Alex Rabanal (Lazkao, 1971) bakarrizketagilea oholtza gainera igoko da gaur zortzi, Zumarragan. Ia 20 urteko ibilbidea du. Bidean lagunak egin dituela eta asko ikasi duela dio, nahiz eta oraindik urduri jartzen den irten aurretik. Jendeari barrea eragiteak sekulako poza ematen diola aitortu du.
Umoregileentzat nolako egoera dago?
Oso une zailak bizitzen ari gara. Tabernetako bakarrizketarik hemen inguruan ez da egiten, eta hori da nire ohiko espazioa. Aretoetan errazago betetzen dira ezarritako neurriak eta ikuskizun batzuk badaude, baina ezer gutxi. Badirudi hasi dela animatzen jendea, baina ezjakintasuna oso txarra da. Egoera eta neurriak azkar aldatzen dira eta zaila da aurreikuspenak egitea.
Pandemiaren aurretik garai onak bizi zenituzten?
Ez zegoen gaizki. Pandemiaren erruz funtzio bat baino gehiago utzi behar izan nuen bertan behera.
Barrea eragiten nola hasi zinen?
Duela 19 urte hasi nintzen. Beste garai batzuk ziren: ez zegoen Internetik, ez zegoen Youtube… Telebistan Club de la comedia ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan. Nik ere probatu behar nuela pentsatu nuen. Halako batean, lagun baten bidez jakin nuen Errenterian bakarrizketa lehiaketa bat antolatu zutela eta izena eman nuen. Etxeko sukaldean grabatu nuen. Baina gustatu zitzaien eta hartu egin ninduten. Horrela sartu nintzen, gutxika.
Jendaurreko lehen bakarrizketa oroitzen duzu?
Lehendabizikoa Errenteriako Cafe Boulevarden egin nuen, lehiaketaren harira. Oso oroitzapen ona dut. Bigarrengoa Donostiako Kandelan egin nuen, gaur egungo Dokan, kafe antzokian. Gimnasioei buruz hitz egin nuen.
Oholtzara igotzen zarenean zer sentsazio izaten duzu?
Hasi aurretik urduritasun apur bat izaten dut, beti, urteak pasa arren. Puntu hori galtzen dudanean, gaizki. Baina behin oholtzara igota lasaitu egiten naiz. Bereziki, entzuleekin azkar konektatzen baduzu. Tabernetako giroa beroagoa da, entzuleak hurbilago dituzulako. Baina arriskutsuagoa ere bada. Kopa artean hizketan egoten den jenderik izaten da, bakarrizketari kasurik egin gabe. Bakarrizketarik onenak tabernetan izaten dira, baina txarrenak ere bai.
Telebistan ere egin duzu lan.
Telebistan lan egin dudan ia guztietan publikoarekin lan egiteko zortea izan dut. Ongi dago, baina tabernetako saioetako informaltasuna galdu egiten da. Nahiago zuzeneko emanaldiak. Noizbait ere tokatu zait ezerezari begira egin beharra, eta hori ez zait gustatu.
Zer pasatzen da zuzeneko emanaldi batean kale egiten baduzu?
Kale egiten baduzu kale egin duzu. Jan, eta aurrera. Niri askotan tokatu zait, eta jakin egin behar da horri buelta ematen. Kale egitea probetxuzkoa ere izan daiteke.
Heldutasunarekin errazago egingo da.
Bakarrizketak egiten ere ikasten da. Bakarrizketa berdina hamar urteko aldearekin egin eta ziur hamar urte geroago egindakoa hobea dela. Kontrolatzen ikasten duzu, non egin geldialdiak, publikoarekin elkarri eragiten… Idatzi ere hobeto egiten da, baina inspirazioari dagokionez esango nuke hasi berria zarenean ideia gehiago bururatzen zaizkizula, freskoago zaudelako. Baina hau ez da zientzia zehatza. Alde batean funtzionatzen duenak bestean ez du zertan. Gertatu zait ostegun batean oso saio arrakastatsua egitea eta ostiralean, bakarrizketa berdinarekin, gaizki ateratzea.
Garrantzitsua da publikoari tenperatura hartzen jakitea? Bakarrizketagile batek abila izan behar du inguruan zer gertatzen den ikusteko?
