Oi musikaren jatorria Erresuma Batuan dago, Londresko gazteriak protesta moduan erabiltzen zuen punka eta Skinhead mugimenduaren bideak uztartu zirenean 70eko hamarkada amaieran eta 80ko hasieran. Horra hor Sham 69, Cock Sparrer, Partisans, Cockney rejects, Blitz, Menace, Angelic Upstairs, UK Subs…
Euskal Herriko musika taldeek asko edan zuten han goitik, ñabardurak ñabardura protesta giroa beretsua zen, eta egoera horretan RIP, Kortatu, Zakarrak, MCD… beraien bertsio klasiko asko egin zituzten gure zorionerako.
Urte asko pasa dira, baina arazoak berdintsuak izaten jarraitzen dute eta testuinguru horretan ondorengo belaunaldietan izan diren Oi! taldeek ederki astindu dituzte bazterrak mezu zuzen eta argiekin. Horra hor Des-Kontrol, Arcada Social, Suburban Rebels nola egungo Rotten XIII, Kaleko Urdangak, mendeku diskoak argitaletxea… eta gaurkoan azpimarra egin nahi dudan Orreaga 778.
2004. urtean jaio zen taldea, izena, Carlomagnoren aurka Orreagan emandako herri defentsaren borroka hari omen eginez jarri zioten. Ordutik lan asko izan dira bidean, (begiratu beraien Bandacampean esaterako) baina hitz hauek irakurtzen ari zaretenerako kalean izango da Herrimina izeneko lan berria. Capsula taldeko Martinekin Bilbon grabatutako 8 abesti berri dira, eta biniloan, kolore ezberdinetan, eskuratzeko aukera izango duzue. Lan honen argitalpen lanetan, Beasaingo XCementerioX argitaletxe eta banaketa taldeak parte hartu du beste batzuen artean.
Nola ez aipatu Orreaga 778 taldeko beasaindarra. Axiok baxuaren lau sokak indarrez astintzen ditu. Bere Behin Betiko Tattoo estudioan ere izango duzue lan berria salgai. Online berriz, herri bereko XCementerioX-en bitartez izango duzue eskuragai. Jantzi botak, musika prest dago ta!