Orain adinako aukerarik ez zegoenean batetik bestera bidaiatzeko, irudimenari hegal egiten uzten zieten. Egoeran jarri, kontestua aurkitu, eta, borondate pixka batekin, lortzen zuten beste leku batzuetara aldatzearen poztasun hori. Domingo Artzelus izeneko argazkilaria zen giro horiek sortzen abila. Domingin txikigarriaz edo Madril Txiki ezizenez ezagunagoa, herrietako festetan ibiltzen zen argazkiak ateratzen.
Astigarretako Agerretxipiberri baserrian jaio zen Domingo Artzelus, eta oso gazterik joan zen handik. Beasaingo Kale Nagusian bizi izan zen, gero Loinatz taberna egongo zen etxean. Argazkigintza estudioa kalexkan bertan, kanpoan, muntatzen zuen.
XX. mendeko lehen erdian ibili zen herririk herri, 30eko eta batez ere 40ko hamarkadetan. Paisaje, elementu edo monumentuen irudiak margotuta zeuzkaten izarak erabiltzen zituen, atzean jarri eta eszenografia apaintzeko. Bidaiatzeko modua hura zen. Ehunka argazkitan geratu dira Dominginen hegazkina, Eiffel dorrea, edo Aranjuezko lorategien eszenak –hortik Madril Txiki izengoitia–. Milaka lagun ere bai.
Lagun kuadrillak, familiak, senideak, taldeak… jartzen ziren haren kameraren aurrean, betikotzeko. Sarritan, gainera, etxe askotan Dominginek festetan ateratako argazkiak bakarrik zeuzkaten. Familia batzuen berri haren argazkien bidez soilik heldu da.
‘Su artifizialak’ ere bai
Pasadizo batzuk ere iritsi dira. Behin, Lazkaon, Francisco Areso berak konposatutako konposizio bat estreinatzen ari zen, Aresoren meza berria. Abeslari puntakoak ere ekarri zituen okasiorako. Meza bitartean, abesten eta Areso intentzio guztiarekin zuzentzen ari zela, Dominginek koruari argazkia atera zion. Flasharen distirak, nonbait, kontzentrazioa eten eta unearen handia hautsi zion Aresori. Erreta, gogor erantzun zuen: «Zer, su artifizialak?».