aralar, Elduain, Ernio eta Albiztur. Hegoan, Aizkorri
Karst hitza bera, morfologiari lotuago dago urari baino gehiago. «Baina morfologia, azken batean, prozesu baten ondorio da», dio Antiguedadek. Hala, Goierrin ere adin askotako estadioak dituzte karstek. «Karst guztiak dira modu batean edo bestean aktibo, dinamiko. Batzuk gaztaroan daude; eta beste batzuk zahartzaroan-edo, agian sedimentuz betetzen. Hidrogeologiarako, urik ez bada pasatzen, ez dago aktibo. Baina, hala ere, urbegietatik 200 edo 300 litro segundoko ari dira ateratzen karstetik. Gaurko ur bideak ez dira lehenagoko berak», dio Antiguedadek.
Hain justu, karstaren ur gordailu funtzioa da, oroz gain, arreta handiena zor zaiona: arrokaren baitan, belaki edo esponja balitz modura, dagoen ura. Poliki-poliki, bere bidea egiten ari dena, poroz poro, zartatuz zartatu. «Begi bistara ikusi ezin den barru horretan dago gero urbegietan eta iturrietan ateratzen zaigun ura, urte guztian, euria egin ala ez», gehitu du Aranburuk.
«Karstaren ikuspegi hidrogeologogikoa batzuetan okerra da –jarraitu du Antiguedadek–. Konduktoetatik mugimenduan dabilen urarekin lotzen da, baina garrantzirik handiena ez dago konduktoetan, arroketan baizik. Akuifero karstikoek ez dute zerikusirik literaturan ohikoagoak diren akuiferoekin. Arrokak dauka uraren funtzio gordetzailea. Gero konduktoetara ematen dute ura arrokek, eta haien amaierako urbegietatik ateratzen da; uraren funtzio bideratzailea dute kondukto karstikoek. Ikuspegi espeleologikoa baino harago joan behar da».
Lau unitate hidrogeologiko Orian
Lurzoruan behera infiltratzen den ura bihurtzen da gero emari-iturri. Bien bitartean, ordea, denbora asko pasa daiteke, akuifero karstiko motaren arabera –era askotakoak daude–. Aizkorrin, esate baterako, leku askotan oso garatuta dago karstifikazioa –barrunbe, kondukto eta bide asko zulatuak–, eta urari eusteko kalte da hori: euri urak denbora «gutxi» egiten du barruan. Neurketa hori aldagai askok baldintzatzen dute; zaparradak egiteak edo akuifero karstikoaren hedadurak, kasu.
Uraren analisi isotopikoak-eta eginda, ordea, kalkula daiteke karst baten barruan urak zenbat denbora igarotzen duen. «Urak egiten duen denbora urte bat, bi edo hiru izan daiteke, batez beste. Ez du kentzen atzo izugarrizko zaparrada eginda, bihar aterako den uraren parte bat atzokoa izatea. Baina, hiru hilabetean zaparradarik egin gabe, gaur ateratzen den ura agian orain dela 8, 10 edo 12 hilabetekoa da», azaldu du hidrogeologoak.
Oro har, Euskal Herriko Kantaurialdeko akuifero karstikoak sare oso garatuetan daude. «Oso pozgarria da espeleologoentzat, baina urarentzat nahiko kezkagarria, ez baitu belakiarena egiten, eta akuifero bezala eskasa da».
Eusko Jaurlaritzak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak duela 25 urte osatu zuten EAEko mapa hidrogeologikoa, unitate hidrogeologiko handienak (akuifero karstiko multzoek osatzen dute unitatea) identifikatuta. Oria ibaiaren arroan lau daude: Aralar, Elduain, Ernio eta Albiztur. Aizkorri zerrenda horretan sar ote daitekeen zalantzan dago Antiguedad: «Aizkorriren parte oso-oso txikia da Oriaren aldera ura ematen duena. Zati gehienak Deba aldera egiten du, eta beste batek Altsasu alderantz, jada Ebroko isurialdera».
Uraren ikuspegitik «estrategiko» jo ditu katedradunak unitate horiek.
Oriaren ibarreko lau unitate hidrogeologikoak karbonatozko arroketan daude. Baina badira aldeak batetik bestera, baita Aralarretik irten gabe ere. Garai geologiko desberdinetan sortuak izaki, izaera eta jokaera desberdina dute arrokek. Kantaurialdeko isurialde osoan bezala, Orian ere ohikoenak Behe Kretazeoan sortutako kareharri arrezifalak dira, itsaso epel tropikal hartakoak. «Nahiko arin disolbatzen dira arroka horiek, eta forma endokarstiko ezagunenak normalean horietan daude».
Adinez zaharragoak diren beste arroka karbonatozko batzuk ere badaude: Jurasikokoak. Beste giro batean sortutako harkaitzak izanik, ez daude hainbeste lekutan, geruzatuta ageri dira, eta horrenbeste konduktu eta barrunbe sortzeko erarik ez dute. «Jurasikoko arroketako akuiferoak, konparazio baterako, askoz ere hobeak dira. Sare karstiko gutxiago daukate, eta gordailu modura ahalmen handiagoa». Hala, Kretazeoko akuifero batean euri eta emari bitarteko erlazioa urte batetik 3ra artekoa bada, Jurasikoko arroketakoetan «askoz urte gehiago» irauten du urak bidaian, «mugitzeko zailtasun gehiago daukalako urak hain garatuta ez dauden kareharri horietan. Askoz denbora gehiago irauten duenez, interes gehiago dute Jurasiko garaiko arroketako akuifero karstikoek ura baliabide estrategiko bezala hartzeko. Klima aldaketari begira, kontuan hartzekoa da hori».
