Ataungo domoaren Ikarandietako paretari itzulia emanez, eta Aitzartea eta kanpoaldea bistaratuz bi ordutan egiteko moduko bira da Olatakoa. Ataungo basorik aberatsenetakoa dago bidean, artadia.
Bide, zoko eta baso faltarik ez du Ataunek 58 kilometro koadroko luze-zabalean. Hamaika dira udalerrian sakabanatutako auzoetatik egin daitezkeen ibilbideak. Udalerriaren azaleraren hiru laurdena Aralar natur parkearen barrenean dago, eta erdia Europako intereseko habitat moduan izendatua. Tartean, Ibiltari honetako Olatako biran zeharkatzen den artadia. Bi ordu eskasean osatzen da sei kilometro pasako ibilbidea, Ataungo kondaira askoren lekuko izan diren parajeetan. Biderako hiru gidariak ere, apartak: Jexux Aizpurua, Joxe Begiristain eta Ion Fontenla.
Bittor eta Urbieta jatetxeen ondoko Iztartoko bidegurutzea du abiapuntu ibilbideak. Abiatu eta berehala, Indarretxe eta Irubide arteko bidezidorra hartu beharra dago eskuinetara, arrasto zuri-horiei segiz. Hamar minutuan Agerreaundi eta Agerretxiki baserrietara iristen da (267 metro). Eta hemen eguneko lehen kondaira, Urrezko izara eta Agerreko madarikazioarena. Luze joko luke lerrootan kondaira osoa hitzez hitz azaltzea. Kontua, ordura arte karta-jokoan aritzen ziren Agerrekoek eta Jentilbaratzeko jentilek etsai bukatu zutela. Agerre Agerre zen bitartean etxe hartan ez zela eririk edo besamotzik faltako egin zuten birao jentilek.
Artadia eta kobazulo eremua
Bideari jarraituz Iran baserria azalduko da hurrena, eta arrasto zuri-horiak ezkerretara utziz eta gora eginez Urrestarazugarakoa (Ustatxo, 328 metro), Urrestarazu abizenaren sorlekua. Langa bat igaro, zelai bideari segi eta artadian barneratuko da oinezkoa. Ustatxoaitz aldera eginez gero, Usategiko koba bisita daiteke, baina ez da hori eguneko helburua. Artadian irekitzen den bidezidorrean gora egin behar da ordu erdian Olatalepoko begiratokira iristeko. Leku egutera da artadia, eguzki berotan izerditu ederra hartzeko tokia. Eta ez ohiko basoa gurean, mediterranear isuriko landarea baita.
Juan Arin Dorronsorok 315 koba katalogatu zituen, eta haizpe horretan 40ren bat koba egon badaudela nabarmendu du Fontenlak, eta katalogo horri gehitu beharreko gehiago ere aurkitu dituztela azken urteetan, hartzen hezurrak dituztenak tartean. Artadiko bidezidorretik ezkerrera hamarren bat metro desbideratu, eta Leizetako leizezuloa ezagutzeko aukera izango dute ibiltariek. Atzera bideari helduz, eta Olatako gainera iritsi aurretik, Aizpuruak bigarren kondaira bati egin dio aipamena: Jentilek Artzate baserriko arrauka desegin zutenekoa. «Artzate baserrikoak arrauka osatzen ari omen ziren karea egin ahal izateko. Iruzuloetako gainetik jentilak oihuka hasi zitzaizkien, eta behetik honela esan omen zieten: ‘Hobe zenukete, horrela aritu ordez, jaitsi eta lagunduko bazenukete’. Jentilek, hori entzutean, hartu omen zuten berealdiko mailo bat, behera bota eta arrauka guztia deseginda utzi omen zuten».
Konturatzerako, eta bidezidorra ezkerrera utziz iristen da ibilbideko puntu gorenera, Olatako begiratokira, Aitzarte izeneko eremuan (515 metro). Ertzilegi eta Aitzio baserriak parez pare ikusten dira gain hartatik, eta urrunean Agaotz eta Arastortzeko gainak. Eta oinpean, amildegia.
Ikarandietako bidetik itzulera
Artzateaitzen (649 metro) barrenean pasabide estu batetik igaro ondoren, Bedama baserrira iristen da bost minutuan. Basoa eta paisaia erabat aldatzen da. Baserria pasa, eta pistan 300 metro eginez, ezkerrera egin behar da. Bistan dira berriz arrasto zuri-horiak. Pinudian behera Ikarandietako bideari (Itaundieta) heldu behar zaio Urdarano baserria helburu dela. Ezkerretara Loibideko mailoak (Loibe, 626 metro) eta eskubitara Jentilbaratza. Bide dotorea da Ikarandietakoa, basoaren itzalpean gozo egiten dena. Izenaren jatorriak, akaso, bidea egin zutenen sentsazio lekarke gogora, amildegiaren gainean egina baitago.
Urdarano baserriaren ezkerretik behera doan xendari jarraitu behar zaio –ez dago ikusten erraza–, handik Iran baserrira heltzeko. Hortik aurrera gorantz egindakoa beherantz egitea besterik ez da falta San Martin auzoaren ikuspegia parez pare dela.
Kontuan hartzeko
- Agerreaundiko kablea. Agerreaundi baserriaren atarian kablea ikus daiteke, belarra nahiz egurra zelai aldapatsuetatik herrira garraiatzeko tramankulua. Ataunen antzeko 197 kable daude katalogatuta.
- Usategiko koba. Urrestarazugarakoa baserriaren gainaldean dago Usategiko koba, duela 27.000 urteko gizakiaren aztarnak aurkitu ziren tokia. Goierriko aztarnategirik zaharrenetarikoa da. Hara joateko kontagai den bidetik desbideratu beharra dago.
- Artadia, ez ohiko basoa. Gipuzkoa barrualdeko artadirik bakanetakoa da Ataungo artadia. Mediterranear basoak dira, eta horregatik, Gipuzkoan, lur lehorrenetan agertzen da, kareharrizko lorzuro trinkoetan. Eremu horietan, euri asko eginagatik, urak beherahala egiten du ihes, bai azaletik, baita lurpetik ere.
- Kondairak ezagutzeko. Turismo informazioa ez ezik, mitologia guneak eta kondairak jasotzen dituen webgune bat badute Ataunen: ataunturismoa.eus. Ibilbide mitologikoetako kondairak nahiz herrian jasotakoak irakur daitezke.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Bi ordu
- Luzera: 6,79 kilometro
- Desnibel metatua: 668 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza