Lanbidez kazetaria, 2017. urtetik EH Bilduko zuzendari nagusia da Garikoitz Mujika (Idiazabal, 1982). EH Bilduk 10 urte bete berri ditu, eta koalizioak sorreratik izan duen bilakaeraren, egungo egoeraren eta etorkizuneko erronkez mintzatu da Mujika, besteak beste.
Zer martxa azken hilabeteotan?
Lan askorekin! Bukatu dugu EH Bilduren kongresu orokorra, eta orain, herrialde eta herrietako arduradunak hautatzen gabiltza. Ikasturte politikoa ere prestatzen ari gara.
Familia handi horretan, pixuzko kargua duzu. Hamar urte bete berritan zer moduzko osasuna du EH Bilduk?
Bide onetik goazela uste dut. Kontsolidatzen ari gara indar politiko gisa. 10 urteotan, bilakaera desberdinak izan ditugu. Hauteskunde ziklo bati erantzuteko, testuinguru politiko zehatz batetan sortu zen Bildu, koalizio huts bezala. Lanketa batzuk ere egon ziren, ezker abertzaleak bere baitan hartu zuen eztabaidarekin oso lotuak. Eusko Alkartasunarekin batera egin zen akordioa, Alternatiba ere sartu zen… Ikusten zen, Euskal Herrian ziklo politiko berri bat: Aieteko konferentzia, ETAren ekintzen geldiaraztea…
Ondoren ere, bilakaerak jarraitu zuen. Garrantzitsua zen, guk zer izan nahi genuen; EH Bildu erreminta politiko-estrategiko bat bezala, ez bakarrik indar politiko bat bezala, ez garelako alderdi soil bezala definitzen, sujeto integral bat izan nahi genuen, ez bakarrik hauteskundeetara begira.
2017an Baluarten egin zen kongresuan gertatu zen hori.
Bai, hala da! Alderdiak parte izanik, beren soberaniaren zati bat eman edo esleitu zuten, sujeto propio bat sortzeko, gure espazio politiko organiko eta demokratiko, militantzia, estruktura, zuzendaritza, eta eremu propioak izango zituena, eta erabakiak hartuko zituena.
Azkeneko lau urteetan ibili gara atal organizatibo guztia garatzen, eta ildo politikoa jarraitzen. Eta bitartean, ziklo elektoral ezberdinei ere aurre egin behar izan diegu, eta oso joan da; Madrilen ordezkaritza lortu dugu inoizko emaitza onenekin, autonomikoetan ere, indar politiko bezala etengabe gorantz ari gara, eta eta zabalkundean gaude.
10 urte baino ez izan da kongresuaren leloa, etorkizunean jarriz begirada. Zeintzuk dira erronka nagusiak?
EH Bildu ez da soilik gobernu bokazioa daukan indar bat, baizik eta estatu bokazioa daukana, eta gure proiektu politikoa, Euskal Herri aske bat izatea den heinean, horri begirako definizio eta ildo programatikoak garatu behar ditugu, maila askoz ere handiagoan.
Hala, erronka bat da, alternatiba politiko bat izatea, eta anbizio handiko partida bat jokatzea. Horri erantzuteko, ekipo bat sortu dugu; jende prestatuarekin, beste maila bateko baliabideekin eta programarekin… Baina batik bat, militante politikoak gara. Ez gara profesionalki politikagintzara lanera etorri. Proiektu politiko batera atxikita, borondate eta nahi guztiarekin zerbitzua ematera etorri garen pertsonak gara.
Eskuina eta eskuin muturra indarrean daude Europan. Zein da zuek egiten duzuen irakurketa?
Gelditzeko etorri den ziurgabetasunezko testuinguru politikoa dago Espainiar eta Frantziar estatuetan. Begira bestela, estatu frantziarra euskara nola ari den kolpatzen. Hori ez da zerbait isolatua. Eskuina, eta eskuin muturra gehiago, Europan eta toki guztietan populismoa oso indartsu eta inongo lotsarik gabe erakusten ari da. Zer esanik ez Espainian. Eta euskaldun bezala, badugu esperientzia historiko handia, zer etor dakiguken aurreikusteko.
Guk argi daukagu, horri guztiari, pareta bat jarri behar zaiola, eta horretarako ezinbestekoa dela Madrilen jokatzen ari garen partidaz harago, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako lanketa bat egin behar dela, eta hemen ere gure prozesu propioa ondo jostea lortu behar dugula.
