Bertso eskoletatik eta gazteentzako txapelketatik plazara jauzia egitea. Hori da Zapla ekimenaren asmoa. Bertsolari gazteei plazak eta eskarmentua ematen laguntzeko asmoz sortu dute, eta denera, sei saio egingo dituzte Gipuzkoan barrena. Aurreneko biak, Eskoriatzakoa eta Azkoitikoa, egin dituzte dagoeneko. Bihar Hernanin ariko dira, eta gaur zortzi, Zarautzen. Goierriko bi saioak azkenerako utzi dituzte. Saio guztietan, hiru bertsolari hasiberri eta esperientzia gehiago duen bat elkartuko dituzte.
Legazpi eta Beasain izan dira hautatutako herriak. Hilaren 25ean egingo dute aurrenekoa, Agirre-Etxeberri parkean. Saio musikatua izango da, gainera. Bertan, Uxue Alkorta, Maddi Aiestaran, Julene Iturbe eta Ane Labaka bertsolariek parte hartuko dute. Beasaingo saioa, uztailaren 2an izango da, Igartzako jauregian. Bertso-trama egingo dute, Uxue Alkorta, Haizea Arana, Iker Ormazabal eta Nerea Elustondo bertsolariekin. Bi saioetarako gonbidapenak, bertsozale.eus webgunean sartuta eskatu behar dira.
Beasaingo Trans Zikloa
Zapla egitarauaz gain, bertsolaritzarekin lotutako beste hitzordu bat ere izango da hil honetan. Beasaingo Trans Zikloaren barruan, bertso-trans saioa egingo dute, 27an, Igartzako jauregian. Alaia Martin, Uxue Alberdi, Maddi Aiestaran, Maider Arregi eta Jon Martin ariko dira bertsotan, eta Amaia Agirre, gai jartzaile lanetan.