Josune Begiristain Plazaola • Agiña auzoa, Zumarraga
Duela 54-55 urteko argazkian Agiñako eskolaumeak agertzen gara. Auzoko umeez gain, Espainiatik etorritako beste lau ere badaude.
Izan ere, garai hartan Espainiatik jende asko etorri zen eta Agiña inguruko baserrietan eta txaboletan bizi izan ziren, oso baldintza kaskarretan, askotan, hiru-lau familia elkarrekin, argirik eta urik gabe. Eskola ere bikoiztu behar izan zuten, 50 ume baino gehiago izatera iritsi baitzen eskola. Honela, Agiñako eskolara, bertakoak joaten ginen batez ere, eta Izukitzakora atzerritik etorritakoak, inguruko bizpahiru baserrietakoekin batera.
Ni neu, goiz, 5 urterekin hasi nintzen Agiñako eskolan, maistrak amari esan baitzion ni eskolara bidaltzeko; ondoan bizi ginen. Eskolan hasi arte, ez genekien gaztelera existitzen zenik ere eta ez ziguten eskolan euskaraz hitz egiten uzten. Irakasle guztiak espainiarrak izan ziren. Lehenengo idazten ikasi nuen esaldia, «no hablare en vasco» izan zen. Hala ere, ez daukat eskolako oroitzapen txarrik. Adin guztietako umeak batera egoten ginen.
Orduko maistra batekin harremana izatea lortu dut, Madrilen bizi da, 80 urtetik gora ditu. Nahiko aurrerakoia zela eta dela esango nuke: eskola publikoa izan arren, ordaindu egin behar izaten zen eta baserri askotan ume asko izaten zirenez, ume guztiak eskolara bidaltzeko esaten zien gurasoei, berdin emango ziela klasea ume guztiei.
Gaur egun 57 urte dituzten auzotarrak Zumarragarako eskolara joaten hasi ziren. Nahiz eta duela 30 bat urtera arte Agiña Azkoitiko auzoa izan, administratiboki Zumarragara joatea zegokigun.
Eskola izatetik, elkarte izatera
Honela, eskola zaharrean elkartea egokitu genuen 1973. urte inguruan eta auzotarren topalekua izaten jarraitzen du. Oso elkarte bizia da eta auzotarrok oso harreman ona daukagu: festak antolatzen ditugu…. Norbait hiltzen denean ireki egiten dugu hileten ondoren taberna zerbitzua emateko, igande goizetan ere zerbitzua eman izan dugu…