Bakarrizketak egitea ez da testu bat buruz ikasi eta jendaurrean esatea. Inguruan gertatzen dena aprobetxatzea batzuetan testua bezain garrantzitsua da. Edo garrantzitsuagoa. Baina testutik sartu-irten horiek egiteko lasai egon behar duzu, ezin duzu haria galtzeko beldurra izan.
Bakarrizketa bat nola prestatzen da?
Proba-akatsa. Egia esan hasiberria nintzenean ispiluaren aurrean entseatzen nuen, baina jendaurrean egitea oso bestelakoa da. Txiste berriak sartzen dituzunean ez da lehen saiakeran etsi behar. Probatzen joan behar da. Publikoaren arabera ere egokitu egin behar dira txisteak, ez baitira berdinak 20 urteko gizonezko bat eta 50 urteko emakumezko bat. Nire bakarrizketak nire bizipenetan oinarritzen dira askotan. Nire adineko publikoa txisteekin errazago sentitzen da identifikatuta hemezortzi urteko gazte bat baino. Erritmoa, forma, hizkuntza… publikora egokitu behar dira.
«Kale egiten baduzu kale egin duzu. Jan, eta aurrera. Kale egitea probetxuzkoa ere izan daiteke»
«Umoregile batek oso behatzailea izan behar du istorio bat eraikitzeko eta inguruan gertatzen dena aprobetxatzeko»
Noiz idazten dituzu bakarrizketak?
Ez dut nire burua idaztera behartzen. Ideiaren bat dudanean apuntatu egiten dut eta lauzpabost ditudanean josten hasten naiz. Batzuetan ideia batek beste bat eragiten dit, eta batzuetan hobeak izaten dira. Pentsatzen duzu ideia bat sekulakoa dela baina gero hobea da bere inguruan eraikitakoa.
Zerk inspiratzen zaitu?
Ideiak paseo bat ematerakoan bururatzen zaizkit, edo bizikletan noanean, edo ohean nagoenean… ez dut trikimailurik. Ideiak izateko ingurura begira ibili behar zara, hor egoten dira.
Umoregile batek behatzaile ona izan behar du.
Umoregile batek oso behatzailea izan behar du. Aurrena istorio bat eraikitzeko, eta gero, kontatzen ari denean, istorioaren eta bere inguruan gertatzen dena aprobetxatzeko.
Umorea egiteko edozein gaik balio du?
Bitxia da, baina atzera goazela uste dut. Topikoa da, baina ni hasi nintzenean edozerk balio zuen. Orain, nahiago dut gai batzuk ez landu badakidalako ez didatela funtzionatuko. Lehen dena umorez errazago hartzen genuen.
Sortzailea izanda, nola daramazu autozentsura? Erraza da txiste bat gordetzea?
Behin baino gehiagotan sartu dut hanka. Horrela ikasten da.
Oholtza gaineko Alex kaleko berbera da?
Oholtza gaineko Alex ganberroagoa da. Baina ez dut pertsonairik egiten, ni izaten jarraitzen dut. Kontua da, grazia egiteko, dena esajeratzen dudala. Bikotekidearekin gertatutako anekdota bat kontatzen dudanean, seguraski hori benetan gertatu zait, baina esajeratu egiten dut.
Nola bizi duzu jendeak zure bizipenez barre egitea?
Nik kontatzen dudanean jendeak nire patetismoaz barre egitea ikaragarri atsegin dut. Eta entzuleek kabroia naizela esatea ere gustatzen zait.
Publikoak barre egiten duenean lasaitua hartzen duzu?
Sekulako sentsazioa da. Ez dago beste ezerekin alderatzerik. Gertatu izan zait bakarrizketa baten ostean entzule bat etorri eta esatea oso egun txarra izan duela baina arazo guztiak ahaztuarazi dizkiozula. Oso polita da. Baina kale egiten duzunean ere oso sentsazio gogorra da. Baina zorionez gutxiago izaten dira.
Goierritarrei barre egitea gustatzen zaie?
Nik ere antolatu nuen bakarrizketa lehiaketa bat Beasaingo Maillutz tabernan. Jende asko ezagutzeko balio izan zidan, eta komedia talde bat sortu genuen guztien artean: Kike Biguri, Jon Plazaola, Macrea Clarke… Eskualdean ez dago bakarrizketagile askorik, egia esan. Baina saioak arrakastatsuak izaten dira, jende asko hurbiltzen da entzutera. Zaletasuna badago.