Aitak mimo handiz gordetzen duen Praktica zahar batetik begira hasi nintzen argazkiaren munduan murgiltzen. Harrezkero, Goierriko eta kanpoko txoko, paisaia eta tradizioen irudien bilduma osatzen jarraitzen dut, orainak eta bere protagonistak etorkizunean ere bizirik iraun dezaten.
Naturak gizakia harritzeko duen joera edo nahiaren erakusle da irudia, pasa den maiatzaren 10eko arratsaldeko ekaitzaren ostean mugikorraren kamerarekin jasoa. Ortzadar koloretsuak Beasaingo Barrendain Plaza eta inguruko arboladiaren gainetik doa hegan, hustu berri ziren lainoen soineko beltzak Txindoki eta Aralar mendilerroa ezkutatzen zuen bitartean, bizitzea tokatu zaigun garai ilun honen gainetik irribarrerik koloretsuena zabaldu nahiko balu bezala.