Josune Gil • Ezkerreko eserlekutik
Eustatetik ateratako datuen arabera, Goierriko biztanle guztien %11,23 atzerrian jaiotako pertsonak dira, 68.720 goierritar ingurutik 7.720, kontutan izan gabe modu irregularrean gure artean bizi direnak. Asko bakarrik etortzen dira, familia atzean utzita. Zenbaitek biolentzia eta pobrezia utzi dute jaioterrian. Batzuek Ceutara iritsi berri diren horien bide berbera egin dute. Beste askok okerragoak ikusi dituzte, adibidez, Kanarietako itsasbide hilgarri hori gurutzatuz.
AEBetan beltz eta latinoamerikarrekin gertatzen den bezala, gure artean ere kolektibo horiek sufritzen duten berdintasun faltan eragina izan du koronabirusaren krisiak. Laneko arriskuak, etxebizitzetan ematen diren pilaketak eta osasun publikoko zerbitzuetan sartzeko zailtasunak arrisku-talde bihurtzen dituzte migratzaileak, bizi duten pobrezia-maila handiari eta zenbaitetan harrera-komunitateetan sufritu behar dituzten eraso xenofobo eta mespretxuei gehituta.
Gure agureak zaintzen dituztenak, fruta-bilketa denboraldietan baldintza latzetan lan egiten dutenak, kalez kaleko saltzaileak, Internet bidez egiten ditugun erosketak etxera ekartzen dizkigutenak, finean, askotan guk baztertzen ditugun enpleguetan lan egiten duten horiek dira. Gutxienez, gure harrera eta errespetua merezi dutenak.