Haizea Zurutuza • Hazia loradenda (Beasain)
Etxean denbora gehiago igarotzen dugun garai honetan, naturari eta landareen berdeari (naturalak zein artifizialak izan) gero eta toki gehiago egiteko joera hartu dugu. Dena den, kontuan izan behar dugu, apaintzeaz gain, osasunerako onuragarriak direla landareak; funtzio desberdinak betetzen dituzte. Etxean dugun argitasunaren eta tokiaren arabera aukeratu beharko ditugu landareak. Argitasun gutxi dagoen tokietarako, landare berdeak aukeratuko ditugu, lorerik gabekoak.
Partikula kutsakorren aurka
Gaur egungo etxeetan, egurraren eta harriaren ordez, material sintetikoak edo imitaziozkoak jartzen dira eta airera partikula kutsakorrak zabaltzen dira. Elementu hauek ikusi ez arren, gure osasunerako oso kaltegarriak dira. Horri aurre egiteko, badago irtenbide bat: partikula kutsakorrak xurgatzen dituzten barruko landareak jartzea. Spatihiliuma da ezagunena, hosto berdeak eta luma txuri formako lorea du. Sanseveriak berriz hosto berdexka eta ertz marra hori bat du. Photoa ere izan daiteke, tantan formako hostoa duena, berdea hori ukituarekin (tutorea jartzen ez bazaio zintzilika geratzen da) eta Chamadorea palmera ere bai.
Bestalde, ordenagailu eta mugikorrak botatzen duten erradiazioa kentzeko kaktus zehatz batzuk daude. Hauen izena Cereus Peruvianus barietateak dira. Forma berezia dute.
Espazioaren arabera
Dugun espazioa estua bada, enborra duten landareak jarriko ditugu toki gehiegi ez kentzeko. Yucca eta Dracena, esate baterako. Lekua zabalagoa bada palmera modukoak edo hosto handiko landareak jar daitezke, forma berezietakoak. Apal edo mahai baten gainean jartzeko garoa, begonia bixiak edo kalanchoeak dira ezagunenak.
Sukaldean ere bai
Landare apaingarriez gain jangarriak ere badaude. Aromatikak dira. Asko dira, baina ezagunenak erromeroa, perrexila eta mendafina dira. Erromeroa haragiak kozinatzen direnean erabiltzen da; menda belarra infusioetan eta mojitoa bezalako edariak egiteko; perrexila hainbat erabileren artean arrainei saltsa berdea egiteko erabiltzen da. Horiek etxean usain goxoa ere ematen dute, eta sukaldeko leiho ondoan edo apalen batean jartzeko oso egokiak dira.
Loredunak
Espazioari kolorea eman nahi badiogu loreak dituzten barruko landareak daude. Badaude beren hostoek dizdira berezia dutenak. Aukera horietako bat da Anthuriuma. Laranja, gorria, txuria, more edo arroxa koloreko loreak dituzte eta bere hostoek dizdira berezia dute. Batek baino gehiagok uste dute artifizialak direla.