«Aralarrek bihotza Jurasikokoa du, erdigune guztia. Aldiz, Txindokitik Ataungo Domora, eta San Migel alderako ertz osoa, Kretazeokoa da. Malloen aldera ebaketa baten antzera dago, ekialdera dagoena, eta hor ere Jurasikoa da gehiena», zehaztu du Aranburuk.
Uraren kalitatea, «oso ona»
Ur gordailu funtsezkoak bai, baina sorginak ere badira akuifero karstikoak, ura aurkitzerako garaian. «Leku batean ehun metroko zundaketa bat egiten duzu, eta agian dena lehor dago. Baina handik bost metrora, agian 20 litro segundoko atera daitezke uda partean lau hilabete etenik gabe. Iragazkortasuna oso aldakorra da kareharrietan. Akuifero karstikoen ikerketak daukana hori da: badakizu hor azpian ura dagoela, baina ez da erraza non asmatzen».
Barbara Angulok 2014an egindako tesian Aralarko bloke diagrama ondo definitu zuen, eta zehatz kokatu zituen egindako putzuak, zer sakoneraino dauden, eta zergatik alde batzuetan ura topatzen den, eta beste batzuetan ez. Inguruko herri askok, Zaldibiak, adibidez, edateko ura hortik hartzen dute. «Osinberde, Osinbeltz, Arkakatxiki, Bonbazulo… oso urbegi ezagunak dira –dio Antiguedadek–. Uraren kalitatea akuifero horietan oso ona izaten da, birkarga eremuak oso altu izaten dituztelako».
«XXI. mendeko geologia» defenditu beharraz mintzatu dira zientzialariak. Oso kritiko dira gaur egun gizartean zabaltzen den geologiaren kutsuarekin. «Badirudi fosilak, karsta, itsaso tropila… dela dena. Utikan. Hori ezagutzea ondo dago, baina jendeak Aralarrek, Aizkorrik eta beste unitate hidrogeologikoek daukaten garrantzia ezagutu behar du, horko kareharrien balioa. Batetik, historia geologikoaren ondare dira, sedimentuen bidez jakin daiteke garai bateko klima eta landaretza. Baina, bestetik, jendeak jakin behar du iturria zabaltzen duenean ur hori nondik datorren. Eta mendira doanean, edo hainbat erabaki hartu behar direnean, jakingo balu ur batzuek hainbat urte egiten dutela leku horietan, agian beste modu batera ulertuko luke eremu karstiko batetik paseoan doala ikusten duen hori».
«Kalitateko ura nahi bada, zaindu beharra dago»
Eremu karstikoei uraren betaurrekoekin begiratzeko premia aldarrikatu dute Aranburuk eta Antiguedadek. Ura oinarrizkoa da, egunero eta bizitza osoan behar dena, biziaren sorburu eta eusle den neurrian. «Gurean asko egiten duen arren, ez zaigu nahiko zerutik erortzen den ur tantoa zuzenean iturrira iristea», ohartarazi du Aranburuk. «Bidean zenbat eta gehiago iraun, hobeto».
Hori dela eta, unitate hidrogeologikoak –hau da, karstak; alegia, mendi eremuak– zaindu beharra lehenetsi dute. «Lur azalean egiten denak –izan gizakiok nahita edo utzikeriaz egindakoak, izan klimak, izan landaretzak–, eragin zuzena du barrura infiltratzen den ur kopuruan eta haren kalitatean».
Antiguedaden kalkuluen arabera, Goierrin urtean egiten dituen 1.500-2.500 litro uretik %35etik 38ra bitartean ebapotranspiratu egiten da, lurrundu. «Nolako prezipitazioa egiten duen garrantzitsua izango da klima aldaketarekin, baina portzentaje garrantzitsu bat berriro atmosferara doa; hala izan behar du, gainera».
Hala, lurrazala edo lurzorua zaintzea bakarrik ez da «nahikoa». Gainean basoa eta zuhaitzak garatzeak ur beharra handitzen du, eta infiltratzen dena gutxiagotuko du. «Baten batek nahi izango balu hurrengo hamarkadetan Aralarko goiko landak %100 basoz bete, arazo handi bat izango genuke beheko kotetan, Aralar buelta osoan dauden urbegietan ez ote den asko jaitsiko emaria. Zergatik? Zuhaitzek ere edan egiten dutelako», dio Antiguedadek.
Beste premisa bat uraren kalitatea da. «Ur ona behar dugu, ez kutsatua, ez eraldatua. Mendian motordun ibilgailuak sartzeak, edo eraikinak, edo etxeak, edo hotelak jartzeak bere seinalea uzten du lurzoruan, eta handik urak ekarriko du gure iturrietara», dio Aranburuk.
Beste arazo bat ere badakusate: «Gauzak gero eta konplexuagoak izanda, egiten ditugun apustuak sinpleagoak dira. Kontraesana da».