Joxe Begiristain • Euskara teknikaria
Oraingoan, lau haizeetara gomendatu nahi dudan liburu bat dut hizpide: Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiak. Liburu hau saiakera abizenez sailkatzen da, baina hasi eta bukatu, bere irakurketa literatura bete-betea da. Ez dakit munduan beste inork egingo lukeen Lertxundik hemen bezain ondo, literatura-itzulpenen garrantzia zenbaterainokoa denaren aldarria. Lertxundik adibide franko ematen ditu itzulpen onak antzeman ditzagun eta itzultzaile onek zein bertute dituzten jabetu gaitezen. Betiere, berak sarreran diona gehitu behar zaiolarik: «Tamalena zait mintzagai izan ditudan itzulpen eta itzultzaileak ez direla inondik ere liburura ekartzea merezi zuten bakarrak».
Eta ni arrazoi beraz desenkusatu naitekeenez, haien itzulpenengatik nigan berealdiko arrastoa utzi duten hiru itzultzaile behinik, aipatuko ditut: Robert Louis Stevensonen Altxor uhartea itzuli zuen Asun Garikano, Emily Brontëren Gailur ekaiztsuak itzuli zuen Irene Aldasoro eta alderantzizko bidean, euskaratik gaztelaniara Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak, Las ateridas manos del alba bihurtu zuen Jabier Imaz ataundarra. Liburu horiek, Lertxundiri ikasi diodana baino lehen irakurriak ditut eta nolabaiteko harrotasun bat sumatzen dut orain, nik ere Garikanoren, Aldasororen eta Imazen liburuak, hirurak, irakurtzen ari nintzena eurak sortuak balira bezala gozatu nituela jabetzen naizelako. Lertxundik argitu dit zergatik, noski: itzultzailea nahitaez da idazle sortzailea.
Itzultzaile automatikoen (neuronala, Elhuyarren Elia…) egokitasuna eztabaidan den honetan, inork ez ditu zalantzan jartzen horien ahalmena eta zenbait alorretarako dakartzaten onurak, baina paradoxikoa da, are eta ageriagoan utzi dutena: ezin izango dituzte sekula ordezkatu literatura itzulpenen idazleak. Hauen mirariak.