Alboa euskaraz, platonondoa edo panpanoa ere deitua. Goierriko plaza, kale eta herri barruko pasealekuetan zuhaitz-mota ugariena da. Itzala emateko hosto zabalak eta adarje moldagarria dituenez, XX. mendean zehar asko zabaldu zen. Ez da berez autoktonoa, baina daukan birsorkuntza gaitasun handiagatik, leku askotan naturalizatu da, mundu osoan.
Platanus hispanica izen zientifikoz, berez Amerikako eta Asiako barietateen hibridazioa da. Antzinako Grezian oso zuhaitz maitatua zuten platanondoa, Libanoko zedroaren ondoren estimatuena. Erromatarrek hartu zuten gero kultu berbera. Europan, errepide ertzetan landatu izan dute. Frantzian, adibidez, Napoleonen aginduz hornitu zituztela diote bide bazterrak platanondo itzal-emailez, soldadu taldeak freskoago eta erosoago ibil zitezen. Beste batzuen arabera, janari freskoa eguzkitatik gerizpean eraman ahal izateko sartu zituzten, baina helburu berdinez.
Asia aldetik 1635ean ekarri zuten, Londresera. Hibridazioa Aranjuezeko errege-lorategietan gertatu zela uste da, XVIII. mendean, Luisianatik (AEB) espezie amerikarra hara eraman zutenean. Hortik erantsi diote hispanica izenondoa. Beste batzuen iritziz, Londresko Vauxhall Garden lorategian nahastu ziren. Baina badira 7-8 platanus mota desberdin halere.
Parke eta lorategietatik kanpora, plaza publikoetan lehenbiziko aldiz Gironan (Herrialde Katalanak) hasi ziren landatzen, 1859an. Garaiera handia har dezake, 50 metrorainokoa. Lazkaon, eliza ondoan dago adibidea.
Gaitza eta alergiak, galbide
Kutsadura handiko lekuetan ondo irauten dute platanondoek. Inausketarako ere arazorik ez du ematen, eta edozein urte sasoitan motz dakizkioke adarrak. Zenbait herritan udazken hasieran inausten dizkiote urtean hazitako adarrak, hostoa galtzen hasi aurretik. Orbel ugaria sortzen baitu, gero biltzeko ere.
Horren ugalkorra eta iraunkorra izanagatik, baditu ahulguneak. Azken urteetan gaitzak hartu ditu platanondoak leku askotan, eta Antracnosia eta Microsphaera platani onddoek erasanda ihartu dira. Gizakiarengan sortzen dituen alergien arazoa du aurkako beste faktore bat, eta zenbait tokitan platanondoak ebakitzen eta bertako espezieak aldatzen ari dira.