Paula Sukia Herrarte (Beasain, 1996) ingeniaria da gaur egun, baina txikitatik barruan daraman zaletasunari tarte bat eskaintzea erabaki du azken sasoi honetan, eta Espejos del alma izeneko proiektua jarri du martxan Instagramen.
‘Espejos del alma’ proiektua duzu eskuartean. Zer da egiten duzuna?
Egia esan nahiko nukeena baino gauza gutxiago egiten ditut denbora faltagatik, baina orokorrean mota guztietako materialekin egindako bitxiak sortzen ditut: belarritakoak, pultserak, lepokoak… Batez ere horra bideratuta dago proiektua.
Nondik datorkizu zaletasun hau?
Nire amonak eta amak irakatsi didate zaletasun hau. Nire amonak betidanik egin izan ditu zeramikazko artelantxoak eta ni txikitatik berarekin ibiltzen nintzen eskulan hauek egiten. Nire ama ere zalea da, eta era guztietako eskulanak egiten ditu: zeramika, xaboiak… Harrapatzen genuenarekin sortzen genituen artelanak. Nik ere txikitatik izan dut pultserak egiteko zaletasuna, betidanik gustatu izan zait dendetara joan eta materiala erostea gero etxean eskulanak egiteko.
‘Espejos del alma’ da markaren izena. Nondik dator?
Lagun batek lagundu zidan izena aukeratzen. Eskulan bat egiterakoan bi dira oinarrizko erremintak, eskuak alde batetik, eta begiak bestetik. Beti esan izan da arimaren ispilu direla eskuak eta begiak, eta hortik tira eginda, nire proiektuari Espejos del alma izena jartzea erabaki nuen. Nire artelanak esku eta begiekin egindakoak dira, eta pieza bakoitzak nire esentziaren zati txiki bat darama azken finean.
Salmentak ongi al doaz?
Egia esan ez diot garrantzi handirik ematen salmenten kontuari. Denbora gehiago edukiko banu, gehiago zentratuko nintzateke proiektu honetan, eta salmentak areagotzen saiatuko nintzateke. Une honetan nire helburua ez da sekulako salmenta izatea, baizik eta jendeak nik egiten ditudan gauzatxoak ikustea. Ilusio handia egiten dit jendeak nik eskuz egindako artelan bat erosten duenean, baina une honetan gehiago da ikustaraztea saltzea baino.
Nola jar daitezke erosleak zurekin harremanetan?
Instagram erabiltzen dut gehienbat. @es.del.alma da nire kontua, eta nahi duenak hortik kontakta nazake. WhatsAppa nahi izanez gero ere ez daukat arazorik, azkenean ordainketa Bizum bidez egiterakoan nire telefono zenbakia ematen diot jendeari, eta hortik hitz egiteko aukera ere eskaintzen dut.