Iparra Hegoa elkarteak nolako Euskal Herria amesten duten galdetu die euskal herritarrei. Ametsak kutxa batean biltzen ari dira.
Kutxa baten istorioa da hau, zurezko kutxa txiki batena. Eskutik eskura, milaka kilometro egin dituena. Ozeano Atlantikoa ere gurutzatu du joan etorrian. Nagore Zaldua eta Eneko Bachiller donostiarrek egin zuten kutxa, Adunako Apakintza baserrian. Gaztainondoaren egurrarekin egindako kutxa da, baserrietan izaten diren kutxak bezalakoa; diseinuak ere baserrietako kutxei egiten die erreferentzia. Apaingarrien artean Iparra Hegoako logoa nagusitzen da beste guztien gainetik.
Eskuz tailatu dituzte irudi guztiak; estalkian Iparra Hegoa 2021 dioen pirograbatua du, euskal tipografiarekin eta lauburuarekin. «[Kutxan] Badago ondare kultural bat, eta egitasmo honetan hortik asko dago. Ari gara hizkuntza batez hizketan, gure herriak duen altxorrik kutunenaz. Eta baita ere ari gara hitz egiten artisau lan eremu batez. Egia esan, galtzen ari den eremu bat da, oso leku gutxi daude gaur egun horrelako lanak egiten dituztenak. Orduan iruditzen zitzaigun oso ongi ezkontzen diren bi gauza direla: kutxa, hizkuntza eta egitasmoa», azaldu du Nagore Zaldua zurginak. Iparra Hegoa elkarteak abiatutako Kutxa Bira egitasmoaz ari da.
Ametsak dira kutxaren motorra, ametsek daramate kutxa hara eta hona. Iparra Hegoa elkarteak euskal herritarrei amets egiteko eskatu zien, zer nolako Euskal Herria nahiko luketen amets egiteko. Ilusioak kutxa barruan biltzen ari dira, herriz herri. Datorren igandean aterako dituzte, Seguran, eta ametsez osatutako Euskal Herriko puzzlea osatuko dute: «Ideia Baionako Etxepare lizeotik jaso genuen: Kutxa bat Euskal Herrian zehar birika eta bertan herri bakoitzak bere ametsa sartzea. Hau da, bakoitzak nolako Euskal Herria nahiko genukeen irudikatu behar dugu eta kutxan gorde. Batzuetan feminismotik erantzun da, beste batzuetan euskaratik… Amaieran denon artean zer nolako Euskal Herria nahi dugun irudikatuko dugu», azaldu du Euri Albizu Iparra Hegoako kideak. Kutxa txikia izanagatik, amets ugarirentzako tokia dago. 70 pieza edo amets baino gehiagoko puzzlea izango da, herri bakoitzeko bat.
Kutxak Argentinan hasi zuen bidea, Patagonian, Viedma hiriko euskal etxean. 11.000 kilometrok baino gehiagok banatzen ditu Viedma eta Segura. Bidean, Euskal Herriko zortzi probintziak igaro ditu: «Diaspora Euskal Herriaren parte bat ere bada eta beraiek ere ekarpena egiten dute. Horregatik, keinu bat egin nahi genien», dio Albizuk. Pasa den asteburuan, bestalde, Bartzelonan izan da, Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko zubiak sendotzeko. «Gu oso gustura gaude. Ikusten dugu herrietan oso harrera ona izaten ari dela. Jendea motibatuta dago, ilusionatuta», azpimarratu du segurarrak.
Indarberrituta datorrenari begira
Iparra Hegoako kideek ilusioa berreskuratu dute. Iaz 25. urteurrena ospatu behar zuten baina erdizka gelditu ziren, pandemiarengatik. Aurten ere ohiko jaialdia ezingo zutela antolatu ikusi zutenean Kutxa Biraren ekimenari heldu zioten. «Ez Iparra Hegoa bakarrik, Euskal Herriaren eraikuntzan ekarpena egiten duten beste ekintza asko ere bertan behera gelditu dira», gaineratu du. Zuloa handia da, baina kutxak eta ametsek betetzen dute apur bat. Gainera, Kutxa Biraren inguruan ekintza osagarriak ere antolatu dituzte: «Ez da Iparra Hegoa bat, baina bai ikusten genuela Kutxa Bira girotzeko egin zitezkeela kultur ekimen batzuk, egoerak eskatzen duen erantzunkizunarekin. Hitzaldia izan ditugu, ikus entzunezkoak, dokumentalak…».
Kutxa baserrietako gordailuetan oinarrituta dago. Iparra Hegoa elkartearen logoa du erdian, eskuz tailatuta
Naziogintzako ekintzen galerak sortutako hutsunea estali nahi dute birarekin, baina ez dute errepikatzeko asmorik
Albizuk aipatu du Iparra Hegoako lan-taldea «gogotsu» dagoela. «Hau guztia amaituko da eta 25. urteurrena ospatuko dugu behar bezala». Bidasoaren bi aldeetako euskal herritarrak batzeko eta naziogintzan sakontzeko sortu zen Iparra Hegoa jaialdia. Hasieran astebetekoa zen, baina azken urteetan hilabete osoko egitaraua antolatu ohi zuten.
Kutxa Biraren aurkezpenean antolatzaileek esan zuten ez dutela errepikatzeko asmorik. «Datorren urtean gure ohiko formatura itzultzea da helburua; izan ere, gure herria oso aberatsa da festa eredu propioa duten ekitaldiak antolatzen, eta ez dugu beste baten beharrik ikusten».
Kutxa bira
70 herri baino gehiago bisitatuko ditu ametsak biltzen. Jendea mugitu ordez, kutxa dabil alde batetik bestera. Milaka kilometro egingo ditu hiru hilabetetan.
- Martxoa. Viedma (Argentina).
- Apirila. Baiona; Lartzabal; Reau-Sud Francilien (Frantzia); Itsasu; Aiherra; Baigorri; Aurizberri; Urdiñarbe; Lexantzu; Lekaroz; Bera; Irun; Hondarribia; Pasaia; Orereta-Errenteria; Aduna; Irura; Ibarra; Idiazabal; Zerain; Zumarraga; Antzuola; Legazpi; Aretxabaleta; Aramaio; Elorrio; Zeanuri; Laudio; Bilbo; Deustu; Balmaseda; Turtzioz; Algorta; Sopela.
- Maiatza. Barrika; Plentzia; Gautegiz-Arteaga; Lekeitio; Larrabetzu; Urkabustaiz; Durango; Agurain; Altsasu; Arbizu; Gares; Oibar; Irunberri; Iruñea; Bartzelona (Katalunia); Tafalla; Kanpezu; Eskuernaga; Bastida; Argantzon-Trebiñu; Gasteiz; Oion; Viana; Mendabia; Lodosa; Deikaztelu; Sartaguda; Andosilla; Lakar-Arroniz; Lasarte-Oria; Hernani; Igeldo; Donostia; Azkaine; Urruña; Segura.