Txindoki eta Goierri Garaia atletismo klubetako arduradunek atletismoa sasoiko ikusten dute, garai batean baino fitxa gutxiago izan arren. Garaiak eta bizimodua aldatu egin direla diote, eta baita lan egiteko modua ere.
Txindoki eta Goierri Garaia atletismo taldeetako ordezkariek osasuntsu nabaritzen dute euren kirola. Angel Perez Pululu eta Santi Perez ordezkariek aitortu dute ez direla garai batean bezainbeste fitxa egiten, baina aurtengo kopuruekin gustura daude: 130 fitxa baino gehiago dituzten bien artean. «Iaz baino dozena bat fitxa gutxiago ditugu. Pandemia hasi zenetik ia batere ez dugu lehiatu, eta jendea uzten joan da», esan du Perezek, Goierri Garaiko ordezkariak. «Halere, jende berria ere hasi da. Urtero izaten dugu bateren bat hasi berria. Polita da, eta aurten gehiago», gaineratu du.
COVID-19aren eraginaz aparte, Pululuk, Txindoki Atletismo Taldeko ordezkariak, fitxa gutxiago izateko beste arrazoi bat bota du: «Geroz eta haur gutxiago jaiotzen da eta kirol eskaintza geroz eta handiagoa da. Ordizia da herritar bakoitzeko federatu gehien duen herria. Asko, eta oso onak. Errugbian punta-puntako taldea dugu, eta horrek erakarpen handia du gaztetxoengan; saskibaloian orain dela gutxi arte EBAn aritu dira; eta berdin futbolean, txirrindularitzan, igeriketan…».
Txindokiren erroak ordiziarrak izan arren, taldeak eskualdeko izaera duela nabarmendu du Pululuk. Goierri Garaiak Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako atletak biltzen ditu. Atletismoko hiru pista daude eskualdean: Ordiziako Altamira, Zumarragako Argixao eta Legazpiko Bikuña. Hirurak aire libreko pistak dira, nahiz eta Altamirak zuzengune nagusian hiru kale estalita dituen, erosoago entrenatu dezaten.
Korrika probetan batez ere
Lasterketetako probetan lehiatzen dira, bereziki. «Ez dugu jaurtiketarik egiteko baliabiderik, adibidez. Belardia hondatu egiten da eta Argixao Urola futbol taldearekin konpartitzen dugu. Korrikako probetara bideratzen ditugu gaztetxoak», azaldu du Perezek. Atletismoko probak bost multzo handitan banatzen dira: lasterketak, jauziak, jaurtiketak, martxa eta konbinatuak; multzo bakoitzaren barruan modalitate ezberdinak daude: luzera jauzia, altuera, jauzi hirukoitza; pisu jaurtiketa, mailua, diskoa, xabalina; abiadura probak, hesidunak, krosak… Goierritarren artean iraupeneko probak direla gustukoenak dio Pululuk, nahiz eta abiadurako probetan lehiatzen den jendea egon badagoen. «Eta oztopo-lasterketan, jauzietan, jaurtiketetan, martxan eta konbinatuetan parte hartzen duten atletak ere baditugu. Eta maila onekoak. Nora Tobarren kasua da esanguratsuena. Hamalau Espainiako txapelketatan hartu du parte, eta hamabitan podiumean amaitu du. Bere emaitzarik txarrena laugarren postua da. Baina modalitate guztietan aipatu genezake izen propioren bat », gaineratu du.
Angel Perez ‘Pululu’, Txindoki Atletismo Taldea:
«Txindoki Atletismo Taldea da ekitaldi gehien antolatzen duen Gipuzkoako kluba»
«Egunean bertan laguntzeko nahikoa jende egoten da. Aurretik falta da jendea»
Halere, bere ustez, atletismoa bakarkako kirola izanik jendeari gehiago kostatzen zaio lehiaketetan parte hartzea. Proba herrikoiek, sailkapenak garrantzi handirik ez dutenek, horregatik izaten dutela arrakasta handiagoa dio: «Edozein herritako lasterketa herrikoi batean txapelketa ofizialetan bezainbeste jende elkartzen da. Begira zenbat jende elkartzen den Behobian. Edo guk antolatzen dugun Josetxo Imazen. Iaz, pandemia zela eta, baimendutakoa baino dortsal gutxiago banatu genituen, segurtasuna are gehiago bermatzeko eta jendea etorriko zen dudak genituelako. Berehala banatu ziren dortsal guztiak». Bi kluben artean hamar proba baino gehiago antolatzen dituzte. Horiei eskualdeko beste herrietan egun berezietan egiten diren beste hainbat lasterketa gaineratu behar zaizkie. San Silbestre lasterketak, esanguratsuenak.
