Nerabezaroa garai berezia da, berezia eta garrantzitsua. Bertan hasten gara izango garena eraikitzen, eta lan horrek, konplexutasun nahiko izango ez balu moduan, kontra dugun mundu baten aurka abiatzen dugu. Horren adibide dugu, gaur egun, nerabezaroarekiko gorroto mendekati bat duen gizarte baten aldetik jasaten ari diren guztia. Hala ere, eta behingoz tarte honetan idazten hasi nintzenetik, ez dut pandemia madarikatu honetaz hitz egiteko asmorik.
Nerabezaroan hasten gara gure mundua eraikitzen eta bertan xurgatzen ditugu etorkizunean elikagai izango ditugun hainbat itsas-adar. Bitxia da, nola hamasei eta hogeitabi urte artean ikusi eta entzundakoak markatzen gaituen, nola astindu. Ez dut garairik gogoratzen estimuluekiko halako harbera sentitu naizenik, ikusi eta entzundakoak, halako marka utzi didanik.
Garai hartan maitemindu nintzen musikaz, eta pixka bat aurrerago zinemaz. Geroztik, entzun zein ikusitako mila pieza gozatu ditut, baina ezerk ez nau modu berdinean astindu. Ezerk ez dit, halako indarrez, nire barnean ere, ezagutzen ez nuen mundu bat zegoela iradoki. Horregatik, eta berrogei urte betetzetik gertu nagoen honetan, plazer hutsa izan da, garai haietako sentsazioetara gerturatzen den zirrara moduko bat berriz sentitzea.
Duela pare bat aste izan zen, Usurbe Antzokian. Thomas Vinterverg daniarraren Druk ikustera joan ginen, eta nahiz eta espektatiba altuak izan, erabat zoratuta atera nintzen zinematik. Halako zerbait sentitu nuen azken aldia Manchester By The Sea gordina ikustean izan zen, baina ez dago, heldutasuna onartu nahian dabiltzan irakasle hauen gorabeherekin sentitu nuenarekin alderatzerik. Druk-en kontatzen duenak nire barnearekin konektatzera eraman ninduen berriz. Oraindik, bertan, ezagutzen ez ditudan zokoak daudela hausnartzera. Bizitza, etapa bakoitzaren amaieran, amaitu ez, eta berrindartu egiten dela onartzera. Nahiz eta, muga-igarotzeak, ez diren sekula xamurrak izaten.
Ez dakit berrogeialdiaren krisia ote den, baina gaur, jakin badakit, muga honen ondoren ere, gauza ederrak topatuko ditudala. Gozatu dezagun bideaz, hurrengo mugara arte bada ere.