Aitor Asurmendi • Zegama
Anastasia Larrea Arakama, amona Anastaxi, Zegaman jaio zen XIX. mendeko azken urtean (1900eko apirilaren 15ean) eta XXI. mendea hurbiltzen ari zela zendu. 20ko hamarkadan ezkondu eta 70 urtetik gora egin zituen Xegundo senarraren alboan (hil ere hamaika eguneko aldeaz hil ziren biak). Bizi izan zen ia 100 urteetan hamaika pasadizo eta istorio utzi zizkigun, zein baino zein harrigarriagoak. Horietako batzuk ETBko Bertatik Bertara saioan kontatuko zituen bere bizitzako azken urteetan.
Amonak Zegamako etxerik pobreenean jaio zela zioen beti, eta umetan, askotan gosearen gosez, burua erabili behar izaten zuela apusturen batean sagarren bat edo errealen batzuk lortu ahal izateko. Horretarako, bereziki gustukoak zituen asto gainean egiten zituen karreratxoak, bai baitzekien garaile ateratzeko «arma berezia» izaten zuela gordea poltsikoan: ez zen usta edo makilaren bat, pipermina zen! Lasterketa hasi baino lehen, astoaren ipurtzuloan sartu eta, berak zioen bezala, «operazioa» egin eta gero, ez omen zen Gipuzkoa osoan bere astoa baino azkarrago joango zen lau hankakorik!
Gaztea zelarik, neskame aritu zen Donostiako Alde Zaharrean. Gipuzkoako hiriburuan ere hainbat komeria bizi izan zituen, baina nik bereziki bi gogoratzen ditut: lehena Kontxa hondartzan ia ito zenekoa izan zen. Egun batean Goierri aldeko beste neskatila batzuekin goizeko zazpietan hondartzara joan (gero lan egingo bazuten, oso goiz abiatzen ziren), uretan sartu eta olatu handi batek bueltaka eraman zuen. Noizbait ur azalera atera eta gainean zeraman baska edo txanbra txikia «desagertu» egin zitzaiola konturatu zen; gainera, garai hartan kulerorik «apenas» izaten omen zen… eta bere bizitzako lotsarik handienetakoa pasatu zuen gajoak!
Amona eta bi botila sagardo
Hurrengo pasadizoak bero sargoria egin zuen abuztuko eguna, amona eta bi botila sagardo izan zituen protagonista. Igandea zen eta etxekoandreak gonbidatuak zituen etxean. Amona janaria prestatzen hasia zen, baina bero itogarriarekin zintzurra lehorra zuen, ia kixkaltzerainokoa. Arazoa «konpontzearren», etxeko beste neskameari kalera joan eta sukaldera bi botila sagardo ekartzeko agindu zion eta, ia konturatu ere egin gabe, bi sagardo botila bihurtu ziren denbora gutxian. Ordubetera edo… mama goxoa edan izanaren ondorioak nozitzen hasi zen amona! Gonbidatuek, ordurako bazkaltzen bukatuta, sukaldariaren lan ona eskertu nahi izan zuten eta etxekoandrea amonarengana hurbildu zen sukaldera, jangelara hurbildu zedin. Amonak bat-batean «buruko mina eta ondoeza» zuela entzutean, etxekoandreak, kosta ahala kosta, medikuari deitu nahi izan zion, baina amonak aspirina hartuta eta ohean sartuta pasatuko zitzaiola esanez konbentzitu zuen. Estuasuna latza orduan ere!
75 urte ondoren Lazkaora
Kontatuko dudan hurrengo pasadizoan hamarkada ugari egin behar dugu aurrera. 1992ko azaroan gertatu zen. Lan egiten dudan Lazkaoko barnetegiko jangelara, afalosterako, amona eramatea erabaki nuen, bere bizipenak konta zitzan eta ikasleek entzumen bizia egin zezaten. Senpere auzoan ginela, Txintxurreta etxearen parean, zera esan nion: «Lazkaoa allatzear gea, amona!». Eta hauxe erantzuna: «Azkeneko aldiz Lazkaoa 17 urte nitula tor nintzen, Zeamatik laun batzukin oñustan, espartiñek eskun, gero hanka puntatan dantza eiteko… txistulari famosoa zetorren ta danak emozionauta!». Une hartan burua bueltaka hasi zitzaidan: hamasei kilometro herri batetik bestera… eta 75 urte behar izan zituen antzarren herria berriz zapaltzeko! Egun, munduko edozein txokotara joateko aukera dugun garai honetan, harrigarria, hunkigarria… iruditu zitzaidan amonaren erantzuna. Oheratuta ere hausnarketak puska batean iraun zuen.