EAEko mitin bakarra, Ordizian
«Txindoki Atletismo Taldea da ekitaldi gehien antolatzen duen Gipuzkoako kluba: urtean krosa, pistako irekia, mitina, erakustaldia eta lasterketa herrikoia antolatzen ditugu», hasi da. «Urteak daramatzagu egitura horrekin». Pululuk nabarmendu du adin eta maila guztietako atletak biltzen dituztela hala, eskolan dabiltzanetatik beteranoenetara arte; amateurretatik goi mailakoetara. «Euskadin antolatzen den [Espainiar] estatu mailako mitin bakarra da. Hemen, Ordizian. Jose Antonio Peña Ordiziako Sari Nagusia. Euskal Herriko, Espainiako eta atzerriko atletak elkartuko dira, marka onak dituen jendea. Ordizian egindako markak ofizialak dira, eta horrek jendea erakartzen du», azaldu du. Datorren larunbatean izango da, 18:00etatik aurrera. Denera hamaika proba izango dira: emakumezkoetan 100, 400, 800, 1.500 eta pertika; eta gizonezkoetan 100, 400, 800, 1.500, 5.000 eta luzera-jauzia. Beste modalitate batzuk ere izango dira, baina txapelketatik kanpo. 200 taleta baino gehiago lehiatuko dira, denera.. «Jose Antonio Peña eskualdeko atletismoaren sustatzeile handietako bat izan zen, Josetxo Imazekin, eta Jose Manuel Caballerorekin eta Txiki Arrugaetarekin batera. Atletismoagatik dena eman zuten. Baina, zoritxarrez, laurak gazte hil ziren. Peña 2015ean hil zen, eta orduan hasi ginen sari nagusia antolatzen. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da».
«Peñak orduak eta orduak igarotzen zituen Altamiran, gazteenei laguntzen, atletismoa maite zuelako. Beste horrenbeste Imazek, Txato Caballerok eta Txikik. Jada ez da horrelako jendea gelditzen», atsekabetu da Pululu. Antolaketa lanetan buru belarri dabil azken egunetan, lanez lepo: «Egunean bertan laguntzeko nahikoa jende egoten da. Azken finean klub handia gara, jende asko igaro da hemendik, eta laguntzera etortzen dira. Aurretik falta da jendea. Klubaren egunerokoan lan egingo duen jendea behar dugu». Perezek ere bat egiten du. «Inplikazioa eskatzen du, eta hori kosta egiten da. Baina tira, ezin gara kexatu. Ongi moldatzen gara».
Protagonistek aipatutakoaren arabera, gurasoek sarri nahiago dute ordaindu eurak musutruk inplikatu baino. Alde ona eta txarra du horrek: egungo entrenatzaileak prestatuago daude, profesionalagoak dira, baina ordaindu egin behar zaie. Eta aurrekontuak mugatuak dira. Gainera, klubek eskaini ahal dituzten baldintzak ez dira onenak: orduka lan egin beharra, asteburuetan, joan etorriak… «Ez da erraza», laburbildu du Pululuk.
Udazkenari begira jarrita
Perezek espero du udazkenean berriz ere txapelketak ugaritzen hasiko direla. Eurek ere zerbait antolatzeko aukera izatea gustatuko litzaioke: «Ea Legazpiko milia egiteko modurik badugun. Irailean izaten da. Gainerako probak pasa zaizkigu», atsekabetu da. Bi mendi lasterketa, krosa, lasterketa herrikoia eta Legazpiko milia antolatzen dituzte, besteak beste. «Tira, iaz eskolen arteko lasterketa egin ahal izan genuen, pandemiaren aurretik. Zortea izan genuen», eman dio buelta.
