Xabat Laiglesia Goenak (Urretxu, 2005) gertutik bizi izan ditu beti txirrindularitzako lasterketak. Egun batean lasterketa horietara kamera eramatea erabaki zuen, eta gaur egun kirol jardueretan ibiltzen da argazkiak ateratzen.
Noiz hasi zinen kirol jardueretan argazkiak ateratzen? Zer da zehazki egiten duzuna?
Ez nuke urte zehatz bat esaten jakingo. Sei bat urte nituenean dagoeneko txirrindularitza lasterketetara joaten nintzen. Nire anaia txirrindularitza eskolan ibili da txikitatik eta bera ikustera joaten nintzen, baina hasieran argazki kamerarik gabe. Bederatzi urte baino gutxiago nituenean, kamera hartu eta lasterketetan argazkiak ateratzen hasi nintzen, baina sare sozialetara igotzeko pausua orain dela 3 urte eman nuen. Lasterketetatik itzultzen naizenean, argazkiak Google Photosera, Instagramera eta Facebookera igotzen ditut. Horren ondoren, anaiak gehien gustatzen zaizkion argazkiak hautatu eta Instagrameko story-etara igotzen ditu txirrindulariak eta taldeak etiketatuz.
Kiroleko zein esparrutan gustatzen zaizu gehien argazkiak ateratzea?
Kirol batekin geratzekotan txirrindularitzarekin geratuko nintzateke. Honek sortzen dizkidan emozioak oso bereziak dira, eta gainera toki berriak ezagutzeko aukera ematen dit. Zorte handia dut bizi naizen lekuan bizitzeagatik, izan ere lasterketa asko etxetik gertu izaten dira, Goierri edo Gipuzkoa inguruan.
Kirol argazkiez gain, bestelako estiloko argazkiak ere ateratzen al dituzu?
Gaur egun soilik kirol esparruko argazkiak ateratzen ditut. Lehen beste zenbait ekitalditara ere joaten nintzen: Azpeitiko mendi rallyra, Legazpiko Artzain egunera… Baina gaur egun bizi dugun egoera dela eta, ekitaldi hauetako asko ez dira ospatzen eta hori dela eta, estilo honetako argazkiak alde batera utzi ditut.
Etorkizunean gustatuko al litzaizuke argazkigintzan modu profesionalean aritzea? Zein izango litzateke zure ametsa ofizio honetan?
Bai, baina esparru jakin batzuetan soilik, izan ere, argazki estilo batzuek edizio gehiegi eskatu ohi dute, eta editatzea ez da zehazki gehien gustatzen zaidana. Txirrindularitzako edota beste kirol batzuetako argazkiak modu profesionalean ateratzea gustatuko litzaidake; nork ez luke bere hobby bat eremu profesionalera eraman nahiko?