Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Orain arteko Europako makro-ustiategirik handieneko proiektua bueltaka dabil Soriako Noviercas herrian, baimenak bildu nahian: hogei mila behirentzako ustiategia. Proiektuak estamentu ezberdinetatik balorazaio oso ezkorrak jaso ditu, ikuspegi ekologikotik, sektorialetik, sozialetik, hidrologikotik… ahaztu gabe duen dimentsioarengatik jasoko lukeen laguntza publikoaren kopuru handia. Sektoreko mobilizazio ugari eragin ditu eta herritar askorentzat astakeria handia da. Hala eta guztiz ere, enpresa sustatzaileak etsi gabe, asmoarekin jarraitzen du.
Honen haritik, Noviercaseko ustiategi erraldoiari buruzko artikulu batean «tamainak garratzia du» irakurri berri dut. Baina tamainaz bakarrik ari bagara, zein da muga? Zein tamaina da egokia eta non hasten da astakeria? Izan ere, enpresa berdinak bost mila esne behiko ukuilua dauka Kaparroson. Berdina egitekotan, eredu bera jarraitzekotan, nola jakin egokia eta ezegokiaren arteko tamaina-muga non dagoen.
Gaia interesgarria da elikadura eta nekazaritza jarduera ereduari buruzko eztabaida zabalari eragiteko, eredu industriala eta agroekologikoaren arteko aldeak eta bakoitzaren eraginak (osasunean, jendartean, naturan, ekonomian, justizia sozialean..) esate baterako.
Elikadura burujabetzaren kontzeptua eta agroekologiaren garapena mundu mailako baserritar txikien ekarpena izan da. Agroekologiaren kasuan, ekoizpen deszentralizatua bultzatzen da, tokian tokiko baldintzen araberakoa, gertukoa, giza neurrikoa eta ekologikoa. Askotan pentsatzen dut, agronegozioa ezarri aurretik, baserrietatik zetorren jarduera ereduaren jarraipena dela agroekologia.
Larrialdi klimatikoaren garai hauetan, lurrarekiko defentsan eta agroekologian sakontzea ikasgai pendientea dugu. Gure lurraldean baserriak etengabe desagertzen ari diren honetan gaiari heltzea gero eta beharrezkoagoa dela iruditzen zait. Programa publiko integrala horretarako bideratuta eta nekazaritza politiken norabide aldaketa beharko genituzke urrats sendoak ematen joateko.
Pertsonalki, gazteak, emakumeak edo/eta kuadrilla bat eredu agroekologikoan hasten denean poza sentitzen dut. Alde batetik, lehenengo sektorean oro har somatzen den gizarte bakardadea txikitzen zaigulako eta beste batetik, etorkizunarekiko itxaropena areagotu egiten delako. Agroekologiak bizitzako plazer txiki handiak ematen dizkigu gainera, horietariko bat da zeure buruaren jabe zarela sentitzea askotan, eta iraunkortasunaren alde lanean ari den kolektibitate baten parte izatea.