Irati Goikoetxeak (Beasain, 1984) ‘Herriak ez du barkatuko’ eleberria argitaratu zuen duela bi hilabete. Biktimen minez eta sufrimenduez dihardu, eta gizarteak duen jarreraren inguruan hausnartzen du. «Liburua galdera erraldoi bat da: zergatik? Kontua da prest ote gauden galdera horiek erantzuteko». Goikoetxea gustura dago lanak izandako erantzunarekin.
‘Herriak ez du bakartuko’ 22 urte lehenago hasten da, Oihanaren aita akabatzen dutenean. Halere, atentatuaren xehetasunik ez du ematen liburuak.
Liburuak batez ere hilketaren ondorengo klabeak ematen ditu. Gertaera bat eta bakarra da baina horrek eragiten duen mina eta sufrimendua, zoritxarrez, denboran eta espazioan izugarri areagotzen da. Garrantzitsua iruditzen zait hori irakurlearengana iritsiaraztea. Ez dira gertaera puntualak eta pertsona batean zentratzen direnak, baizik eta eragina izugarria da eta bizitza osoak baldintzatzen ditu. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan hori bistaratzea, ondorengo espazio eta denbora horietan erakundeek, herriak eta gizarteak jarrera bat har dezaten, biktima horiek gizartearekin, herriarekin eta erakundeekin bizi behar dutelako.
Oihanak ez du mendeku goserik.
Ingurua ez da nor sufrimendu hori bizi duenari egoera nola kudeatu behar duen exijitzeko. Baina badaude kasuak, eta asko gainera, oso modu hezigarrian, eraikitzailean, bideratu dutenak beraien dolua. Batez ere transmisioan, gertuko zirkuluetan eta haragokoetan, inondik ere gorrotozko transmisiorik egin gabe. Hor hautua dago, eraikitzekoa: bera, pertsona bezala; eta eraikitzekoa ingurunearekin, elkarlan batean, emozio negatibo horiek iraulita.
Oihana Italiara joaten da, Albaceten ere bizi da urte batzuetan… Minarengandik ihesi dabil? Mina tokiarekin ala norberarekin dago lotuta?
Ez nuke esango ihesi dabilenik. Mina berarekin darama eta berarekin eraman beharko du beti. Badabil min gehigarri horretatik ihesi: isiltasuna, indiferentzia, bakartasuna… sufrimendu gehigarri horren zama berarekin eraman beharra oso gogorra da. Eta ihesi dabil bizi egin behar duelako. Kanpora joatea biziraute bat da.
Oihana den arren protagonista, bere inguruko guztiek dute zamaren bat: torturatuak, GALen biktimak… Biktimak berdindu nahi izan dituzu?
Kontua ez dut uste denik alderatzea edo batzuk ikustea eta besteak ez, inondik inora. Mina erreparatzeko ahaleginak egiten baditugu, eta egin behar ditugu, mina erreparatu behar dugu. Eta singularrean ari naizenean pluralean ari naiz, minez, batzuk eta besteak bereizi gabe, orokorrean. Liburuan pertsonaia desberdinak ageri dira eta min desberdinak bizi dituzte, jatorri ezberdinetakoak, hori delako gizarte honen errealitatea.
Gatazka armatutik kanpoko biktimak ere badaude. Esaterako, Lukasen beste aitona auto batek harrapatuta hil zen. Amari, Oihanari, egiten dion galdera bera: ‘Ez dira gauza bera, ezta?’
Biak dira hilketak, baina hilketa batzuek aurre eta atze sufrimendu gehigarriak dituzte. Eta hilketa batzuen atzean justifikazioak egon dira, edozein hilketa justifika ezina den arren. Arrazoiketetan egin dugu labain.
Eta hilketa batzuk ondorengo urteetan eta aurrekoetan sufrimendu gehigarria izan dute. Eduardoren aita kotxezale batek hil zuen eta hori da gertaera. Oihanaren aita hil zuten, baina hiltzen hasi ziren aurretik eta hiltzen jarraitu zuten ondoren, horrek esan nahi duen guztiarekin. Eta berdin Mirenen anaiaren heriotza. Guardia Zibilak hiltzen du baina urteetan eta urteetan aitortu gabea da, horrek suposatzen duen guztiarekin. Hanka sartze asko egin dira, eta mina areagotu egin dute. Orain gure, herriaren, gizartearen eta erakundeen esku dago gaur eta orain areagotutako minei buelta ematen hastea.
Haurrak oso presente daude eleberrian. Datozen belaunaldiei ongi azaltzen zaie Euskal Herrian jazotakoa?
Liburua galdera erraldoi bat da: zergatik? Umeak oso naturalki umeak datoz eginez. Kontua da prest ote gauden galdera horiek erantzuteko. Eta egon beharko genuke, memoria transmisio hori modurik eraikitzaileenean egiteko.
Kontaketa nork egin behar du? Oihanak, biktimak, ala Santik, adituak?
Ez da nork idatzi beharko lukeen. Izan beharko luke puzzle bat. Eta batez ere, humanoa. Liburuan agertzen diren haserre mendien aurretik jarri beharko genukeena da begirada humanoa. Askotan, aurretik begirada ideologizatua jartzen dugu, eta horrek egiten duena da deseraiki. Errelatoek atzera begiratu behar dute etorkizun bat eraikitzeko. Bilatu behar ditugu bateraguneak, eta minaren erreparazioa oinarri ona izan daiteke bateratze baterako.
Oihana artista da, eta ‘Herriak ez du barkatuko’ ere sormen lan bat da, bere horretan. Arteak kontaketaren eraikuntzan zer rol du?
Azken finean, nola definitzen da mina eta sufrimendua? Halako kontzeptu abstraktuei forma emateko ezinbesteko tresna da artea, bere forma guztietan. Artea zerbait potentea da sentimenduak elkarbanatzeko, interakzioan sartzeko, eta agerian jartzeko.
Atentatutik 22 urte igaro diren arren, Oihanak zauriak ez ditu erabat itxita. Betikotzeko arriskurik badago?
Zauriak hor egongo dira, baina kontua da zauri horiek goxatzeko gai izango ote garen, ezkutatu gabe. Ez dut uste minik estali behar denik, garrantzitsua da ikustea, baina eskuak behar dituzte ondoan. Herri bezela ardurak gure gain hartu behar ditugu, biktima hauek gizartearenak direlako. Biktimak herriarenak behar dute izan eta herriak biktimarenak izan. Interkazio horretan bada garaia era aktibo batean lantzen hastekoa, bestela badagoelako arriskua betikotzeko. Eta betikotzea da, ezinbestean, gaiztotzea eta onartzea herri honen zati batek sufritzen jarraituko duela. Eta hori oso gogorra eta jasanezina da, tresnak baditugulako hori ekiditeko.
Liburuak izandako harrerarekin gustura gelditu zara?
Kontatzen dena fikzioa da, baina fikzio oso erreala da. Modu batean edo bestean, denok zipriztintzen gaitu. Eta konturatzen ari naizena da irakurlea bere emozioetan deseroso sentitze dela, liburuaren parte sentitzen delako. Hori zen helburuetako bat, irakurlea irakurketan inplikatzea.