Santi Perez, Goierri Garaia Atletismo Taldea:
«Jende berria ere hasi da. Urtero izaten dugu bateren bat hasi berria. Polita da»
«Inplikazioa eskatzen du, eta hori kosta egiten da. Baina ezin gara kexatu. Ongi moldatzen gara»
Txindoki Atletismo Klubak Josetxo Imaz memoriala antolatu zuen iaz, irailean. «Uztaila gogorra izan zen Ordiziarentzat. Lehen agerraldi masiboa izan zen, baheketak… baina abuztuan, oporrak aprobetxatuz, protokolo bat egin nuen. Jendeak alferrik izango zela esan arren, Jaurlaritzara bidali nuen, eta oniritzia eman zidaten. Lasterketa egin egin genuen, giro ederrarekin, eta ez zen ezer gertatu», oroitu du Pululuk.
Haren kezkarik handiena ea Jose Antonio Peñaren omenezko mitinean ikusleak egoteko aukerarik izango den da. Egun kirol ikuskizunetara ezin da ikuslerik sartu, baina intzidentzia 150era jaisten bada aukera hori zabaldu daiteke. «Ulertezina da egun gutxiren faltan publikoa izango dugun edo ez ezin jakitea. Halere, pandemiak zerbait ona izan badu, streaming emanaldiak areagotu egin direla izan da. Txapelketa ia gutziak ikusi daitezke orain internet bidez, eta horrek atletismoa zabaltzen lagunduko du».
Olinpiar Jokoek bultzada ematen diote atletismoari
2021.na Olinpiar urtea izango da, aro modernoko 32. olinpiadako bigarren urtea izango den arren. Uztailaren 23an hasiko dira, pandemia dela eta urtebeteko atzerapenarekin. Santi Perezek eta Angel Perez Pululuk itxaronaldiak mereziko duela uste dute, atletek goi mailako ikuskizuna eskainiko dutelakoan.
Usain Boltek, azken urteetako atletismoko izarrik handienak, ez du parte hartuko. Atzetik badatoz gazteak, baina inork ez du lortu oraingoz jamaikarraren sona. «Erreferenteak ezinbestekoak dira, eta Olinpiar Jokoek ikusgarritasun eta erreferente horiek eskaintzen dituzte. Lau urtetan atletismoa ikusten ez duen jendea erakartzeko ahalmena dute. Gainera, atletismoa Olinpiar Jokoetako proba nagusienetako bat da, igeriketarekin batera», azpimarratu du Pululuk. «Halako kirol bilkura handiek motibatu egiten dute. Gaztetxoak entzuten ditut ‘hau joango da’, ‘hau sasoiko dago’… atletismoa jarraitzen du jendeak. Dena ez da futbola», gaineratu du Perezek.
Pululuk uste du Espainiako selekzioak lan txukuna egin dezakeela. Euskal Herritarrek ere badute joateko aukerarik. «Espainiako atletarik onena Eibarko mutil bat da: Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea. Agian ez da Tokiora joango, baina komunikabideetan agertzen denez, gaztetxoek ikusi egiten dute eta bateren batzuk animatu ere egingo dira». «Goierrin ere izan ditugu halako erreferente indartsuak. Alazne Furundarena, esaterako. Gipuzkoako 100 eta 200 metroko errekorraren jabea da oraindik, eta Espainiako txapeldun izandakoa da».
Etorkizunean goierritar bat Olinpiar Jokoetan lehian ikustea lorpen handia litzateke. Harrobia egonik, denbora kontua da goi mailako atletak irtetea. Agian ez da asko itxaron beharrik egongo, gazteak indartsu datoz eta. Bitartean, atletismoarekin gozatu dezatela eta ikusleek, euren ahaleginarekin.
Goierriko egutegia
Pandemiak atletismoko egutegia ia ezerezera mugatu du. Itzultzeko prest daude. Goierrin urte osoko egutegia antolatzen da, era askotako probekin.
- Jose Antonio Peña sari nagusia. Hitzordurik garrantzitsuena da. Goi mailako atletak elkartzen dira. Aurten, 200 baino gehiago izango dira. Ekainaren 19an, 18:00etatik aurrera, Altamiran.
- Probak. Denera 11 proba izango dira: emakumezkoetan 100, 400, 800, 1.500 eta pertika; eta gizonezkoetan 100, 400, 800, 1.500, 5.000 eta luzera-jauzia. Beste modalitate batzuk ere izango dira, baina txapelketatik kanpo.
- Urte osoko egutegia. Txindoki eta Goierri Garaia atletismo kluben artean hamar proba baino gehiago antolatzen dituzte. Gainera, egun berezietan, San Silbestreetan, esaterako, hainbat lasterketa herrikoi antolatzen dira.