Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Umetan izan genuen bizilagun gerezizalearekin akordatzen naiz: arbolara igota, gerezi jan mundialak egiten zituen sobra ere, eta, gero, tripakada gozoaren ondotik beherakoa etortzen baldin bazitzaion, zuhaitz txanogorritsutik jaitsi ere egin gabe, lasakapoto halakoak prakak askatu, adarretatik egin beharrekoa egin, eta mokoka jarraituko zuen, zozo gozozaleak nola. Dena dela, arbolatik gorputzaldi onarekin jaitsiz gero, gereziondopean bertan hartuko zuen geriza, hantxe egingo zuen lo-susta.
Baina Manuel Rivasek jasotako pasadizo batekin ere akordatzen naiz: goizean, bikote bat gosaltzen ari dela, mutilak gerezi bat eskaini dio neskari, urteko lehendabizikoa; begi beroekin, bekatu begiekin begiratu bitartean, neskak bere egin du gereziaren haragia eta, gozagarria desegindakoan, agur musu bat eman dio mutilari, eta, musuarekin batera, gereziaren hezurra; mutilak egun osoan ibili du ahoan, neska gogoan, hortzen teklatuan hezurrarekin musika eginez, eta hura gauean itzuli zaionean, honela esan dio: «Badaukat zuretzat zerbait, matte». Eta haren ahoan lehen gereziaren hezurra utzi du.
Baina bizilagunarekin eta bikote maiteminduarekin bezala, gerra bukaerako pasadizo batekin ere akordatzen naiz. Sobra ere, II. Mundu Gerraren akaberan, Mervin Willett Gonin teniente koronelak Bergen-Belseneko kontzentrazio zelaia askatzen lagundu zuen, eta bere egunerokoan ezin hobeto jaso zuen zer izan zen bertako emakume presoentzat ezpainetako bat jasotzea: «Gurutze Gorri Britaniarra iritsi, eta, handik gutxira, hara non ezpainlapitz mordoa iritsi zen. Ez genuen halakorik nahi, bestelako gauza pila eskatzen ari ginen, baina, ez jakin nondik nora, bakarren batek ezpainetako barrak eskatu zituen. Eta nik jakin egin nahi, izan ere keinu hura jeinu batena izan baitzen, albisterik bikainena. Ziur nago atxilotuei ezerk ezin ziela hobeto lagundu. Emakumeak izara gabeko oheetan etzanda zeuden, kamisoirik gabe, baina ezpainak bizi-bizi gorriztatuak; edo hara-honaka ikusten genituen, noraezean, trakets, mamuen pare, baina ezpain gorriminekin. Mahai post mortem batean, emakume bat hilik zetzan, baina artean ezpainetako zatitxo bati eusten zion. Azken batean, ez jakin nondik nora, bakarren batek emakume etsituei berriro itzuli zien pertsonen duintasuna, nor izatera iritsi ziren, atzera, besoan tatuatua zeukaten zenbaki hutsetik harago. Nola edo hala, berriro hasi ziren itxuraz arduratzen. Ezpainetako haiek gizatasuna itzultzen lagundu zieten».
Bateko zein besteko gerezi edo anpolaiekin akordaturik, pentsatzen dut aurten ere Etxaurira edo Milagrora joan beharrean nagoela, edo Jertera, edo Gredosera, nire egunerokotasuna pinporta gorriz koloreztatzera, bizipoza bilatzera.