Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Uharte Donibanekoa 1529 eta 1588 tartean bizi izan zen. Badirudi ordurako zientziaren aire ufada berriak iristen ari zirela gure herrialdeetara. Beste askoren artean Uharteren gogoeta bitxi eta sakon batean erreparatu nahi nuke, ia 500 urte geroago zentzu guztia izaten jarraitzen duelako. Bere iritzian zientzian bi jarrera nagusi egoten dira. Bata ardiarena, mantsoaren hanka-arrastoetatik behin ere irtetzen ez dena, eta beti ere biderik gabeko bazter bakartietan ibiltzea ausartzen ez dena. Alderantziz, ondo zapaldutako bide-zidorretan dabilena, eta batez ere aurretik norbait daukala joan ohi dena.
Bestea ahuntzarena da, zerbait berriaren bila puntarik punta dabilena. Toskanar hizkuntzan, ibiltzeko eta larrean aritzeko eran ahuntzarekiko daukaten parekotasunagatik asmamen handiko pertsonei caprichosos deitzen omen diete. Ahuntza ez da sekula lur lauetan egonean egoten, alderantziz, gehienetan harkaitz eta toki garaietan bakarrik ibiltzea gogokoa izaten du. Baita sakonera handiko eremuetan murgiltzea ere, inongo bidexkarik jarraitu gabe, ezta inguruan lagunik izanda ere. Buru ondo antolatu eta ausart bat daukanean aurkitzen omen da horrelako gaitasuna abere-arrazionalean. Egitasmoa arrisku handikoa izan daiteke, baina esploratzaileak burutsua izan behar omen du.
Hitz hauek zientziaren eremuan kokatu zituen gure pentsalariak, baina gizarte osora ere egokitu daitezke. Ez da kasualitatea, garai haietan nagusia zen ideologiak Artzain ona eta bere artaldearen metafora erabiltzen zuen herria mantsotzeko. Baina gizon-emakume batzuen jakin-mina bizitza material, sozial eta kulturalaren ezagutza sortzen hasia zen eta mendeak iraun zuen eta irauten duen gatazka gogorra abiatu zuten. Gero beste ideologia batzuk garatu eta nagusitu dira. Hasieran eraldatzaileak, gero beraien ordena mantentzearen aldekoak.
Dagoen egoeratan eroso sentitzen ez direnak, errealitatea sakonki ezagutu eta ulertu nahi dutenak, lurralde eta zeruertz berriak ezagutu, kritika oinarrituak bideratu eta ekintzaileak direnak beti tentsioak sortu dituzte eta sortzen dituzte herrialdeetan, enpresetan, giza komunitateetan eta edonolako erakundeetan. Ordena zaleak, aurretik jorratutako bideen jarraitzaileak eta dagoena ustiatzen ondo sentitzen direnak arriskutsu eta aurkari bezala jotzen dituzten bitartean, batipat ideologia nagusiei eta intelektual organikoei zirrikituak azaldu eta beste aukera posibleak badirela aitortzerakoan.
Ahal dugun heinean segurtasuna eta babesa lortzea da gizon-emakumeon funtsezko joera, arriskuak eta ezustekoak saihestuz. Baina historiak azaltzen digun bezala ahuntzaren jarrerak beharrezkoak izan dira garapenerako eta eraberritzerako. Egun ere, inoiz baino gehiago, haiek bezala atsedenik hartu gabe dena ipurtarin irtenbide berrien bila ibiltzea ezinbestekoa da.
Inoiz ere atsedenik ez inolako begiratze hutsetan, dena da gauza berrien bila, jakin eta ulertzeko, ibiltzea ipurtarin.