Ormaiztegiko Irizar autobusgile enpresak mugarri ugari izan ditu, bere historia luzean. Produktu gogoangarriak ere bat baino gehiago ekoitzi ditu. Ikusgarrienetako bat, bi solairuko autobusa izan zen: Dragoia. 1985ean hasi zen. Espainiako merkatuan nabarmendu nahi zuen Irizarrek garai hartan, lehia izugarria zelako. Europara irteteko izenik ez zuen artean, eta ibilgailu ikusgarri bat behar zuen. Dragoiak eman zion hori.
Everest modeloa zuen garai hartan Irizarrek autobus estandarra, baina harekin zerikusirik ez zuen bi solairukoa garatu zuen. «Bi pisuko garantiako autobusik ez zegoen orduan. Belgikatik edo Alemaniatik inportatzen ziren, baina oso garestiak ziren, amortizatu ezinak. Ideia nahiko berritzailea zen. Txasiari aurrealdea aldatu, eta lortu zen egitea», oroitu du Juan Antonio Urteaga orduko komertzialburuak.
Inpaktua nahi zuten, eta baita lortu ere. Dragoi gorria izan zen bi pisukoaren lehen unitatea, prototipoa. Andoaingo lankide batek egin zuen diseinua, ezohiko margolanetan trebea. Ondoren, Eliseo Gorospe altsasuarrak margotu zuen. Herensuge luzea autobusaren saihetsean kiribildua ageri zen, ahotik sua zeriola. Madrilgo Empresa Ruizek erosi zuen, ikusi orduko.
Espezializazioa zen beste helburu bat, hasi berria zen bi solairukoen alorrean sartu, beste produktuen merkatuak sendotzeko, irudi ona bilatuta.
Hain justu, diseinu hark eman zion bataio-izena autobusari, behin autobusa eginda zegoela: Dragoi gorria (Red Dragon errotulatuta). Bigarren unitatea urdinez margotu zuten, eta Dragoi urdina izan zen (Blue Dragon). Harrezkero, bezeroei pertsonalizatutako koloreekin egin zituzten. Ekoizpen-bolumen oso handia ez zuen izan. «Urtean 30-40 unitatetik gora ez ginen pasatuko». Bilman Bus enpresak, esaterako, Bilbo-La Manga linea 12 Dragoi autobusekin inauguratu zuen. Marketin ona izan zen. Euskal enpresek ere eskuratu zuten berea: Aldalurrek, Aizpuruak, La Guipuzcoanak, Le Basque Bondisat-ek, Goierri Busek…
Produktu berritzailea
Irizarrek 1950eko hamarkadan ere egin zituen bi solairuko autobusak. Dragoia, teknologikoki berritzailea izan zen, ordea. Ekoizpen arloa diseinatzen Joaquin Oñatibia ibili zen. Produkzioan, ordea, ez zen besteekin proportzionala, bi pisukoak zituen neurri handiengatik: armadura, txapa eta pinturako kargak handiagoak zituen, eta zaila zen ekoizpen katean integratzen.
Egiteko kostuak altuak ziren. Konpetentzia ere handitu zen, eta errentagarritasun faltagatik utzi zion Irizarrek egiteari. Bezero askok geroago ere eskatzen zieten. 1996 aldera arte egin zituzten Dragoiak, banaka batzuk azkenera.
«Denborarekin, oso autobus ona izan zen, emaitza ona eman zuen. Izen ona lortu zen, produktu bezala eta Irizar bezala. Aurrenetik zeuden espektatibak bete ziren». Dragoi gorriaren kemena.