Eta pandemiaz?
Hori ere ziurgabetasun horren erakusle da, eta erakutsi digu ezin zaiela erronka politikoei, herri bezala ditugun erronke zein beste erronka zehatz eta indibidualei errezeta zaharrekin erantzun, nahiz eta batzuen tendentzia hori izan, egoera igualtxuetara edo okerragoetara emango gaituelako. Krisi demografikoa ere ezin dugu alderatu. Ezta trantsizio energetikoa ere. Euskal Herrian ez gara energetikoki burujabeak, eta horrek ere eskatzen digu aldarrikapen hutsetik egin beharretara igarotzea, modu azkar batean esanda.
«EH Bildu alternatiba politiko bat izatea, eta anbizio handiko partida bat jokatzea da erronka nagusienetako bat»
«Erantzukizun eta ardura sentimendua beti ditut presente, umiltasuna ere bai, hanka sartzea ere posible izaten baita»
Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusi karguan berretsi dute bigarren kongresu honetan. Indartuta atera da?
Bai, dudarik gabe! Lau urteren ostean, hor daude eman ditugun jauzi guztiak, ez soilik lan elektoralean, botereguneetan… Lortu ditugu akordio estrategikoak Kataluniako indar politikoekin, eta horrek eragina izan du. Bestalde esan nahiko nuke, oraingoan ere, Otegik lideratu duela hautagaitza, baina 2017ko kongresuarekin alderatuz, gaur egungo zuzendaritza berrirako zortziko plantxa aurreko zuzendaritzak aho batez onartu eta proposatu duela. EH Bildu geroz eta indar kohesionatuagoa denaren adierazle da hori.
Baina, EH Bildun Sortuk duen indarra kritikatzen duten barne ahotsak ere badaude, ala?
Kritikarik ez dugu kamusten, hau etxe oso handia eta zabala da, baina esango nuke, koalizioaren barruan baino, koalizioa osatzen duen alderdi zehatz batek dituen arazoen ondorioak direla egon diren posizionamendu publiko batzuk. EAren barruan dute gatazka.
EH Bildun, alderdi guztiek parte hartu dute; EAk ere parte hartu du, eta bere egin du zortzikoaren plantxa. Hortaz, komunikabide batzuk trasladatu duten gutxi batzuen ikuspegia da hori, eta zilegi da, baina, ez dio erantzuten EH Bildun daukagun atmosferari eta errealitate politikoari, inondik inora.
Alderdi pertsonalagora joz, 2017an izendatu zintuzten EH Bilduko zuzendari nagusi. Nola bizi duzu?
Erronka zalea naiz. Lehendik ere banentorren erronka potenteetatik, nagusiena, 2011an Donostiako udaletxean alkatetza hartzeko aukera izan genuenean. Alkatearen ondoko, gabineteburu bezala jardun nuen. EH Bilduren prozesu guztia ere bizi izan dut, 2015ean sartu nintzen Bilduko mahai nazionala dinamizatzera, eta hor bai, bultzatu nuen, hain juxtu, prozesu bat martxan jartzea, ia bi urte iraun zuena, eta 2017ko kongresuarekin amaitu zena. Eta orain, zama handiagoarekin bai, beste liga batean jokatzen ari garelako; Madrilen, besteak beste.
Bidea ez da erraza izan, baina pozik nago eta merezi du, zalantzarik gabe! Zeren proiektu politiko bati atxikia nago, konbentzimendu eta determinazio guztiarekin, eta horrek eta gure komunitateak ematen didate jarraitzeko gasolina. Erantzukizun eta ardura sentimendua beti ditut presente, baita umiltasuna ere, hanka sartzea ere oso posible izaten baita.
Ander Rodriguezek utzitakoa tokia ere betetzen ari zara Gasteizko legebiltzarrean. Kargu horretan lehen idiazabaldarra zara.
Hala da! Hamargarren joan nintzen zerrendetan, eta Anderrek utzi behar izan duenez, ni sartu naiz. Beraz, bai, parlamentaria ere banaiz, baina tira, nik nagusiki jarraituko dut EH Bilduren koordinazio lanetan. Eta ez naiz politikan lehen idiazabaldarra izango, baina bai parlamentari ariketan.
Zer da zuretzat proiektu honen parte izatea?
Ohore bat! Erantzukizuna eta ardura da bai, baina, ariketa kolektibo eta ilusionante honen parte izatea hasieratik, eta ez edonolako parte hartzearekin gainera, ohore bat da.