Datorren urtean ehun urte izango dira Ordiziako Proba txirrindulari lasterketa lehenbiziko aldiz jokatu zenetik. 1922an izan zen lehenengo karrera. 1936 eta 1937 gerra-urteetan izan ezik, etenik gabe jarraitzea lortu duten gutxietakoa da Goierriko klasiko hori. Baina 1920ko hamarkadan, herri askotan hasi ziren halako bizikleta probak antolatzen. Ormaiztegin, adibidez.
1930ean, esaterako, V. Ormaiztegi Proba egin zuten, ekainaren 24an, herriko kirolzaleek antolatuta eta udalaren babesarekin. Txirrindulari amateurrentzako zen. Sariak, irabazlearentzat 50 pezeta, eta hurrengoentzat 35, 25 eta 15 pezeta. Zapata pare batek 40 pezeta balio zuen orduan, eta karreran izena emateak 2,50.
Urte hartan 46 kilometro ibilbidea prestatu zuten: Ormaiztegin udaletxe paretik abiatu, Zumarragara igo Eitzagan gora, Urretxun buelta hartu, atzera Ormaiztegitik igaro, eta Legorretaraino joan-etorria. Aurreko egunetan, garai hartako prentsa oso hauspo-emailea zela kontuan izanda ere, «egundoko irrika» zegoen karrerarako.
Antza denez, Espainiako Txirrindularitza Federazioak (Union Velocipedica Española deitua orduan), profesional hasi berrientzat zuzendutako lasterketaren baimena kendu zien ormaiztegiarrei, hasieran hala hitzartu arren, «egun berean Eibarresa Sari Nagusia ere bazelako». Handienak irabazten zuen duela 90 urte ere.
Hala, ahalik eta ziklista gehien inguratzeko, opari eta sari ugari bildu zituzten. Ondoen sailkatzen ziren herri bereko hiru ziklistentzat zilarrezko kopa bat jarri zuten, herriko lehenengoarentzat diru saria, bainuetxeko udatiarrek ordulari bat eman zuten saritzat, partikularrek eskupeko batzuk, pasatu ziren herrietako udalenak… Edozeinek eman zezakeen oparia: «Hiru iraultzailek» 5 pezeta ipini zuten. Eta edozertarako: herriko azkenak ere 5 pezeta jasoko zuen. 35 txirrindulari bildu ziren.
Oñatiarrak onenak
Ibilbideko epaileak hauek izan ziren: German Campos, Gregorio Telleria, F.Irizar, Ignacio Intxausti, Juan Mari Intxausti, Baltasar Mantzisidor eta A. Irizar. Kronometratzailea, A. Campos. Medikuak, Roberto Esnaola eta Manuel Canellas. Ez zen antolakuntza makala.
1930eko Ormaiztegiko Proba Doroteo Aiastui oñatiarrak irabazi zuen (1:16:12), bigarren Hilario Goia gabiriarra, eta hirugarren Pedro Gorostidi eibartarra. 32 iritsi ziren helmugara. Taldeka Oñati garaile, eta lehen ormaiztegiarra A. Garmendia eta bigarrena J.M. Agirrebengoa izan ziren.