Aitziber Makatzaga • Zerain
Igartubeiti Baserri Museoak, Musealiak proiektuaren barruan, bola jokoaren historia azaltzeko helburuarekin hurrengo hilabeteetan Zeraingo birla, txaparroa eta bola jarriko omen ditu erakusgai beraien erakusgelan. Bola jokoaren ezaugarriak eta garrantzia azalduko dituzte eta erakusgai jartzeko behar dituzten argazki zaharren bila nabilela jaso dut Goiberri-ko deia: «Aitziber, ba ote duzu gure aldizkarian jartzeko moduko garai bateko argazkirik?». «Ba agian ez da hain zaharra momentu honetan eskuetan dudana, baina 2003ko ekainaren 15eko argazkia hartuko dut mintzagai. Zeraingo emakumeok lehenengo aldiz Gipuzkoako emakumeen txapelketan parte hartu genuen egunekoa da».
Antonio Alustiza zenarekin larunbat arratsaldero gogor entrenatzen ibiliak ginen. Herreran eta Hernanin emakumeak bolatan hasiak ziren eta gu ere urtean behineko txapelketan parte hartzera animatu gintuen Antoniok. Zeraingo sei emakumek hartu genuen parte. Egunkaria itxi berritan, hura berriz irekitzeko aldarrikapena eginez Egunkaria aurrera-ko kamisetak jantzita bota genituen Zeraingo bolalekuan.
Lehenengo bola frogakoa izan ohi da eta hau kale egin nuen. Baina laster gerturatu zitzaidan Martin Etxaluze bolari zena eta «makurtu eta bolari aurrera laguntzeaz gogoratu», esan zidan. Belaunak dar-dar batean nituela bota nituen gainerako zortzi bolak. Antonio Alustizak erakutsi zidan guztiari esker, eta Martin Etxaluzek eskainitako laguntzarekin, Gipuzkoako Emakumeen txapela lortu nuen. Orduz geroztik, Gipuzkoa osoan makina bat bolalekutan bolatan jokatzeko aukera izan dut. Eta emakumea, gizonezkoen artean bolari bat gehiago izatea ere lortu dugu. Gainera ezin dugu ahaztu azken bi urtetako Gipuzkoako taldekako bola txapelketetara 6 emakumez osaturiko bi talde joan garela Zeraindik. Igandero bolalekuz bolaleku ez ibili arren, herrian bolatan egiteko joera gehitzen joan da eta bolari taldeak antolatuta lehen bolari eguna ere ospatu genuen iaz herrian osasun krisi hau sartu aurretik.
Zerainen 21 bolaleku
Eta horretan jarraitu nahi dugu. Jose Mari Etxaluzek garai bateko 21 bolaleku kontatu ditu Zeraingo auzo eta baserri inguruetan. Izan ere, izugarrizko garrantzia izan zuen bola-jokoak gurean. Garai bateko kantina eta sagardotegiei loturik zeuden bolaleku gehienak, eta herriko plazaren erdian bolatan aritzen zireneko argazki bat baino gehiago aurkitu ditugu. Baserri inguruan entrenatzeko bakoitzak bere bolalekua zuenik ere bazen, eta bakoitzak ahal zuen bezala aizkoraz egindako birla eta bolarekin jolasten omen zuten. Jai arratsaldeetako bilgunea zen bolalekua eta «Bost par lau», «lau par bost» edo eta «hiru par lau» bezalako oihuekin aurkariari apustu egiten zioten eta, bolalekuan erabakitzen zuten tragoa nork ordaindu. Bola lehiaketetan berriz mosto botila izaten omen zen irabazlearentzat.
Gaur egun bolaleku bakarra dugu herrian, baina hau, ederrenetarikoa. 2003an auzolanean zaharberritu zen. Eta aurrerantzean ere, denon artean lanean jarraituko dugu joko honek aurrera jarrai dezan eta emakume nahiz gizonezko, haur, gazte nahiz ez hain gazte, zeraindar nahiz goierritarron aisialdiko bilgune izan dadin. Beraz, animatzen bazarete bolalekuan ikusiko dugu elkar.