Ez da erraza Goierrin artearekin topo egitea. Ataun aldera joanez gero, bai; han artadi zabalak ia nonahi. Izan ere, Quercus ilex espezieaz ari baikara. Artea Mediterraneo aldeko klima lehorrean arbola nagusia den bezala, gurean ez da edozein tokitan ageri. Badirudi, noizbait ere –berarentzako aproposagoa zen klima egoera bat izan zen batean, beharbada– artadiak iparralderantz zabaltzera egin ahal izan zuela. Orduz geroztik, Kantauri isurialdeko lurretan ere ez da falta. Seguruenera, giza eraginak ere izan du zerikusia artadiak horrela irauteko. Arte egurra ikatza egiteko lehengai oso egokia izanik, burdinoletako eskaria asetzeko erabili ohi zen, beste arbola batzuena bezalaxe; horregatik, ondo kasu egin behar zitzaion.
Arteak egutera du nahiago eta leku lehorrak; kareharrizko inguru aldapatsuetan ederki moldatzen da. Gure garaira arte iritsi diren artadiak horrelako lekuetan daude. Gipuzkoa osoari begiratuta, artadi zabalenak Udalatx eta Arno mendien inguruetan daude. Eta Ataun aldean, esan bezala. Baina artikulu honen asmoa artearen lurreko zuztarrak nolakoak diren ikustea ez, baizik beraren izena gure hizkuntza ondarean nola sustraitu den ikustea da; eta hori leku izenetan ikusten da, jakina. Esandakoak esanda, garbi dago aurren-aurrena Ataungo eremuari begiratu beharko diogula. Juan Arin Dorronsorok jasotako izenen artean ez da falta ‘arte’ osagaiaren gainean osatutakorik. Batzuetan, beste izen bat duen lekuaren izaera azaltzeko: ‘Aringo artadia’. Eta beste batzuetan leku izenaren osagai espezifiko gisa erabiltzeko. Horrelako mordoxka bat bada: Artetako hegia, Artadia, Artadibarrena, Artadipuntea, Artadizearra, Artaditxulo…
Izena, jatorriaren adierazle
Ataunen, beraz, hainbesteko artadiak izanda, ez da harritzekoa horrelako izenak egotea. Baina Goierri aldean, beste leku batzuetan ere baditugu antzeko izenak… nahiz eta gaurko egunean inguru horietan arte alerik ikusi ez. Toponimiak ez du beti begien aurrean ikusten dugun hori adierazten; izena osatu zenean leku hori nolakoa zen edota, gutxienez, ordukoen begietara leku horri zer zeritzoten erakusten dute. Hori horrela, interesgarria da leku izenak nola eratu ziren eta zer esan nahi duten ikustea; nondik edo handik, gure historiaren berri emango digute.
Ez da beti kontu segurua ‘art-’ osagaia duten izenak ‘arte’-tik etorriak izatea; izan litezke beste izen batzuen ondoriozkoak ere: ‘arto’, ‘ardi’, ‘(bi)tarte’. Nolanahi ere, badirudi batzuetan ez dagoela zalantzarik.
Baina artadi diren edo –landaredi potentzialaren mapen arabera– izateko modukoak diren beste leku batzuetan ez da horrelako izenik sortu. Urtsuarango bailaran bada horrelako gune txiki bat eta beste bat, askoz zabalagoa, Gabiriako gaineran; han etxe berri batek hartu dio izena inguruaren ezaugarri horri: “Arteta”.
Ondorio gisa, esango genuke, Ataun aldea kenduta, ‘arte’-ak ez duela zuztar oso sakonik hartu Goierrin eta eman dituen formak ere ez direla bi edo hiru baino askoz gehiago izan. Baina sustraitu den lekuetan adierazgarria dugu beraren arrastoa.
Eta, besterik ezean, hor dugu Goierriko herrigune batzuetan dauden arte ederrak ikusteko aukera ere. Altzagako plazan dago bat, aspaldikoa eta bikaina; Zeraingoan, lehenagokoaren ordez orain urte batzuk aldatutako gazte liraina; Idiazabalgo eliz aurrean ere bai beste bat, berria.